Italia lur jota eta itota uzterako, ahotsa sanba doinura emana izango da; disko berria promozionatzen, behin-behineko gobernua zenbakiak egiten dagoen bitartean. Ez da oso urruti joango, badaezpada, politika behar beste erabiliko du-eta auziez immunizatzeko. Gobernuaren agonia amaitu da, baina Silvio Berlusconi ez da hil. Ez da espetxera joango adingabeekiko prostituzioa neska politenganako irrikarekin nahasteagatik; haiekin larrua diru truk jotzea homosexual izatea baino hobea dela esateagatik; ez horregatik, eta ezta botere gehiegikeriagatik, demokrazia bere legera ekartzeagatik, ustelkeriagatik, lapurtzeagatik edota duintasunaren kontrako ekintzengatik ere.
Berak kontrolatzen dituen telebistetan kantatuko du, silikonaz jositako emakumeen ipurdien erritmora, eta esparru publikoan aritu baino etxean familia zaintzen egotea nahiago duten emakumeen mundua aberasten jarraituko du —haren ustez, hori da gaurko emakume guztien helburu nagusia; ez dago zentzuzkorik nahiago duena Erromako gobernuan aritu, etxea utzita—. Mundura bere leihoa irekiko du, eta handik irudimenez zipriztinduko ditu traidoreak, emakume itsusiak, zaharrak eta bizkorrak.
Aste osoko ahuleziak barkatuko dizkiote igande goizetako mezetan: arratsaldean futbolera joango da, eta gauean dantzatzera, bizitza maite duelako.
Sardiniako etxea zainduko du. Enpresak ere bai, aspaldian izenez aldatuta, eta sosak Uruguaiko bankuetan utzi behar izan gabe, mafiek gotortutako banketxeetan seguru daudelako.
Muammar Gaddafi haren laguna Surt jaioterrian hil zuten, lurrean ostikoz txikitu zutela ziurtatu ondoren, hark ez zuen-eta besterik merezi: gehiegikerien ordaina zen. Hura diktadorea omen. Sanbalaria, demokrata.
Italia. Gobernu aldaketa. Analisia
Sanba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu