Irlanda iparraldea. Martxa orangistak

Azken urteetako latzenak

Belfasten hogei bat polizia zauritu dituzte azken egunotako istiluetan; gazteek harriak eta molotov koktelak bota dituzteLoialistek katolikoen etxeei eraso, eta hainbat auto erre dituzte asteburuaz geroztik

Hainbat lagun auto bati su ematen atzo, Belfasten. EUDALD VILAMAJO/MARIA SEGARRA.
Amaia Alvarez.
Belfast
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Irlanda iparraldean, urtero, uztailaren 12an, bake prozesuak ez duela bakea bera esanahi gogoratzen dute. Protestanteen egun handia da, 1690ean katolikoen kontra Boyne bataila irabazi zutenekoa oroitzen duten eguna. Ospakizun horren harira, erakunde protestanteek, Orange Ordenak, martxak antolatzen ditu ekainaren bukaeratik hasi eta irailaren erdira bitartean. Martxen sasoia deitzen diote urteko garai horri, baina istilu sektarioen sasoia ere bada, batez ere aurten; izan ere, azken urteetako bortitzena izaten ari da garai hau.

Egun gorena atzokoa zen, 12a, eta, urtero bezala, istiluak izan ziren herri askotan, Belfasten nagusiki. Atzokoan ere, ez zuten protesta alternatiboa egiten utzi.Iazko istiluak azken urteotako larrienak izan ziren, eta aurtengoak iazkoak baino latzagoak izan dira. Guztira, 30 molotov koktel baino gehiago bota dituzte eta hogei polizia baino gehiago zauritu dituzte. Aurreko asteburuan ere, loialistek katolikoen etxeei eraso zieten hainbat tokitan, eta hamar bat auto erre zituzten. Astelehen gauean, esaterako, Poliziak plastikozko 50 bala inguru jaurti zituen. Irish News egunkariakPoliziak kontrola galdua zeukala ohartarazi zuen aste hasieran, eta DUP eta Sin Feinnek osatzen duten gobernuak, hala nola Eliza katoliko nahiz protestanteko buruek lasaitasunerako deia egin dute.

Zatiketa, bere horretan

Astelehen gauean hasi zen giroa berotzen. Protestanteen tradizioari jarraikiz, hilaren 11n, gaueko hamabietan, aurreko egunetan eraiki zituzten egur eta plastikozko dorreei su emanez hasi zituzten ospakizunak. Suzko bonben gaua deitzen diote. Irlandako banderak erretzen dituzte gau horretan, Sinn Feineko kideen argazkiak eta Celtic futbol taldearen kamisetak ere bai.

Orange Ordena katolikoen kontrako instituzio sektariotzat jotzen dute nazionalistek eta, horrenbestez, probokaziotzat hartzen dituzte martxa orangistak, batez ere beraien komunitateetatik pasatzen direnean. Bake prozesuaren testuinguruan martxen ibilbideak zehazteko batzorde berezi bat sortuzuen gobernuak, martxak katolikoen eremuetatik pasatzen direnean pizten baitira istiluak.

Komunitateen zatiketa oraindik ere oso definitua dago Belfasten. Badira mistoak diren auzo batzuk, erdigunea adibidez, baina, oro har, nazionalistak eta protestanteak oso bereizita bizi dira, askotan harriz banatuak; protestanteak hiriko ekialdean bizi dira nagusiki eta nazionalistak mendebaldean. Hiritar asko ez dira hiriko beste aldean inoiz izan, eta inoiz ez direla joanen diote. Eta ekialde eta mendebalde zatiketa horretan badira harresiz inguratuta dagoen beste komunitateko enklabe txiki bat; Shankill auzoloialista mendebaldean dago, eta, Short Strand nazionalista, berriz, ekialdean.

Uztailaren 12an, berriz, begirada guztiak Ardoyne auzo nazionalistara bideratzen dira azken urteotan. Ardoyne Belfasteko iparraldean dagoen auzo nazionalista da; komunitate loialistaz inguratua dago, setiatua. Martxen komisioak urtero baimentzen die orangistei bertatik pasatzea eta, urtero ere, auzokideek protesta antisektarioak antolatzen dituzte martxa orangistak salatzeko.

Aurten lehen aldiz, auzokideen talde batek protestatik harago joan da eta martxa antisektario eta baketsua antolatu du. Komisioak baimendu egin du martxa, beti ere orangistenaren ordu eta kale berean ez bada. Ardoynetik musikarik gabe pasatzea debekatuz, orangistei ere murrizketak jarri dizkiete. Iluntzeko 20:30ak aldera hasi zen herenegun iskanbila. Martxa biak bukatu bezain pronto, hain justu.

UVFen itzala

Uda garaiko istiluak, beraz, ez dira gauza arraroa. Baina aurtengoak, larriagoak izateaz gainera, antolatuagoak daude; erasoak talde paramilitar loialistak aginduta egiten ari dituztenaren susmoa dauka Poliziak.Orain aste batzuk Short Strand auzoan egindako erasoak UVF talde paramilitar loialistak agindu zituen eta oraingoak ere eskema berdina ote duten ikertzen ari dira.

Uztailaren 12a gerturatzen den heinean, hiriburuko auzo protestanteak banderaz josten dituzte; Erresuma Batukoak, Ingalaterrako erreginarenak eta unionisten banderak ikusten ahal dira. Baina aurten UVF Ulsterko Boluntarioen Indarra talde paramilitar loialistaren banderak ere paratu dituzte toki askotan, katolikoen etxe batzuen aurrean ere bai.

Halaber, ekialdean bi mural berri pintatu dituzte loialistek: txanodun bi armak eskuak dituztela ageri dira batean eta alboan, esaldi bat: Erasotzen gaituztenen aurka borroka eginen dugu.

Askok, sinbolo horiek probokazio gisa hartu dituzte eta istiluekin lotu. Hain zuzen ere, keinu horien testuinguruan egin zituzten ekainaren 21ean etxe katolikoen kontrako erasoak. Azken urteotako istilurik larrienak eragin zituzten orduan. Iristear zen martxen sasoiaren tankera iragarri zuten.

Irlandako iparraldeko hedabideek nabarmendu dutenez, gertaera horien arrazoia talde paramilitar loialista batzuek —batez ere UVFko lerro bat—, bake prozesuaren garapenarekin ados ez egotearekin lotuta dago. Errepublikanoei kontzesio gehiegi egiten ari dizkietela uste dute eta, bestetik, komunitate loialistek gobernuaren eskutik diru gehiago jaso beharko lukeela uste du.

Ostiral Santuko bake akordioa 1998an sinatu zutenetik hainbat gorabehera izan ditu bake prozesuak, batez ere lehendabiziko urteetan. Alabaina, 2006an Saint Andrewko akordioa sinatu zutenetik eta poliziaren inguruan akordioa lortu zutenetik, fase berri batean sartu ziren. Gizartearekiko izan diren aurrerapausoak ugariak dira, bai bakegintzan eta bai eskubideen aldetik. Hala ere, arazo sozial asko hortxe jarraitu ez ezik, handitu egin dira. Egun, esaterako, bakea sinatu aurretik baino harresi gehiago daude, etagazteriak arazo berriak ditu; suizidio tasa izugarri altua, tartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.