«Apokaliptikoa dela esango zenuke, ikusiko bazenu»

2005eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Mikel Andoni Etxaurtitzek New Orleansetik ihes egin zuen Katrina igaro aurretik. Houstonen dago (Texas), bere senideekin. Telefonoaren, Interneten eta telebistaren aurrean ematen ditu orduak, desagertutako lagunen inguruko informazio bila.

Zein egoeratan zaudete New Orleanseko euskal jatorriko herritarrok?

New Orleanseko euskal herritar gehienek dute bizilekua Pontchartrain lakuaren inguruan, hiriaren kanpoaldean. Guztiz suntsituta dago hiria. Euskal jatorriko gehienak eta euskal jatorrikoak ez direnak ere etxerik gabe daude, lanik gabe eta konponbiderik gabe. Galduta daude, nahastuta, aztoratuta eta norabiderik gabe. Denbora, laguntza eta munduaren sostengua eta maitasuna behar ditugu, zerbait handiago, hobeago eta indartsuagoa eraikitzeko. Eta hala sentitzen du, Louisianako euskal komunitateak ere.

Desagertutako edo hildako euskal jatorrikorik ba al da?

Katrina-k hilerri eta mausoleoak suntsitu eta gorputzak bertatik atera ditu. Orain hirian daude, ur gainean. Bizirik daudenentzat, telefonoak ez dabiltza, eta sakelakoak erabiltzea ia ezinezkoa da. Jainkoak bakarrik daki hildako milaka pertsonaren artean euskal jatorrikorik dagoen, baina seguru nago baten bat izango dela.

'Katrina'-k eragindako sarraskia nola deskribatuko zenuke?

Gure hiria hondamendian dago. Hondakinak alde guztietatik, hildakoen gorpuak edonon, ura, zaborra, eta hilobietatik atera diren hildakoen gorpuak edozein tokitan. Hiriaren zati handiena itsasoaren mailatik 3 edo 5 metrotik azpira dago. Hiria iluntasun ustel eta ur nazkagarri hauen azpian desagertuta dago,ozeanoko ura, blakukoa, etahondakinetakoak nahastuta daude; garai batean hiri eder bat zena, urperatuta dago. Ikusiko bazenu, apokaliptikoa dela esango zenuke, baina amaieraren hasiera besterik ez da. Lagun bat hiriraren alde zaharrean dago. Blokeatuta dago. Ez dago autorik inon, ez telefonorik, ur edangarririk, komunik aire egokiturik edota garbitzeko urik. Egunez 37,8 gradu daude. Leihoak hautsita daude, gerra zonaldea dela dio. Dendetan sartzen dira bitxiak, garagardoa, eta telebista eta irrati modernoak lapurtzera. Polizia tirokatu dute; tiroketa bat izan zen, bi pertsona denda bera lapurtzera zihoazelako. Jendea zain da teilatuetan, haien bila joan daitezen. Etxeetara sartzen ari dira, seguruenik baita nirera eta nire ingurukoenetara ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.