Leku-lekutan

Uda kurdua

Kristina Berasain Tristan.
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ostiraletik larunbaterako gauean bertan behera utzi behar izan zuten jazz kontzertu bat Istanbulen. Abeslarietako batek bere ama hizkuntzan kantatzeari ekin zion. Horixe baino ez. Edo horixe guztia. Horixe, azken batean. Hainbat ikusle botilak jaurtitzen hasi ziren agertokira momentu hartan. Eta zalaparta piztu zen. Sekulakoa. Kontzertua bertan behera uzteraino. Pasarte deigarria litzateke, ez balitz horren atzean estaturik gabeko munduko nazio handienak bizi duen metafora ezkutatzen delako. Ezin kantatu, ezin mintzatu, ezin izan. Ezintasunen aurka eraiki izan den herria izan baita kurdua. Lehen eta orain. Hatip Dicle, Selma Irmak, Faysal Sariyildiz, Gulser Yildirim, Kemal Aktas eta Ibrahim Ayhani galdetzea baino ez dago. Azken hauteskundeetan kurduen ordezkari izateko aukeratu zituzten, baina parlamentuan egon beharrean kartzelan daude seiak, legeak diputatuei aitortzen dien immunitatea beraientzako ez delako, zergatik eta kurduak direlako.

Duela hilabete pasatxo egin ziren bozak Turkian. Eta ekainaren 12ko gauean, igandearekin, auzi kurduak behingoz beste norabide bat hartuko zuela pentsa zitekeen. Emaitzek piztu zuten itxaropenerako zirrikitua; izan ere, hautagai independente kurduek inoiz baino ordezkari gehiago eskuratu zituzten Ankaran. Lehen hogei diputatu zituzten, eta orain 36 dituzte: 2.860.050 boto. Marka!

Hilabeteko epean, baina, kontrakoa gertatu da; esperantza guztiak zapuztu dira, eta azken urteetako egoera makurrenean dira berriro ere Ipar Kurdistanen. Krisi politiko sakonean eta gerra baten atarian. Bakea eskaini, eta gerra jaso baitute urteetan kurduek, gatazka konpontzeko urtetan egin dituzten ahalegin guztiak antzuak izan baitira, horretarako borroka armatua bazterrean utzi eta bide politiko eta demokratikoak baliatu badituzte ere. Turkiak, hala ere, entzungor egin die.Eta euren kontrako jazarpena gogortu du beste behin.

Kurduek, horregatik, plataforma zabal bat eratu eta autonomia aldarrikatu dute aste honetan bertan. DTK Gizarte Demokratikoaren Kongresuak zehaztu du euren xedea ez dela estatu bat suntsitzea beste bat eraikitzeko; baina, aldi berean, argi utzi du herri kurduak bere burua gobernatu ahal izateko sistema bat bilatuko duela. Orain arte jaso dituzten promesak hutsean gelditu baitira, baita lehen ministroaren ekimen kurdua deiturikoa ere, gatazkari irtenbidea emateko asmoa zuena. Eta Erdogan azkenera arte joateko prest agertu da, oraingoan demokraziaren oinarriak zeharo urratuta. Parlamentuari boikota egitearekin batera, beraz, beren bideari ekin diete kurduek «autogobernu demokratikoa» aldarrikatuz. Lehen ministroaren erantzuna, baina, azkarra izan da, kurduen autonomia deklarazioak ez duela aldaketarik ekarriko zehaztuz: «Nazio bat, bandera bat; herrialde bat, estatu bat printzipioan ez dugu atzera egingo». Eta ez hori bakarrik. Diyarbakirrera elitezko soldaduak bidali, eta urriaren 1era bitartean larrialdi egoera ezarri du. Kurdistanen azken 27 urteetako neguak beltzak izan dira, baina aurtengo uda ere beltza izango dela aurreikus daiteke hasi baino ez denean egin. Murat Karayilan gerrillarien buruak mendietatik ohartarazi du erresistentzia gogorra izango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.