SINGAPUR

Azken bi hamarkadetan lehen aldiz, emakume bat exekutatu dute Singapurren

30 gramo heroinarekin trafikatzea egotzi diote. Erabaki horrek giza eskubideen aldeko taldeen protestak eragin ditu.

Singapurko exekuzion aurka iaz Malaysian egindako protesta bat. EFE
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 28a
11:48
Entzun

30 bat gramo heroinarekin trafikatzea egotzita, azken bi hamarkadetan lehen aldiz, emakumezko bat exekutatu dute Singapurren. Saridewi Djamani zuen izena, 45 urte zituen, eta 2018ko uztailean heriotza zigorra ezarri zioten. Iturri ofizialek jakinarazi dute gaur urkatu dutela; Singapurren hala exekutatzen dituzte heriotza zigorrarekin kartzelatuak. Horrek giza eskubideen aldeko taldeen protestak eragin ditu.

Justizia Eraldatzailea Kolektiboa GKE gobernuz kanpoko erakundeak plazaratutako datuen arabera, 2004az geroztik Asia hegoaldeko herrialdean exekutatutako aurreneko emakumea da. Nabarmendu du, gainera, aurten urkatutako laugarren pertsona dela; denak, narkotrafikoagatik.

Singapurko Narkotikoen Bulegoak ohar baten bidez adierazi duenez, herrialdeko auzitegi gorenak iazko urrian atzera bota zuen Djamaniren abokatuek zigor haren aurka jarritako helegite bat. Droga trafikoaren kontrako munduko legedirik zorrotzenetako bat dauka Singapurrek —munduko BPG barne produktu gordinik handienetakoa du, aldi berean—. Esaterako, gutxienez 500 gramo marihuanarekin edo hamabost heroina gramorekin trafikatzea leporatzen dietenei, heriotza zigorra ezartzen diete.

COVID-19agatik, bi urte etenda egon ziren exekuzioak. Iazko martxoan, aldiz, berriro hasi ziren zigortuak urkatzen, eta, giza eskubideen aldeko taldeen esanetan, iazko apiriletik urte bukaerara 11 preso exekutatu zituzten. Pandemiaren ondoren urkatua izan zenaren kasuak oihartzun handia izan zuen herrialdean, presoak eta haren defentsak ziurtatu zutelako inoiz ez zuela drogarekin trafikatu. Soinean marihuana zeramala atxilotu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.