Peter Robinson eta Ian Paisleyren proiektu unionista egunero indartzen ari dela uste du Peter Weirrek (Bangor, 1968). Ipar Irlandako Legebiltzarreko diputatua da; DUP Alderdi Demokratiko Unionista izan baita beste behin alderdi bozkatuena iragan maiatzeko hauteskundeetan. UUP Ulsterko Alderdi Unionistan ekin zion bere ibilbide politikoari —abokatua da lanbidez—; Gazte Unionisten bozeramaile izan zen. David Trimbleri bigarrenez lehen ministro izateko babesa kendu zion eta horrek kanporatu zuten alderditik —DUPen 2002an sartu zen—. Ingalaterrako erreginaren argazkia atzean duela eskaini dio elkarrizketa BERRIAri. Orangeko Ordenaren kidea ere bada.
Ostiral Santuko Akordioa (1998) errefusatu zenuen. DUPek ere ez zuen sinatu. Azken urteetan, ordea, alderdi bozkatuena da. Zer gertatu da hamabost urte hauetan zuen jarrera horrenbeste aldatzeko?
Egitura aldaketak. Akordioa sinatu zen urtean, 1998an, terroristen gezurrekin aspertuta geunden. Une horretan froga gehiago behar genituen bidean aurrera egiteko, indarkeria berriro ez zutela erabiliko eta demokrazia babestuko zutela jakiteko. Bestalde, 2006an, alderdi guztiok poliziaren inguruko akordioa lortu genuenean, mugarri handia izan zen.
Azken hilabetean protestak izan dira Belfasten. Bake prozesua arriskuan ikusten al duzu?
Alderdi nagusi guztiok demokraziaren bidean jarraitzeko prestutasuna daukagu. Alde errepublikanoan oraindik ere badira talde disidente txiki batzuk indarkeriaren alde apustu egiten dutenak, baina ez dut uste beraienganako babesa handitzea lortuko dutenik, ez dago hori pentsatzeko inolako ebidentziarik. Hala ere, ez dira asko izan behar ezta babes handia eduki behar gizartean arazoak sortzeko.
Bada, indartsu ikusten al duzu bake prozesua?
Jakina. Alderdi handiok argi daukagu bakea ez dela bertan behera geratuko talde minoritario batzuek hala nahi dutelako. Gizartean min egin dezakete, baina ez dute lortuko politikan apur bat ere eragitea.
DUP eta Sinn Fein elkarrekin izanen zarete beste lau urtez. Nola deskribatuko zenuke alderdi bien arteko harremana?
Biok ikusi dugu elkarlana dela daukagun bide bakarra eta irtenbideak aurkitzeko nahiko praktikoak gara. DUP kristau demokrata da, zentro eskuinekoa, eta Sinn Fein ezkerreko alderdi nazionalista. Beraz, tentsioak baditugu, jakina, baina nahiz eta horren tradizio ezberdina izan, elkarrekin lan egitea lortzen dugu.
Zertan nabarmentzen dira «tentsio» horiek?
Hezkuntzari dagokionez izan ditugu arazorik larrienak; baita ere, noski, nazionalismoari lotutako gaietan. Ekonomia arloan ez ditugu horren arazo sakonak izan. Atzerriko inbertsioak erakartzeko neurrietan, adibidez, nahiko ados gaudela esan daiteke.
Gaelikoaren legea izaten ari da bien arteko beste arazo nagusietako bat.
Hala da. Ez dut uste lege horrek onura praktikorik ekarriko duenik. Batik bat, arazo politikoak eraginen dituen ekimena da. Une honetan, gainera, krisi ekonomikoak gogor astintzen ari gaituela ikusita, ez da momentua horrelako gauzetan dirua gastatzeko.
Zein irakurketa egiten duzu hauteskundeen inguruan? Zein izanen da legealdi honetako erronka nagusia?
Oso pozik gaude lortutako emaitzekin. Gizarteak gure mezua gero eta indar handiagoz babesten du. Proiektu unionista egunero indartzen ari da eta komunitate protestanteak gure politika egiteko moduarekin bat egiten du bereziki. Horren erakusle da indarrik bozkatuena izaten jarraitzen dugula. Gainera, eserleku kopurua handitu dugu. Erronka nagusia, zalantzarik gabe, ekonomia indartzea izanen da.
Biktimen aferaren kudeaketa izaten ari da egungo erronketako bat. Biktima guztienganako tratamendu berdina lortu dela uste duzu?
Ezin dira biktima guztiak talde berean sartu denek ez zutelako jarrera berdinak eduki. Gatazka armatuaren zuzeneko eragina jasan duten askok iragana ahaztu nahi dute, geratutakoarekin hautsi. Beste batzuek ez diote iraganari aurre egin nahi. Era berean, ulergarria da jendeak bereizketa batzuk egitea biktimen artean; adibidez, terroristek hildakoen eta terroristen beren artean.
Hala ere, zein da zuen iritzia, talde politiko gisa?
Gatazkan sufritu zutenak babestu nahi ditugu, laguntza praktikoa eman; biktimen batzordea eratu genuen horretarako. Bidea zaila da, biktima batentzako ona dena beste bati gaitz egiten ahal diolako.
Irlanda berriro ere batzeko erreferenduma deitzea aukera posible bezala ikusten duzu?
Neke handiz gertatuko den zerbait da hori. Azken urteetan argi geratzen ari da oso zaila izanen dela Ipar Irlandako gehiengoak Irlandako Errepublikaren zati nahi izatea. Hauteskundeetan besterik ez dugu erreparatu behar: unionisten bozak gehiago dira. Beste alde batetik, erreferenduma deitzeko gaia agendara eramatea komunitateen arteko gatazkak areagotzea besterik ez du lortuko.
Zer deritzozu Erresuma Batuko erreginak Dublinera egindako bisita ofizialari buruz?
Ongi etorri bat baino gehiago suposatu zuen, bi estatuen arteko harremanen normalizazioa erakutsi zuen eta. Bisita egiteko horrenbeste urte itxaron behar izana izan zen alde ezkor bakarra. Erreginak dagoneko munduko estatu gehienak bisitatu ditu, beraz, bazen garaia justu alboan duena ere bisitatzeko. Bisita hori egiteko ordua bazen dagoeneko.
Peter Weir. DUP Alderdi Demokratiko Unionistako diputatua
«Disidenteek min egin dezakete, baina ez dute politikan apur bat ere eragingo»
Ostiral Santuko bake akordioez geroztik gauzak asko aldatu direla dio Weirrek; «tentsioak» dauden arren alderdi nagusi guztiak demokrazian aurrera egiteko prest daudela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu