Ama-hizkuntzen eguna izan dugu asteon, asteartean, hilaren 21ean. Yucatan maiatik Txile maputxera, Hegoafrikatik Malira, Asia Hegoaldean, Australian zein Kanadan, izan da ospakizunik. Bakea eta Demokraziaren Alderdi (BDP) kurduko diputatu batek, kurdueraz, armenieraz, grezieraz, lazeraz, asirieraz, zirkasieraz, arabieraz eta turkieraz esan zuen: «neba-arrebok, ohorea da norbere ama-hizkuntza». Amed hiriburuan Ehmede Xani Hizkuntza eta Literatura Kurduaren Institutua ireki dute. Ez da meritu txikia, azken urteotako turkiar oldarraldi basatienaren erdian.
Inperioetako hizkuntzek ez zituzten menperatutako herrienak ordezkatu oso berandu arte. Herrien sumisioa eta zergak ordaintzea aski izan ohi zuten otomanoek, austriarrek eta bestek, erabateko asimilazioa bilatu gabe ere. Egun, estatu-hizkuntza nagusitzeko ahaleginean dihardute askok oraindik, Pekinetik Riadera. Mendebaldean, berriz, ingelesa gailendu dela jakitun, hizkuntzak babesteko politikak nagusitzen dira Australiatik Estatu Batuetara. Beranduegi denean, ahal dena jaso, museoan eder geratu dadin. Hala diosku Joxe Manuel Odriozolak: «asimilazioak bere lana egina baldin badu (...) hildurak jotako hizkuntza eskolaratzeak zer-nolako ondorioak dakartza? Hutsaren hurrengoak, uste izatekoa denez. Ez dauka zertan kezkaturik Estatuaren nazionalismo totalitarioak» (Estatu etnozidaren kontra, 2011). Frantzian eta Ipar Euskal Herria gogoan hizkuntzaren folklorizazioa deitzen dio, «hainbat jende pozarren lehertu ohi da. Eta ez da harritzekoa, zeren ez baitu halakorik ezagutuseguru asko bizitza osoan». Bada, Nicolas Sarkozyk badu zertan kezkatua, nonbait, Frantzia maite duenak ezin baitu eskatu Europako Hizkuntzen Karta izenpetzea. Berak sinesten ei du hizkuntzen iraupenean, baina «gutxiengo guztiei hizkuntza eskubideen aitorpenean, horiek Europako Gorte baten kontrolpean uzteko, zeinak gure historia nazionala eta tradizio errepublikanoa aintzat hartu gabe jujatuko baitu». Ezin ukatu argi mintzo dela. Aitor Renteriak bikain laburbiltzen du kazeta.info-n: «Esklabista zaharren garaira itzuliz, jabe onak esklaboei erran zien askatasuna ezinezkoa dela, baina eskuzabala dela eta badakiela ezikusiarena egiten. Akta ofizialak frantsesez egiten direla eta ondoan euskarazko itzulpena jar daitekeela. Txineraz, bantuz edo proto-euskaran eginen balira bezala, apaingarri, exotiko».
Exotismoa ez da beti haizu, baina: Ama-hizkuntzen egunaren biharamunean, paragrafotxo baten irakurri genuen Izarbeibarko euskararen ordenantza Legearen aurkakoa dela, ezin dituela dokumentuak elebitan egin. Izena ere ukatzen dio, Valdizarbe soilik behar du. Izenik gabe izanik ez. Lehenago Tafallak legez, Miranda Argak eskatu berri du eremu mistoan sar dezatela herria.
Bitartean, BBCk, Txillardegitik abiatuta, galesaren eta euskararen antzekotasunak (azalera, hiztun kopurua), eta desberdintasuna nabarmentzen zituen: Hegoaldeko erakundeek Galeskoek baino lau aldiz diru gehiago ei darabiltzate euskara bultzatzeko. Politikoki britainiar pragmatismoa goratzen ari garen aldian, ifrentzuak beldurra ere badakar. Irlandako gaelikozko telebista zuzendariak hala zioen abenduan Bilbon egindako jardunaldietan: Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatutako herrian, zelan konbentzituko ditut Gobernua eta herritarrak gaelikozko telebista beharrezko dela eta dirua behar duela, ospitaleak ixten ari direlarik?
Txillardegik berak esan zuen Irlanda ez zela eredu. Baina inspirazio iturri ziren herrialde baltikoek ere zer ez egin erakutsi dute berriki. Letoniak ezetz esan zion errusiera ofizialtzeari, espero bezala, duela astebete egindako erreferendumean. Eslaviar biztanleen hankasartze estrategikoa izan da, letoniar abertzaletasuna hauspotu du errusiar «mehatxuaren» aurrean. Estatu gisa hondoa jota dago, biztanleen ehuneko 15 boto-eskubiderik gabe oraindik eta ofizialki baztertuta egon arren, errusiera da nagusi bai Rigan bai hainbat hiritan, ekialdean bereziki.
Haserretu da Vladimir Putin Letoniarekin, lehen Estonian istiluak hauspotu zituen legez. Haserre egin zuen herenegun berba, datorren asteko hauteskundeetan datu guztiak alde ez dituelakoan. Errusiartasunez hanpatuta, hilak 23 zituela ezaxola. Txetxeniarren genozidioaren urteurrena da, Stalinen aginduetara nazio osoa trenetan sartu eta Kazakhstanera bidaliko zituenekoa. Erdiak ez ziren iritsi.
Leku-lekutan
Hizkuntzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu