Analisia

Kalkulagailu diplomatikoa

Independentziazaletasunaren emaitzak onak dira, ez bikainak, Kataluniako Parlamentuaren gehiengoa osatzeko behar diren 68 eserlekuak aise eskuratu dituelako Junts Pel Siren eta CUPen baturak: 72 lortu dituzte bien artean.

Antonio Baños, emaitzak ospatzen. QUIQUE GARCIA / EFE
martxelo otamendi
2015eko irailaren 28a
07:43
Entzun

Baina ez dira bikainak, lortutako kopurua, 72, tesisirik apalenetan agertzen zelako, ez gaur egun osoan  independentziazaleek parte hartzearen hazkundea ibar abertzaleenetan gertatu dela ikustean egindako kalkuluetan. Independentziari dagokionez, ezin dira emaitzak, ñabardurarik egin gabe, 2012koekin alderatu, azken hiru urteotan panorama asko argitu delako, eta prozesuak bakoitza bere lekuan jarri duelako. Baina 2012koan, CiUk eta ERCk, bat eginda, 71 zeuzkaten, 50 CiUk eta 21 ERCk; eta, atzo, Juntsek 62. Handia da aldea, gutxienez 64 ateratzea espero zutelako.

Arestian aipatutako argipenak Unio kanpo utzi du, ez erabat, ordea; ez dezagun ahaztu Unioren erdia inguru Junts Pel Sira pasatu dela. Unioren erdia joan, baina ANC eta Omnium elkarteek bat egin dute Juntsekin, eta Romeva Iniciativatik dator, eta ez zen bakarrik etorriko. Atzo Juntsek lortutako datuek iradokitzen dute, analistek esango dutenaren zain, botoak ez direla Uniotik bakarrik irten, Convergenciatik ere irten direla botoak. Zer emaitza edukiko zituzketen Juntsekoek zerrendetan ANC, Omnium, LLuis Llach… eta estilo horretako hautagaiak aurkeztu ez balituzte?

Esquerrak ere galdu ditu botoak, espero bezala, CUPera joan direnak.

Etxeko lana ondo eginda aurkeztu dena CUP izan da. Denbora beharko da jakiteko nondik hazi den eserleku kopurua hirukoizteraino, zein neurritan ERCtik eta zeinetan Iniciativa eta Podemetik. Catalunya Si Que Es Pot zerrendaren emaitza txarrek adierazten dute dezente joango zirela soziologia horretatik CUPera, Pablo Iglesiasek erakutsi duen jarrerak bultzatuta.

Emaitzek, besteak beste, Katalunia independentziara eramateko prozesuaren abiadura neurtzeko balio zuten, autoak eramango duen martxa ez delako berdina 72 eduki edo 76. Eta politikan, are gutxiago diplomazian, ez dute funtzionatzen martxa automatikoek.

Gehiengo erosoa dauka Kataluniako independentziak parlamentuan. 72 aski dira kalkulagailu parlamentariorako, independentzia prozesuari dagozkion bozketetan. Eskas geratu dira, baina, kalkulagailu diplomatikorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.