Donald Trump berretsi dute errepublikanoek Etxe Zurirako hautagai gisa

Alderdiko ia delegatu guztien oniritzia lortu du hautagaiak. Errepublikanoek azaroaren 5eko hauteskundeak irabaziz gero, J. D. Vance izango da presidenteordea.

Donald Trump eta J. D. Vance aurrez aurre Alderdi Errepublikanoaren kongresuan, bart, Milwaukeen. ALLISON DINNER / EFE
Donald Trump eta J. D. Vance aurrez aurre, Alderdi Errepublikanoaren kongresuan, bart, Milwaukeen. ALLISON DINNER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 16a
12:25
Entzun

Aurreko larunbateko atentatuaren ondorioz, Donald Trump eskuineko belarria bendekin estalia duela agertu da Alderdi Errepublikanoaren konbentzioan, bart. Kongresu horretan, alderdiko delegatuek berretsi dute 2017tik 2021era bitarte AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente izandakoa aurkeztuko dela azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetara Alderdi Errepublikanoaren hautagai gisa. Albisteak ez du inor ezustean hartu. Izan ere, errepublikanoen izenean Etxe Zurirako lehiara heldu ahal izateko, alderdiko 1.215 delegaturen babesa behar da gutxienez, eta Trump 2.268ren oniritziarekin heldu zen atzo Milwaukeera (AEB) —han ari dira kongresua egiten, atzo hasi eta ostegunera bitarte—. Azkenean, baina, 2.400 delegatutik 2.387ren botoak lortu ditu.

Pozik eta ukabila airean duela —tiro egin osteko irudian bezala— ospatu du presidente ohiak errepublikanoen erabakia, adierazpen publikorik egin gabe, horiek ostegunerako utziko baititu. Are gehiago, kongresuan hartu beharreko erabakiei dagokienez bart egin duen adierazpen bakarra Truth Social sare sozialaren bidez egin du, kongresua hasi eta gutxira. Hala ere, Trumpi oniritzia eman aurretik, erabaki garrantzitsu bat hartzeko zegoen oraindik: Trumpek hauteskundeak irabaziz gero nor izango den presidenteorde. Presidente ohiak ez zuen izenik proposatu kongresuaren aurretik; bart, ordea, Truth Socialeko mezua erabili du bere proposamena egiteko: J. D. Vance.

Trumpek proposatu, eta errepublikanoek onartu. Presidentegaiarekin egin gisan, Vance ere ia aho batez onartu dute delegatuek. Vance (39 urte) Ohioko senataria da, eta Trumpen sokakoa. Are gehiago, AEBetako presidente —eta, ezustekorik ezean, Alderdi Demokrataren hautagai— Joe Bidenek «Trumpen klon» gisa definitu du. Vance iazko urtarrilean heldu zen Senatura; eta, hasieran presidente ohiarekin kritiko agertu zen arren, azken hilabeteetan adierazi du bat egiten duela Trumpen ideiekin. Militar ohia da Vance, 2003an Irakeko gerran aritua, eta gaur egun, Ohioko senataria.

«[Vancek] Trumpi dion leialtasuna gure demokraziaren eta herriaren oinarrizko eskubideen gainetik jarriko du»

MARIA TERESA KUMARVoto Latino erakundeko zuzendaria

Hautagaitza onartu ostean, X sare sozialaren bidez mintzatu da Vance, eta esan du «ohorea» dela Trumpen eskutik joatea. «Bakea eta oparotasun garaiak ekarri zituen behin, eta, zuen laguntzarekin, berriz egingo du», nabarmendu du. Vance ez da izan Trumpen «bake zaletasun» horren inguruan mintzatu den bakarra. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek ere Trumpek —hauteskundeak irabaziz gero— Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkan bakea bilatzeko egingo dituen urratsak goraipatu ditu, Financial Times egunkariak jakinarazi duenez EB Europako Batasuneko beste buruzagiei bidalitako gutun bat aipatuz. Trumpek «ondo zehaztutako planak» dituela azpimarratu du: «Hauteskundeak irabazitakoan, bakea lortzeko bitartekari lanetan hasiko da [Trump]».

Migratzaileen aurka

Vancen politikak Alderdi Errepublikanoaren alde trumpistenarekin lerratzen dira, gogor egiten baitu immigrazioaren eta politika klimatikoen aurka. AEBetako zenbait elkartek politika horiek arbuiatu dituzte haren hautagaitzaren berri izan dutenean. Voto Latino elkarteak, esaterako, ohar bidez salatu du Ohioko senatariak «immigrazioaren aurkako agenda zabala» duela. Gainera, Trumpek etorkinei «gizatasuna kentzeko hasitako erretorika» hauspotu izana leporatu diote. Gogora ekarri dute, besteak beste, Vancek iazko uztailean senatuan proposatutako araua. Trumpen bigarrenak zera proposatu zuen, aldi baterako bisekin heltzen diren migratzaileek 5.000 eta 15.000 dolar arteko fidantza bat ordaintzea; baimendutako epea gaindituz gero, diru hori estatuarentzat litzateke, isun gisa. Neurriak ez zuen aurrera egin, baina elkarteak uste du Vancen ideia «xenofoboak» erakusten dituela.

Klimaren alde diharduten elkarteak ere Vancen aurka agertu dira. Climate Powerrrek, adibidez, «klima aldaketaren negazionista» dela azpimarratu du ohar batean. Are gehiago, «petrolio enpresen ametsa» dela adierazi du. Vancek auto elektrikoen diru laguntzen aurka egin izan du. Haren ustez, diru hori AEBetan egindako autoak erosteko diru laguntzetarako erabili beharko litzateke.

Eskuin muturraren politiken adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek. Izan ere, Vance AEBetan abortua galaraztearen alde agertu da. Horiek guztiak direla eta, Voto Latino elkarteko zuzendari Maria Teresa Kumarrek Vance hautatu izana gaitzetsi du: «Trumpi dion leialtasuna gure demokraziaren eta herriaren oinarrizko eskubideen gainetik jarriko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.