Carmelo Briguglio. FLI alderdiko diputatua

«Berlusconiren aurkako aliantza larrialdi demokratiko baterako konponbidea da»

Italiako Gobernuan aldaketak egin behar direla uste du Carmelo Brigugliok; Etorkizuna eta Askatasuna alderdiko diputatuaren hitzetan, Berlusconirenak ez du egin, baina bai berlusconismoarenak

Erroma
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bizi urteak, 54; horietatik 30, politikan jardundakoak. Lehenik, herriko administratzaile izan zen Sizilian, Fulco Siculo jaioterrian. Hurrengo, eskualdeko zinegotzi izendatu zuten, eta, 2001etik aurrera, AN alderdiko diputatu; MSI alderdiaren oinordekoa da AN; MSI, berriz, Mussoliniren Alderdi Faxistaren oinordekoa. Oso antzekoak dira Carmelo Briguglio diputatuaren ibilbide politikoa eta Gianfranco Finirena, haren erreferentziarik hurbilekoena. Ganberako presidentea da gaur egun Fini; Berlusconirekin batean sortu zuen Askatasunaren Herria alderdia, baina orain hura utzi, eta Etorkizuna eta Askatasuna talde parlamentarioa sortu du konfiantzazko hainbat kiderekin. Inoiz ez da komunikabideetan asko agertu, baina orain, Bocchino eta Granatarekin batera itzuli da, eta Gobernuaren gainbehera eragin dezakete.

Zerk hautsarazi du barrenetik Berlusconik eta Finik elkarren artean sorturiko alderdia?

Demokrazia eta gardentasun erabatekorik ezak. Historiari bagagozkio,hitza eta ordezkaritza izateko eskubidea izan dute beti gure alderdi barreneko gutxiengoek, baina hori ezinezkoa da Berlusconirekin. Haren alde edo haren kontra zaude. Hain da hori hala, ezen kanporatu ere egin baitute Fini, alderdiaren sortzaileetako bat, oinarrizko gai batzuen inguruan egindako kritika batzuengatik: besteak beste, erakundeen legezkotasunaz eta magistraturaren defentsaz. Etikari, legezkotasunari eta justiziari dagokienez, guk ez dugu onartzen inolako xantaiarik, eta, politikariak garenez gero, magistratuen eskubidea aldezten dugu politikari goi kargudunak ere ikertu ahal izateko.

Parlamentuan jarrera desadostasunik izan ez dadin, gaurkoan jarri du konfiantzazko botoa Berlusconik, eta baliteke hurrengo hauteskunde erabakigarri guztietan ere gauza bera gertatzea. Etorkizun hurbilera begira, zeintzuk dira politika itxaropenak?

Ezbairik gabe, oso egongaitza da jokaleku politikoa; eta hori paradoxa bat da, kontuan izanik 2008ko hauteskundeetan eratutako gobernuak oposizioak baino ehun diputatu gehiago dituela. Konfiantza dugu eztabaidagai gaur; litekeena da, ordea, hauteskunde aurreratuak izatea, gobernuburuaren asmoa baldin bada bozketa osoan jartzea konfiantza. Gure ustez, ez dute behar bezala baliatu gehiengo parlamentario hori, eta programa batik bat Berlusconiren jarrera pertsonalen gainean ezarri da, eta Lega Nordenaren gainean, horiexek baitira gobernu honen eragile benetakoak.

Beharbada, hauteskundeak bihar izango balira, Lega Nord alderdi politikoak aterako luke onurarik handiena, proportzioan...

Lega Norden sortzaileak, Bossik, erromatarrak iraindu ditu, haien kontura txiste zantar bat eginda: SPQR Senatus Popolusque Romanus edo Antzinako Erromako boterearen adierazpide horrek esan nahi omen du Sono Porci Questi romani: alegia, txerriak dira erromatar hauek. Ez da sinestekoa, ez onartzekoa ere, halakorik esatea Italia iparraldeko gizasemea ez ezik italiar guztien Errepublikako ministro ere badenak. Zantarkeria halakoak argi adierazten du Lega Norden hipokrisia, zeina herrialde horretako Parlamentuan esertzen baita, biztanleen bi heren erdeinatuta. Erromako hiriburuarekin elkarturiko herrialde bat da Italia, eta horren berrogeita hamargarren urtemuga beteko du 2010etik 2011ra, eta lazgarria da ministro bati halakoak entzun behar izatea. Horrek argi adierazten du, ordea, Lega Nord gero eta aldeko gehiago bereganatzen ari dela iparraldeko herritarren artean. Baina hori ez da politika, demagogia baizik.

Aliantza zabal bat proposatu du Bersanik, Alderdi Demokratikoko buruak: lehenik, hauteskunde legea aldatzeko asmoz; bigarrenik, eta hauteskunderik izango balitz,Berlusconiri porrot eginarazteko, beharbada. Zure taldeak nola jokatuko luke horri dagokionez?

Uste ezinago sendoa daukagu bipolarismoan: alde batean, zentro-eskuina; eta bestean, ezkerra. Alderdi bitasunak ez du balio izan, ordea; batik bat, lider karismadun bati bakarrik jarraitzea esan nahi baldin badu, dena delako esan nahi duela ere. Berlusconiren aurkako indar guztiak batuko dituen aliantza, berriz, larrialdi demokratiko baterako konponbidea iruditzen zait, baina oraindik ez da zilegi.

Analista askoren ustez, Berlusconi politikariarenak egin du: bat al zatoz uste horrekin?

Ez dut uste Berlusconirenak egin duenik, berlusconismoa amaitzen ari dela baizik. Horren ispilu dira gizarteko hainbat adierazgarri, dagoeneko ez baitu onartzen bere telebistek sortutako kultura eredu hori. Berlusconi politikariari dagokionez, berriz, gizaki ezinago bizia da, edozertarako gertu dagoena bere alderdia kontrolpean edukitzeko eta boterean ahalik eta denborarik gehien irauteko.

Baita akusazio pertsonalen kanpaina mediatikoak eragiteko ere, esate baterako, oraindik orain gertatu den bezala: Il Giornale egunkariaren arabera -Berlusconiren jabetzakoa-, Finik bere koinatuari saldu omen dio Montecarloko pisu bat, ANren jabetzakoa.

Arazketa bide bat bihurtu da Il Giornale egunkaria. Boffo metodoa esaten diogu, gotzain italiarren Avvenire egunkariko zuzendari izandakoaren omenez. Berlusconi kritikatzeagatik, sexu eskandalu batean nahastu dute Boffo, eta esandakoak gezurrak direla esatera behartuta ikusi du bere burua. Oso antzekoa da Montecarloko pisuaren inguruko kasua ere. Kontua da halako xantaien eta estortsioen helburu izateko beldur dela lehen ministroaren konfiantzazkoa ez den edozein politikari, kazetari edo parlamentari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.