Ingrid Nestle. Alemaniako Berdeak alderdiko diputatua

«Argindarraren hornidura berma daiteke energia nuklearrik gabe»

Ingrid Nestle diputatu alemanaren ustez, zentral atomikoak ixteko erabakia, Berdeen garaipena ez ezik, energia nuklearraren kontrako mugimendu guztiarena ere izan da.

WWW.INGRID-NESTLE.DE.
Berlin
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Ingrid Nestle (Schwabisch Gmund, 1977) Berdeak alderdiko diputatua da Bundestagen, Alemaniako Legebiltzarreko behe ganberan. Duela hamarkada bat egin zen alderdiko militante, eta industria ingeniaria da lanbidez.

Angela Merkelen gobernuak dioenez, 2022rako itxiko dituzte Alemanian gaur egun dauden hamazazpi zentral nuklearrak. Lorpen bat al da hori Berdeak alderdiarentzat?

Erabakia lorpen izugarria da Berdeek urteetan aldeztu duten politikarentzat. Baina ez Berdeentzat bakarrik, baita energia nuklearraren kontrako mugimendu guztientzat ere. Gobernu federalean parte hartu genuenean, geure kausa bihurtu genuen energia nuklearra bertan behera uztea eta energia politikan aldaketa nabarmen bat eragitea. Harrezkero, erabaki horien kontra aritu izan dira gobernu guztiak. Orain, galdu egin dute borroka hori. Berdeen politikaren ondorio ere bada emaitza hori, energia iturri berriztagarriak sendotzen aritu baikara. Saiatu ginen energia berriztagarrien horniduraren %12,5 lortzen 2010era bitartean; eta %17raino iritsi ginen. Arrakasta horrek argi erakusten du argindarraren hornidura berma daitekeela energia nuklearrik gabe.

Hala ere, gobernuak gai horren inguruan egin berri dituen akordioak kritikatu dituzte Berdeek. Zein gaik sortzen dute eztabaida?

Nolanahi ere, zehatz-mehatz aztertuko ditugu lege proiektuak. Nire kezka da ez dela behin betikoa energia nuklearra bertan behera uzteko erabakia, Angela Merkelen gobernuak aurkeztu duen moduan. Gure eginkizuna da, hain zuzen, betiko dela bermatzea. Eta, horretaz gainera, badira beste bi kontu garrantzitsu: gobernuak hitzeman zuen sei zentral nuklear itxiko zituela pixkana-pixkana 2021. urtetik hasita. Ikuspegi teknikotik, horrek ez dauka zentzurik, energia nuklearra modu jarraituan bertan behera utzi beharra baitaukagu, energia hornidura orekatzeko. Aztertu egin dugu kontua, eta horrela jokatuz gero, teknika eta ekonomia aldetik 2017rako utziko da erabat bertan behera energia nuklearra. Gobernuak gauza bakar bat egin behar du: aldaketa hori azkarrago eta etenik gabe egitea erabaki. Gobernuaren beste proposamen batzuk ere kritikatzen ditugu: esaterako, energia berriztagarrien ekonomia garatzeari buruzkoak. Alde horretatik, askoz ere aukera gehiago daude. Ezin ulertu dugu nolatan tematu den gobernua Gorleben hiritik hurbil ezartzen hondakin atomikoen biltegia; protesta mugimendu sendoa sortu da han.

Zure ustez, gobernuak irtenbiderik aurkitu nahi al dio energia nuklearra bertan behera uzteari?

Bai, horixe da gure kezketako bat. Horri dagokionez, gobernuak badu estrategia bat, Erreserba Hotza izenekoa. Zentral nuklear bat aldi baterako ixtea, ordea, amarru bat da teknika aldetik, eta zentzugabea ekonomia aldetik. Halako trikimailu arriskutsuak saiatu ordez, gobernuak azaldu beharko luke energiaekoizteko zer-nolako gaitasuna dagoen benetan. Orain arte, enpresen datuez fidatu izan da, eta ez du ikerketa independenterik eginarazi. Ez du aztertu bestelako biderik ere. Jakin ere ez daki zenbat ikatz zentral termiko zahar berrabiatu ahalko dituen ere. Horregatik uste dugu ez direla sinesgarriak gobernuaren promesak.

Sozialdemokratek Konstituzioan jaso nahi dute energia nuklearra baztertzea. Behar besteko segurtasun juridikoa emango al lioke?

Badu bere zentzua Konstituzioan jasotzea energia nuklearra bertan behera utziko dela; hartara, urte askoan iraun duen gatazka bat amaituko genuke behingoagatik. Baina ez dugu korrika eta presaka aldarazi nahi Konstituzioa. Beste asmo bat da urtebete aurreratzea zentral nuklearren itxieraren inguruko datua, presioa areagotzeko, 2021ean egingo baitira legebiltzarrerako hauteskundeak.

Eta aurrerantzean Alemanian energia nuklearrik ez bada erabiltzen, zer gertatuko da Berdeekin? Azken batean, zuen alderdiak lotura estua izan du historian energia nuklearraren kontrako mugimenduarekin?

Ez dut uste ondorio kaltegarririk ekarriko dionik Berdeak alderdiari. Berriro diot: guretzat, arrakasta handi bat da energia nuklearra bertan behera uztea. Berdeok bakarrik berma dezakegu zentral nuklearrak itxitakoan sendotu egingo ditugula energia berriztagarriak. Aldaketak eragitearren egiten dugu politika guk, eta ez inkestetan emaitza onak lortzearren. Ez dut uste lanik gabe geratuko garenik ere. Energia nuklearra bertan behera uztea izango da lehenbiziko urratsa, baina baita garrantzitsuena ere. Orain, egiaztatu beharra daukagu ea politika aldaketa hori benetan gertatzen den. Gobernuak aurkeztu berri dituen lege proiektuek ez dute aditzera ematen aldaketa horiek aurrera eramateko prest dagoenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.