urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

Independentziaren aitorpena

2012ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Tomislav Nikolic-ek orain arteko mezu ultra leunduta irabazi zituen Serbiako hauteskundeak. Gainontzekoa, Boris Tadic Europazaleak ekarri zion, ia Espainiaren pareko langabezian baitago Balkanetako herrialdea. Inkestak aurka izan arren, Nikolic gailendu zitzaion mendebaldearen hautagaiari duela aste bi.

Presidente berriak ez du, horratik, erabateko trabestismo politikorik egin. Europako Batasunarekiko jarrera aldatu du, sartzearen alde, baina argi utzita ez dagoela Kosovoren independentzia negoziatzeko edo trukean onartzeko prest. Era sinbolikoan mintzatu zen, Serbia «bi atedun» etxea zela nabarmentzean: zabalik dago Europara begira daukan atea, baina ez du Errusiarekiko lotura historiko estua uzteko asmorik. Eta Moskura egin du lehen bidaia, presidente kargua hartzeko bezperan.

Nonbait 800 milioi dolarreko laguntza agindu dio Vladimir Putinek azpiegiturak hobetzeko. Eta Nikolicek, esker ona agertzeko, Georgiatik bereizitako Abkhazia eta Hego Osetia estatuak aitortzeko prest dagoela esan du. Parlamentura eroango ei du proposamena. Serbiar nazionalismoak Moskurekiko morrontza handia izanda ere, ez dirudi oso sinesgarri Putinek horrelako ekintza suizida bultzatzea. Besteak beste, Belgradi Europako ateak itxiko lizkioke ia inork aitortzen ez dituen estatu horiek babesteak. Egia da mendebaldearen aurka arrakasta txikia izan duela Errusiak, Hego Osetia eta Abkhazia txotxongilo gisa erabilita (horrek ez du esan nahi abkhaziar independentistek ez dutenik beren estatuan sinesten). Hurbileko herrialdeek (Siria, Bielorrusia, Kazakhstan) ez diote lagundu, sezesio gaiekiko beti errezeloz baitabiltza. Urrunera, Latinoamerikara eta Ozeaniara joan behar izan du, eta hor ere, asko kostata, Venezuelak eta beste hiru estatuk soilik onartu zituzten Abkhazia eta Hego Osetia. Estatuak zatitu eta berriak sortzearen artean, arrazoi indartsurik ezean, estatuek status quo-aren alde egiten dute.

«Kosovok Belgraden kontrolpean behar luke, baina Abkhaziak eta Hego Osetiak merezi dute independentzia», esan du Nikolicek asteon. Georgiak harrituta jaso ditu hitzak, eurak ere nazio kristau ortodoxoa direla gogorarazten, eta Europara begira daudela. Bi kasuek loturarik ez dutela esanda ere, ezinbestekoa da paralelismoa: 2008ko otsailean aldebakarreko aldarrikapena egin zuen Kosovok, eta mendebaldeak onartu. Errusiak George W. Bushen morroi bihurturiko Georgiari eraso eta Abkhazia eta Hego Osetiako independentziei babesa eman zien abuztuan. Kosovok hura ahalbidetzen zuela gogorarazi zuen Putinek. Lotura begi bistakoa da —are gehiago, Tbilisik, AEBren laguntasun eta guzti, ez du Kosovo onartu, kontraesana agerikoa litzateke eta—. Gero Hagak utzi zuen argi, duela urte bi, Kosovoren independentzia aldarrikapena ez zela legez kanpokoa, aldebakarrekoa izan arren.

Ordutik onarpenaren gatazkan daude gatibatuta, bai Kosovo, bai Abkhazia-Hego Osetia.

Aleksandar Pavkovic eta Peter Radanen Estatu Berriak Sortzen liburuan, historikoki sezesio guztiek dauzkaten lau ezaugarri laburbiltzen dituzte: lurralde zehatza, lurralde horretakoa (sentitzen) den biztanleria, biztanleok desberdinak direla nabarmentzen duen eta horien babesa lortuta independentzia aldarrikatuko duen mugimendua eta, hori gertatuta ere, aurreko estatuaren (host state ingelesez) edo nazioarteko estatu gehienen onarpena (recognition). Azken hori gertatu ez edo nahikorik gertatu ez den kasuetan gatazka izoztuak geratu dira. Independenteak dira de facto, estatua ere eratu dute inoiz, baina nazioarteko onarpenik gabeko linbo juridikoan daude. Horixe Azawaden dagoena, horixe Somaliland, Ipar Zipre, Abkhazia, Nagorno-Karabakh, baina baita, aldeak alde, Kosovokoa ere. Pristinak estatu askoren onarpena dauka, baina gehiago dira oraindik onartzen ez dutenak. Eta ez dute aitortuko Serbiarekin akordiorik izan eta ontzat eman arte. Ondorioak: Kosovo ez dago Nazio Batuetan, Kosovo ez da Olinpiar Jokoetan izango, beti Serbiaren betoarekin egingo baitu topo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.