Fine Gaelek bakarkako gobernua osatzeak ekarriko lituzkeen ondorioak saihesteko, eskuindarrekin koalizioa egin nahi dute laboristek. Halere, alderdi biek krisia amaitzeko proposatzen dituzten formulek ez dute zerikusi handirik. Dublingo zinegotzi eta Alderdi Laboristako Parlamenturako hautagai Henry Uptonek azaldu duenez, euren lehen helburua herritarrek dirua gastatzea da. FGk, ordea, uste du gastua gutxitzea dela behar nagusia.
Irish Times-en arabera, 2010eko irailean herritarren %33ren sostengua zuen Alderdi Laboristak. Lehen aldiz aurrena zen inkestetan. Aste honetan, egunkari horren beste zundaketa baten arabera, berriz, botoen %19 jasoko dituzue. Zer gertatu da?
Inkestetan gora eta behera egiten dugu. Behin betiko emaitzak jakin arte itxaron beharko dugu balorazioa egiteko. Nolanahi ere, aste honetan argitaratutako emaitzak eskuratzen baditugu, aulkiak bikoiztuko ditugu. Alegia, ez da inolaz ere albiste txarra izanen. Gure historiako emaitzarik onenak izanen dira.
Baliteke Fine Gaelek bakarkako gobernua osatzeko boto aski edukitzea.
Hori gertatzen bada, orekarik ez da egonen gobernuan. Eta Irlandak behar duena oreka da. Fine Gaelek nahi duena egitearen beldur dira familia asko, zerbitzuak eta diru laguntzak kenduko ditu eta. Hori saihesteko, bi alderdiok gobernuan egotea ezinbestekoa da. Irlandak ez du berriro alderdi bakar bateko agintaritzarik nahi, egoera ekonomikoa hobetu eta egonkortuko duen akordio zabala baizik.
Zeintzuk izanen lirateke zailtasunik handienak Fine Gaelekin koalizioa eginez gero?
Ikusiko dugu, dena negoziatzeko daukagu. Hauteskundeen emaitzen arabera gehiago ala gutxiago lortu ahalko dugu negoziazio horretan. Hala ere, negoziazio horretan zailtasunik handienak haur bakoitzeko diru laguntzen inguruan izanen ditugula aurreikus dezaket. Fine Gaelek diru laguntza horiek murriztu nahi ditu [254 euro urtean], baina oso laguntza garrantzitsuak dira, eta, txikituz gero, bete-betean joko ditu familiak. Horrez gain, zerga sistemari dagokionez, zerga eredu progresiboaren alde eginen dugu gobernuan. Errealistak gara, gastu batzuk murriztu beharko dira; baina, halere, kalitatezko zerbitzu publikoak izatea izanen da gure xedea.
Gaelikoaren derrigortasuna hezkuntzan murriztu nahi du Fine Gaelek. Negoziatzeko zailtasun moduan ikusten duzu neurri hori?
Behin gobernuan egonda, Fine Gaelek erabaki horretan atzera eginen duela uste dut. Ez dauka zentzurik, ezta ekonomikoki ere, hizkuntzak sektore bat mugitzen baitu.
Fianna Failen gobernuak onartutako aurrekontuak eta lau urterako plana aldatzeko asmorik baduzue?
Zaila izanen da aldatzea. Aurrekontu horiek dagoeneko onartuak daude, eta lau urteko plana Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) eta Europako Batasunarekin egindako akordioaren baldintza izan zen. Hala ere, NDFrekin eta Europarekin akordioa berriro negoziatzen saiatuko gara guretzako merkeagoa izan dadin.
Brian Cowen lehen ministro izanda Irlandak nazioarteko erakundeekin adostutakoaren arabera, gaur egungo defizita %32tik %3ra txikitu beharko du 2014rako. Ehuneko hori lortzeko epea luzatzea eskatuko duzue laboristek.
Bai, gure ustez, orain behar duguna jendeak dirua gastatzea da. Horixe da ekonomia berpizteko bidea. Defizita jaistea bakarrik baldin badugu buruan, jendearen poltsikotan ez da dirurik izanen gastatzeko, eta ekonomiaren gainbeherak aurrera aginen du.
Aurreko astelehenean bertan, NDFko zuzendariak ohartarazi zuen euroaren eremuko estatuek subiranotasunean amore eman behar dutela. Erreskatea berriz ere negoziatzeko zein da marjina?
Estatuok subiranotasuna galdu dugula argi geratu da dagoeneko. Hala ere, Irlandarekin akordioa neurri batean aldatzeko itxaropena badaukat. Austeritate akordioaren interes tasa jaitsi ahalko dugula uste dut. Gure kalkuluen arabera, interes tasa jaistea lortzen badugu, estatuak 1.300 milioieuro gehiago izanen ditu zerbitzu publikoetan gastatzeko.
Finantza sistemaren zer aldaketa proposatzen duzue?
Irlandak bankuekin izan duen arazoa erregulazio eza izan da. Nahi zutena egiten utzi zien gobernuak, eta, ildo horri jarraituta, ziurrenik Bank of Ireland izanen da iraunen duen banku bakarra. Finantza sistema modu egokian erregulatzen hasi behar dugu.
Fine Gaelekin beharrean, ezkerreko alderdiekin koalizioa egitea mahai gainean izan duzue? Inkesten arabera, Alderdi Laboristak aukera izanen luke Sinn Feinekin eta independenteekin gobernua eratzeko.
Ez dugu koalizioarik eginen Sinn Feinekin, haien programa ekonomikoa oso eskasa delako. Ez dugu beren neurri ekomikoekin ezta beste gauza askorekin ere bat egiten.
Abortoaren Legea aldatzeko proposamena eginen duzue gobernura iristen bazarete? Abenduan Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Irlanda zigortu zuen emakume bati haurdunaldia eteten ez uztegatik.
Negoziatu beharko dugun beste atal bat izanen da hori. 1992. urtean lehen aldiz, abortoa ez legeztatzea erabaki zuten irlandarrek erreferendumean, baina zigor hori kontuan hartu behar da.
Henry Upton. Alderdi Laboristako hautagaia
«Defizita txikitzeko epea luzatu behar dugu»
Irlandako Gobernuak «oreka» behar duela uste dute laboristek, eta horretarako bidea Fine Gael alderdi eskuindarrarekin koalizioa egitea da. Sinn Feinekin elkartzea ezinezkotzat jotzen du Uptonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu