Gauzak ondo bidean, independentziari buruzko galdeketa egingo dute 2014an Katalunian. Zer-nolako galdeketa egingo den —Espainiako Gobernuarekin adostutakoa, Kataluniako Kontsulta Legearen araberakoa, plebiszitu hauteskundeen bitartekoa—, zehazteke dago oraindik. Baina galdeketa egin egingo dela ia ziurtzat jo daiteke. Atzera bueltarik ez duela dirudien puntu horretan daude katalanak. Nola iritsi dira, ordea, puntu horretara? Zer gertatu da azken garaiotan Katalunia erabakitzeko eskubidearen, trantsizio nazionalaren, estatu propioaren koordenadetan kokatzeko?
Baten batek esango du 300 urte daramatela katalanek independentziaren aldeko borrokan; 1714 gogoratu hartan arma bidez beren instituzioen eta askatasun zibilen ezeztatzea gertatu zenetik. Eta bai, independentismoa tradizio luzea duen ideologia da Katalunian; baina denboran askoz ere gertuago ezarri behar dugu gaur egun dagoen sukar moduko honen jatorria. Izan ere, ia erabateko adostasuna dago 2006ko estatutuaren kontrako sententziak mugarri bat ezarri zuela: Espainiako Estatuarekiko atxikimendu faltaren dinamika sakon baten hasiera izan zen.
Azal dezagun testuingurua. 2003. urtean, Corvengencia i Unio taldearen 33 urteko agintaldiaren ondoren, botere oreka berri eta ordura arte ezezagun bat ezarri zuen hiruko gobernuak: ezkerrekoa eta katalanista, PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia, ERC Esquerra Republicana eta ICV Iniciativa per Catalunya-Verds taldeen akordioari esker. 1979koa zaharkituta zegoela erabaki eta, autogobernu handiagoa eta hobea izateko asmoz, estatutu berria lortzea zen akordio haren puntu nagusietako bat.
2005eko irailean onartu zuen Kataluniako Parlamentuak estatutu berria, diputatuen %89ren aldeko bozekin —CiU, PSC, ERC, ICV—, eta %11ren kontrakoekin —Alderdi Popularra bakarrik—.
Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu behar zuen testua, ordea, martxan jarri aurretik. 2006ko martxoan egin zuen, funtsezko aldaketa ugarirekin. Hala ere, erreferendumean berretsi zuten katalanek, ekainean: bozen %74 inguru, alde; %21 baino gutxixeago, kontra. ERC taldeak kontrako boza eskatu zuen. Baina estatutu berriaren ibilerak ez ziren hor bukatu. Esan daiteke hasi baino ez zirela egin: helegitea jarri zioten; besteak beste, Alderdi Popularrak.
Lau urteko itxaronaldia
Lau urte behar izan zituen Auzitegi Konstituzionalak sententzia jakinarazteko. Eta lau urte iraun zuen eztabaida publikoak. Antolatzen hasi ziren mobilizazio gero eta garrantzitsuagoak. Adibidez,independentziari buruzko erreferendumak Kataluniako hainbat udaletan. Lehena, 2009ko irailean, zortzi mila biztanle eskas dituen Arenys de Munt herrian, ez polemika gutxiren artean. Eredu bilakatu zen Arenys, eta abiada bizian ugaritu ziren galdeketak Kataluniako lurraldearen luze-zabalean.
2011n eten zirenerako, guztira 500 udalerritan baino gehiagotan eginak ziren galdeketak, Kataluniako populazioaren erdiak izan zuen botoa emateko aukera, 700.000 herritarrek eman zuten botoa. Bartzelonan, adibidez, %21,37ko parte hartzearekin (257.645 boz, legezko baliorik ez zuen galdeketa batean), emaitzak hauek izan ziren: %89,7k independentziaren alde egin zuten; kontra, %8,8k.
2009ko azaroan, halaber, Kataluniako hamabi egunkarik batera idatzitako editoriala argitaratu zen, La dignitat de Catalunya izenburupean. Estatutuaren sententziaren atzerapenak eragiten zuen higadura aipatzen zen bertan, eta ebazpenak Espainiako bizikidetza esparruaren dimentsio erreala erakutsiko zuela iragartzen zen. Eta izan, hala izan zen. Estatutuaren aurkako sententzia hartzen da gaur egun katalanen desengainuaren handitzearen kausa nagusitzat. Jordi Pujol presidente ohiak «sententzia suntsigarria» zela adierazi zuen. Hiru kontu oinarrizkoetan: konpetentziak —mugatu eta baldintzatuagoak 1979ko estatutuan baino—; finantzaketa —ez zuen aurrekoa hobetzen, edo ez sobera, eta Madrilek berdin utz zezakeen bete gabe— eta afera identitarioa —aspektu askotan, baina bereziki hizkuntzarekin egindako lorpenen kontra—.
Sententziaren kontrako mobilizazioa, 2010eko uztailaren 10ekoa —aurreko egunean jakinarazi zuten sententzia—, ordura arte Katalunian egindako manifestaziorik jendetsuena izan zen. Jose Montilla Generalitateko presidente sozialista buru zuela, eta Som una nació, nosaltres decidim lelopean, 1.500.000 lagun atera ziren Bartzelonako kaleetara antolatzaileen esanetan. Antolatzailea, hain zuzen, ez zen izan ezein alderdi politiko, Omnium Cultural erakundea baizik, Kataluniako garrantzitsuenetakoa. Erakunde hori ez da independentista, baina, Muriel Casals presidenteak euskal agerkari bati behin esan bezala, «independentziaren gaineko erreferenduma egiten den egunean irabaz dadin» lan egiten duena. Eta hasiera batean sententzia baten kontrako manifestazioa zena Kataluniaren etorkizunaren aldekoa bilakatu zen azkenerako. Gizarte zibilak markatu du, neurri batean behintzat, mobilizazio handi horretatik aurrera Kataluniako agenda politikoa.
CiU, berriz agintean
2010eko hondarrean aldaketa politikoa izan zen Kataluniako Gobernuan: CiUko hautagai Artur Mas aukeratu zuten presidente. Gobernu berriaren helburu nagusia finantzaketa eredu berri bat eskuratzea zen, EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoetan oinarritutakoa. Egun finkorik gabe, baina helburu horrekin hasi zuen agintaldia Masek.
Agintaldi labaina, Espainiako Estatuko eta, zehatzago, Kataluniako egoera ekonomikoa ez baitzen inondik ere ona. Gobernu berriak hartu zituen erabakiak bortitzak izan ziren: oinarrizko errenta soziala eskuratzeko baldintzak gogortu egin zituen, botika berrordainketa ezarri zuen, ebakuntza gela eta anbulatorioak itxi zituen eta ondorengotza zerga kendu egin zuen.
Baina asmatu zuen nolabait kritikei buelta ematen, kanpotik ezarritako baldintza batzuen biktima gisa agertzen. Zerga defizit erreala lapurretarekin nahasita: Espainiak katalanei lapurreta egiten dien ideiak arrakasta izan du gizartean. Ezen, erro historiko eta kulturalak dituen abertzaletasun eta independentismo bat aspaldidanik existitzen dela egia bada ere, zuzena da esatea, halaber, izaera ekonomikoa duen sentimendu independentista bat ere areagotu dela azken urteotan.
Aldi berean, Espainiako Gobernuak, sedukzioaren estrategia erabiltzea baztertu, eta birzentralizazio politika bat eraman du, batez ere PP agintera iritsi zenetik 2011ko abenduan: adostutakoak baino inbertsio txikiagoak egin ditu Katalunian, eskumenen birzentralizazioa bultzatu du —Prateko aireportua, ospitaleak—, zerga eta tasei oztopoak jarri dizkie, aurrezki kutxen desagerpena erraztu du, haur katalanak espainolizatzea izan du helburuetan helburuena...
2012ko udan Kataluniako Gobernuak Madrilgoari erreskate ekonomikoa eskatu izanak itun fiskalaren estrategia azkartzea ekarriko zuela zirudienean, berriz ere gizarte zibilak altxatu zuen ahotsa. Berriz ere 1.500.000 lagun atera ziren kalera, kasu honetan mezu are argiago batekin: Catalunya, nou estat d'Europa. ANC Batzar Nazional Katalanak antolatu zuen manifestazio erraldoia, 2011n independentzia lortzeko helburuarekin sortu zen erakunde herritarrak. Eta azkartu zena ez zen izan itun fiskalaren aldeko apustua, CiUk programan —egunik gabe hori ere— zeraman erabakitzeko eskubidea baizik.
Bi urte geratzen ziren agintaldia amaitzeko, baina aurreratu egin zituen Masek hauteskundeak, azarora. Emaitza, gaur egunean Kataluniako Parlamentuan ikus dezakeguna: CiUk ez zuen lortu «egoera berezi baterako» eskatzen zuen «gehiengo berezi» hura, baina, inoiz baino mezu subiranista argiagoarekin, boto gehien izan zuen alderdia izan zen. Eta beste alderdi garbiki independentista bat, ERC, bigarren atera zen. Gobernu akordioa egin zuten, gainera, CiUk eta ERCk. Independentziari buruzko galdeketa 2014an egingo dela adostu zuten.
Oraingoz, azken bultzada bat jaso du prozesu subiranistak: joan den irailaren 11ko giza katea, 1.600.000 lagunen parte hartzearekin. Berriz ere ANC antolaketaren atzean. Berriz ere gizarte zibila aurrera pausoak emanez. Berriz ere politikarien txanda orain, galdeketa presta dezaten.
Katalunia. Burujabetzaren bidean
Atzera bueltarik gabeko puntuan
Kataluniako Parlamentuak 2006an onartutako Estatutu berria Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu zuenetik, gehiengo sozial bat eragileei tiraka ari zaie, independentziarantz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu