Itxura guztien arabera, Parti Quebecois independentistak irabaziko ditu etzi Quebeceko hauteskundeak. Inkestek bozen herena ematen diete, boterean diren liberalek eta Quebeceko Etorkizunerako Koalizioak baino bospasei puntu gehiago. Biek ere botoen % 27-28na eskuratuta, independentistek gutxieneko gobernua baino ezingo lukete osatu, eta nekez lortu independentziarako hirugarren erreferendum bat deitzeko beharrezko botoak. 1980 eta 1995ean bozkatu zuten Quebeceko herritarrek Kanadatik bereiztearen aurka. Lehen aldian independentziaren aldekoek nabarmen galdu zuten, baina hurrengoan emaitza estuagoa izan zen: %49, 42k bozkatu zuten baietz.
Euskal Herritik interesez baina errezeloz ere jarraitu izan zaio Quebeci. Nolabait, berezko hizkuntza daukan herrialdeak ikastekorik ezer gutxi baleuka legez kolonoen ondorengoen Amerikako nazio bati. Nazio hori, gainera, euskarari mehatxu egiten dioten bi hizkuntzetako baten nazionalismoan, frantsestasunean oinarritzen delarik.
Azken batean, sezesio prozesu baten garrantzitsuena, emaitzaz haratago, prozesua bera da. Eta Quebecen erreferendumak mugarria izan dira mundu osoan. Sarritan han-hemengo independentistek bestela saldu arren, sezesio-prozesuak asko dauka dramatikotik, estaturik demokratikoenean eta gerra mehatxurik ez dagoenean ere.Estatuarekiko kexuak dituen lurralde bat bere buruaren jabe dela erakusten duen froga argienetakoa da sezesiorako baldintzak adostea. Kanadak heldu zion bide horri, eta Quebecek bereizteko balizko baldintzei buruz galdera egin zion Auzitegi Gorenari 1998an. Paradoxikoa badirudi ere, independentziari buruz egin diren erreferendum askotan biztanleek ez bereiztearen alde egin dute. Nolabait, estatuarekiko kexuen aurrean, estatu horrek berak aski zabaltasun baduela erakusteak, grina sezesionistak baretuko balitu legez. Liberalismo anglosaxoniarraren abaroan bozkatu dute Quebecek (birritan), Bermudak (1998an), Puerto Ricok (aurten hirugarrenez egingo du, eta independentziak babes txikia dauka), Karibeko Nevis uharteak, eta behin ere ez da gauzatu independentzia. Montenegrok doi-doi eta Hego Sudanek botoen ia ehuneko ehunarekin, aldiz, bereiztearen alde egin zuten.
Esan bezala, Quebeceko erreferendumaren garrantzia, gerora Kanadako Auzitegi Gorenak adierazitako bidean datza neurri handi batean, gatazka sezesionisten konponbiderako bide-orri ezin egokiagoa markatzen duena. Hainbat puntu garrantzitsu ditu:
•Probintzia batek (Quebecek), ez dauka autodeterminazio eskubidea aldarrikatzerik sezesiorako. Eskubide hori egoera kolonialetarako eta bere burua gobernatzen ez duten lurraldeetarako dela ulertzen du epaiak.
• Halaber, probintziak ez dauka bere kabuz, aldebakarrez, independentzia aldarrikatzerik.
• Baina, probintziak era nabarmenean estatutik bereizteko borondate argia adierazten badu, bi aldeak —probintzia eta estatua, edo hura ordezkatzen duen gobernu zentrala— behartuta daude fede onez negoziatzera.
Erreferenduma sezesiorako biderako abiapuntu gisa adierazten du, beraz. Ur handiagoetan ere sartzen da epaia. Botoen erdiak aski diren galdetu zuen Kanadak. Quebecek hala dela dio. Auzitegi Gorenak, gehiengo nabarmena eskatzen du, kopurua zehaztu barik. Hori aintzat hartuta, Montenegrok erreferenduma antolatu zuenean Veneziako Batzordea deiturikoak botoen % 55 inposatu zion Podgoricari. Oso boto gutxigatik lortu zuten. Beldur handienetakoa zen zer gertatuko ote zen baietzak hori baino gutxiagogatik irabazi balu, % 53rekin esaterako. Eskozian argi geratu den beste auzi bat ere Quebeceko erreferendumak nabarmendu zuen: erreferendumeko galderak argia behar duela.
Esanguratsua halaber, Montenegrok gutxiengoei esker (albaniarrak, bosniarrak, e.a.) irabazi zuela erreferenduma, eta Quebecek gutxiengoen erruz (etorkinak, anglofonoak, cree, inuit eta gainontzeko indigena amerindiarrak) galdu. Kanadako Auzitegi Gorenak argi adierazten ez badu ere, Quebec aurka egon arren, logikoa dirudien argudio bat darabil, iparraldeko cree indigenen alde: Kanada zatikagarria baldin bada, berdintsu izan beharko luke zatikagarri Quebecek. Are gehiago, probintziaren zati handi bat inoiz frantsesa izan ez delarik, baizik eta 1912ko erabaki administratiboa, horren ondorioz baitira Quebeceko zati iparraldeko cree lurralde zabalak. Pentsa liteke, gurean lurralde historikoek duten garrantzia kontuan izanik, antzeko balioa izan lezakeela argudio horrek balizko galdeketa batean: Espainiako estatua zatikagarri bada, berdintsu ebatzi ahalko dute Euskal Herriko balizko lurraldeek haren zati izan nahi duten ala ez. Hortik behera, udalerri edo eskualdeei ere eragingo liekeen, Kanadak aipatu «fede oneko» derrigorreko negoziazioaren zati beharko luke.
Munduan ia ez dago autodeterminazioa berariaz aitortzen duen edo estatuko zati bat nola bereiz daitekeen arautzen duen estaturik. Baina egoera horren aurrean, herri demokratikoek auzia negoziatzen eta arauak ezartzen saiatzen dira. Horretan ari dira Eskozian. Quebecen hori egingo du Parti Quebecoisek gehiengo nahikorik daukanean, baina ez orain, irabazita ere ez baldin badu halakorik. Quebectarrek badakite, ordea, zein den bidea: sezesioa nahi izateko lehen baldintza hori bultzatuko duen gobernua hautatzea da, eta bat egingo duen babes zabala bilatzea, Parlamentutik hasita.
Katalunian halaxe egin dute bide-orria, datozen urte parean Parlamentaren %80k erreferenduma babestuko duelakoan. Datorren astean, Diadaren atarian egingo dugu horretaz berba. Gaurkoz gera gaitezen horrekin: independentzia prozesua abiarazteko, ezinbestekoa da independentistek estaturako nahi d(it)u(z)ten lurralde(et)an boterea lortzea.
Leku-lekutan
Berriz ere Quebec
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu