Biden prest agertu da hautagaitza erretiratzeko baldin eta mediku batek gaixotasun bat diagnostikatzen badio

AEBetako presidenteak COVID-19a dauka, eta areagotu egin dira haren osasunaren inguruko zalantzak.

Joe Biden AEBetako presidentea, duela bi egun, NAACPren bileraren ondoren. CAROLINE BREHMAN /EFE /EPA
Joe Biden AEBetako presidentea, duela bi egun, NAACPren bileraren ondoren. CAROLINE BREHMAN/ EFE
2024ko uztailaren 18a
08:20
Entzun

Joe Biden prest agertu da presidentegai izateari uko egiteko baldin eta mediku batek gaixotasunen bat diagnostikatzen badio. Halaxe azaldu du AEBetako BET telebista katean emandako elkarrizketa batean. Gainera, aitortu du alderdiaren barruan presioa jasaten ari dela. Hala ere, irmo defendatu du osasuntsu dagoen bitartean presidente izateko prozesuan jarraitzeko asmoa: «Uste dut adinak jakituria dakarrela, eta nik frogatu dut badakidala gauzak ondo egiten herrialde honentzat». «Gauza asko daude egiteko, eta ez nago prest horietatik aldentzeko».

AEBetako presidenteak behin baino gehiagotan adierazi du medikuek ez diotela jakinarazi presidente lanarekin jarraitzea eragozten dion «gaitz larririk» duenik. Hain zuzen, Kevin O'Connorrek –Etxe Zuriko medikua– otsailean ziurtatu zuen, presidenteari azterketa mediko bat egin ostean, «81 urteko gizon osasuntsua» dela, eta oraindik ere «aktibo, sendo eta ondo dagoela presidentetzaren ardurei arrakastaz heltzeko». Bart, ordea, COVID-19a duela jakinarazi du X sare sozialean: «Gaixo nago».  

Hala eta guztiz ere, Bidenen azken agerraldiek zer esana eman dute. AEBetako presidenteari zalantzan eta desorientatuta zegoela antzeman zaio askotan, hainbat akats egin ditu bere hitzaldietan, baita haria galdu ere hainbat momentutan. Azken ika-mika NATOk Washingtonenen egindako bileren ostean emandako prentsaurreko batean sortu zen: Bidenek Putin izena esanda aurkeztu zuen Ukrainako Zelenski presidentea.

Gauzak horrela, geroz eta gehiagok eskatu diote Bideni hautagaitza erretiratzeko. Azkenetako bat Adam Schiff izan da, Kaliforniako ordezkari demokrata. Los Angeles Times-i emandako elkarrizketa batean, azaldu du «Trump presidente hautatzeak nazioaren demokrazia mehatxatuko lukeela», eta «kezka handiak» dituela  Bidenek Trumpi irabazteko dituen aukeren inguruan. «Gure nazioaren historiako presidenterik kontsekuenteetako bat izan da, baina gure herrialdea bidegurutze batean dago». 

BET katean zabaldu den elkarrizketan beste hainbat gai jorratu ditu presidenteak. Besteak beste, azaldu du «akats bat» izan zela 2020ko hauteskunde prozesuan Alderdi Demokrataren «trantsiziozko hautagai» gisa aurkeztea. «Kargua beste norbaiti utz niezaiokeela uste nuen, baina ez nuen aurreikusi herrialdea honela zatituko zela».

Hauteskundeak

Presidentetzarako hauteskundeak azaroaren 5ean izango dira, eta hautagaiek hasi dute jada hauteskunde kanpaina. Alderdi Errepublikanoak uztailaren 15ean hasi zuen errepublikanoen nazioarteko konbentzioa, Milwaukeeen, Pennsylvaniako mitinean Trumpen kontra egindako atentatutik bi egun eskasera. Horren ondorioz, segurtasun neurriak ohi baino zorrotzagoak izan dira konbentzioan, baina errepublikanoak itxaropentsu eta irribarrez agertu dira. Konbentzioan Donald Trump berretsi dute Alderdi Errepublikanoaren hautagaitzat presidente izateko, baita J.D. Vance izendatu ere hautagai gisa presidenteorde izateko.

Washington Examiner egunkari kontserbadoreari emandako elkarrizketa batean adierazi zuenez, konbentziorako prestatuta zuen hitzaldiaren edukia —Joe Bidenen kanpaina kritikatzea— aldatzea erabaki zuen azken momentuan, uste baitzuen egoerak «herrialdea, baita mundu osoa ere, batzeko aukera» eskaintzen zuela.

Gaur izango da errepublikanoen konbentzioaren laugarren eta azken eguna. Hainbat irudi deigarri utzi ditu kongresu horrek; besteak beste, belarria bendatuta zekarren Trump irribarretsu batena, baita elkartasun keinu gisa belarriak bendatuta zituzten alderdikideen eta fanatikoen irudia ere.

Inkesten arabera, Trump litzateke hauteskundeen irabazlea orain. The Economist-en inkestetan oinarritutako modeloak %75ko garaipena aurreikusi du Trumpentzat, eta apustu merkatuan %57 eman zaio; Metaculus aurreikuspen komunitatean, berriz, %65. Azken bi kopuru horiek handitu egin dira Trumpen aurkako tiroketaren ostean: %63 eta %72, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.