Oriol Junqueras.
Katalunia. IRITZIA

Elkartasuna, norbere buruaren defentsa bidezkoan

2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Pentsatu nahi nuke laster itzuli ahal izango naizela Tolosara, sagardo garaia hastean. Urte batzuetan, otsailean tartetxo bat hartzeko zortea izan nuen, eta sagardotegi batera joan nintzen bazkaltzera edo afaltzera, adiskide on batzuen konpainian, bazter berde horietan, N-1 errepidetik Goierrin barrena, non, dirudienez, euria egiten baitu hain maiz. Esan beharrik ez dago behin baino gehiagotan itzuli naizela; azken urteotan ez naiz joan, nahiz eta noizbait komentatu eta prestatu ere egin genuen, gogoa ez baitzen falta. Azkenean, agenda ezin bihurriago batek galarazi egin zidan. Orain dela pare bat urte bai, itzultzeko modua izan nuen, udan, familiarekin egonaldi lasai bat egin nahian, Kataluniako abaila zorotik urruti. Halakoxe erritmoa inposatzen baitzuten agenda politikoak eta gizartearen esnaldiak: gizarteak, ispiluari begiratu, eta gogoko zuen zer ikusten zuen, eta harro zegoen bere emantzipazio grinaz; nahi horrek mobilizazio jendetsuak zekartzan, beti gizalegez eta jai giroan eginak. Erritmo bizi-bizia izan da Kataluniako politikaren etengabeko ezaugarrietako bat. Hasieran, txantxak egin zituzten, ohiko mespretxuaz eta erdeinuaz. Edo hori eman zuten aditzera. Barregarri uzten zituzten kaleko eskaerak, eta jakin-minez baina harriturik begiratzen zieten. Souffle-a aipatzen zuten, eta guk, berriz, hitz egiteko eta ados jartzeko eskatzen genuen, botoa eman eta Kataluniaren geroa erabaki ahal izateko. Gehiengo isilari dei egin, eta auzitan jartzen zuten gure botoen eta mandatuaren zilegitasuna. Souffle-az mintzatzen segitu zuten, hitz egiteari bide guztiak ixten, Kataluniako Parlamentuaren eta Gobernuaren erabaki eta proposamenak onartzeari uko egiten.

Baina, esana zigutenez indarkeriarik gabe dena lor zitekeela, bada, eginahalean segitu genuen, eta esan daiteke ezen, harrigarria bada ere, ez zela zakarrontzi bat bera ere puskatu kalean milioi bat lagun jarrita ere. Nahiz eta Espainiako Gobernuaren oldarkortasuna gora eta gora ari zen, irribarre batez erantzuten segitu genuen beti. Indarkeriarik gabe dena lor zitekeen; esaldia ezaguna egingo zaio akaso baten bati. Azkenean, indarkeria ere izan da, bai. Baina urriaren 1ean botoa ematera joandakoek sufritu zuten, borraka eraso baitzieten, eta mila lagun baino gehiago zauritu. Hau da, pairatu egin dugu indarkeria, sekula ez erabili. Orduan okertu ziren irribarreak. Orduan utzi genion la revoluciĆ³ dels somriures, hau da, irribarreen iraultza izateari. Gero, indarkeriak hor segitu du, gure kaleetan, eskuin muturra inpunitate osoz ibili da eta. Kolpeak eta jipoiak, gauez nahiz egun argiz, pertsona baketsuen kontra. Gero, 155.a edo dena batera. Eta, azkenik, espetxea. Eta zakarrontzirik puskatu gabe segitu dugu, eta euro bat ere lapurtu gabe (beste batzuek ezin dute beste hainbeste esan); zapalkuntza, bidegabekeria guztiak eta eskuin muturraren eraso zigorgabeak gorabehera, gurean segitzen dugu, katalanen eran, Euskal Herriaren adiskide min Joan Tardak dioen bezala esanda, gizalegez eta tinko.

Euskal Herri berde, alai eta borrokalari horrek elkartasunez jokatu du Kataluniarekin azken asteotan, eta bihotz-bihotzetik eskertu nahi diot. Asteburuan Bilbon eta IruƱean izaniko manifestazio jendetsuak, milaka aterki adeitsu eta harro haiek euri atergabearen pean: horra hor irribarre handi batez jaso dugun babesaren erakusgarri batzuk. Ez da lehenbiziko aldia. Baina, zer esanik ez, orain gauden bezala egonda, izugarri estimatzen da.

Mila esker. Zinez, uste dut Euskal Herriaren eta demokraziaren defentsa bidezkoa ere badirela manifestazio horiek. Eta hala behar du izan. Auzokoaren bizarra mozten dakusazunean, sar ezazu zeurea urean. Hordialdi nazionalista bete-betean, PPk ez du dudarik izan 155.aren eragin eremua zabaltzeko, PSOE esaneko bat baitu ondoan. Eta mehatxu egin du, disimulurik gabe, beste toki batzuetan ere ez ote duen erabiliko bere Konstituzioaren artikulu hori. Badirudi zera esaten ari direla: bururatzen bazaizue euskal populuak eskubidea duela bere botoen bidez erabakitzeko (nahiz eta indarkeriarik gabe gauza guztiez mintza daitekeen; halaxe segurtatu ziguten behin eta berriz), bada, 155.a ezarri, eta bertan behera utziko dizkizuegu erakunde guztiak. Ba, horixe. Horrelaxe gabiltza. Nire aldetik, Kataluniako Gobernuko kide kartzelatu guztien izenean, berriro eskertu nahi dizuet zuen babes guztia, euripean, hotzak. Babes epel hori udaberriko haize kirria da. Halako zaparradekin ere milaka izan bazineten Euskal Herriko kaleetan, ez dago dudarik berriz irri egingo dugula, samaldaka egin ere, eguzkia ateratzen denean. Euria euri, eta gure sineste sendoen oinarriak astintzen saiatuko diren ekaitzak ekaitz, eguzkia berriro sortuko da denontzat. Baita Euskal Herri intsumiso horrentzat ere.

Besarkada bat denoi. Eta laster arte, lagunok. Aurrera segitzen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.