KAXMIRREKO GATAZKA

Bidaia arriskutsua bakerako bidean

2005eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Batzuentzat hain arrunta izan daitekeen keinu bat autobusa hartzea adibidez, ekintza heroikoa izan daiteke beste askorentzat. Ez istripu bat izateko arriskuagatik; bidean, granadak jaurtiz edota tiroka eraso diezaieketelako baizik. Kaxmirren, esaterako, bi aldeak batzen dituen autobus zerbitzurik gabe daramate 58 urte. 1947ra arte maharaja batek zuzentzen zuen estatu independentea zen Kaxmir, baina bi estatutan banatu zuten: India eta Pakistan. Indiako eremua eta Pakistangoa bereizten dituen Kontrol Lerro hesituaren bi aldeetara geratu ziren kaxmirtarrak. Beren herrian zatituta, beren familiengandik urrun.

Kaxmirtar askok, 58 urte eta gero, euren familiak bisitatu ahal izan zituzten atzo. Pakistan eta Indiako agintariek herrialdeen arteko muga zeharkatuko duen autobus zerbitzua jarri zuten martxan. Autobusek Srinagar eta Muzaffarabad hiriburuak lotuko dituzte. India eta Pakistanen esku daude hiri hauek hurrenez hurren. Hainbat lagunek estreinako bidaia horretan egon nahi izan zuten atzo. Horrela, 170 kilometro luze egin ondoren urteetan zehar ikusi ezin izan dituzten senideak besarkatzeko aukera izango zuten. Gertaera «historikoa» inondik ere bertako zenbait biztanle eta agintarirentzat. Kaxmir izan da hainbat urtetan Pakistan eta Indiaren arteko gerren arrazoi nagusia. Zerbitzua berrezartzea keinu sinbolikoa da inondik ere. Aipagarriena bederen, 2004.urtean New Delhi eta Islamabaden arteko hurbilketa hasi zenetik. Hala ere, autobus zerbitzua berrezartzea ez da berri pozgarria izan guztientzat. Azken hamar egunetan indarkeria nabarmen areagotu da Kaxmirren. Mehatxuak hasieran eta erasoak ondoren. Joan den asteburuan lau ekintzaile taldek heriotza mehatxuak bidali zizkieten autobus zerbitzu hauek erabiltzeko asmoa agertu zutenei. Talde hauentzat autobusean sartzea Kaxmirren independentziaren aurkako keinu larria izango litzateke. Al-Nasirin (Salbatzaileak), Kaxmir Askatzeko Mugimendua, Al-Arifin eta Farzandan-e-Millat (Komunitatearen Semeak), taldeek «euren bizitzarekin ez jolasteko» ohartarazi zieten bidaiariei. Azken egunetan hainbat eraso izan dira autobusak egin behar duen ibilbidean baina herenegun, lehenengo bidaia historiko horren bezperan, gertatu ziren erasorik garrantzitsuenak. Azken egunetako istiluak ikusita, bidaiariak babesteko asmoz, hotel batean bildu zituzten guztiak. Hotela Srinagar hiriburuan(Indiaren menpeko Kaxmir) zegoen. Bi ekintzaile tiroka hurbildu ziren hotelera eta granadak jaurti zituzten. Erasoaren ondorioz hotelak su hartu eta suntsituta geratu zen. Poliziaren datuen arabera bi ekintzaileak hil zituzten eta bidaiari guztiak salbu atera zituzten hoteletik. Su garrek alboko eraikina ere hartu zuten; autobus berrirako txartelak saltzen dituen eraikina, hain zuzen. Aurrez aipatutako muturreko lau taldeek euren gain hartu zuten erasoa. Gertakari hauen aurrean Manmohan Slingh Indiako lehen ministroak honako adierazpenak egin zituen: «Ez dugu onartuko ez autobusak ez eta bake prozesuak ere terroristen erruz porrot egiterik». Ekintza gaitzetsi eta, besteak beste, Kaxmirreko arazoa konpontzeko India eta Pakistanen arteko elkarrizketak oztopatzeko «saiakera etsia» izan zela azpimarratu zuen. Joan den egunetako heriotza mehatxu eta ekintzen ondorioz hainbat bidaiarik atzera egin zuten.

«Bake karabana»

Hasiera batean irtetekoak ziren 29 bidaiariak 21 izatera pasatu ziren. Eta azken orduan, bi bidaiari gehiago geratu ziren autobusera igo gabe. Baina batzuentzat oso garrantzitsua da familiarekin elkartu ahal izatea. Abida Masudik adierazi zuenez 20 urte daramatza itxaroten bidai hori egiteko eta beldurtuta dago. Hala ere, hauexek izan ziren bere hitzak: «Inor ez da betirako bizi. Nire patua horrela hiltzea bada, horrela izango da».

Mehatxuak mehatxu eta oztopoak oztopo, atzo, pentsatuta zegoen bezala, India eta Pakistango kaxmirtarrak elkartu zituen autobus zerbitzua martxan jarri zen. Lehenengo autobusa, «Bake karabana» izenarekin 11:00etan irten zen Srinagartik. Manmohan Slingh Indiako lehen ministroaketa Sonia Gandhi agintean den Kongresuko Alderdia taldeko presidenteak irteera eman zioten lehenengo autobusari. Baina bidaia ez zen autobusaren izena bezain baketsua izan: abiapuntutik 17 kilometrora Singpora herrian, granada bat jaurti zuten eta ibilgailuaren aurka tiroka aritu ziren. Minutu batzuk geldi igaro ostean, berriz ekin zion bere bidaiari. Bigarren autobus bat Pattan herritik pasa eta 10 minutu geroago lehergailu batek egin zuen eztanda.Bitartean, Muzaffarabadetik (Pakistanen menpeko Kaxmir) irten zen autobusa arazorik gabe iritsizen Indiara. Alde batean baitabestean ere, ongietorria egin zieten bidaiari guztiei. Ehunka pertsona hurbildu ziren bidaiariak agurtzera musika banda eta guzti.Hala ere, bidaia hauek martxan jarri ahal izateko lan handia egin behar izan dute azken egunetan. Srinagar eta Muzaffarabad hiriak elkartzen zituen errepidea berreraikitzea ezinbestekoa izan da.Lehenengoa besterik ez zen izan atzokoa, 58. urteren osteanegiten duten lehen bidaia. Gaurtik aurrera gehiago izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.