ANALISIA. ITALIAKO HAUTESKUNDEAK. Azpijokoak huts egin du

2006ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Berlusconik aginteari eusteko egin zuen azken azpijokoa helburua lortzeko zorian egon da. Bozetarako lau hilabete falta zirela, hauteskunde sistema proportzionala ezarri zuen berriro alderdi txikiak zigortzen ditu eta italiarrek erreferendum bidez arbuiatu zuten, 1993an. Era berean, atzerrian bizi ziren italiarrei botoa emateko eskubidea onartu zien. Atzo goizaldera arte, ez zegoen batere argi nor izango zen Legebiltzarrerako bozetako garailea. Baina atzerrian bizi diren italiarrek Prodiren alde jarri dute balantza. Coglioni aldarrikatu dute beren burua («astakirten», hala deitu zien Il Cavaliere-k, joan den astean, ezkerreko jarraitzaileei). Horri esker, 25.000 botoko aldeagatik besterik ez bada ere, gehiengoa lortu du zentro-ezkerreko Unione koalizioak. Dena den, Italiako egunkari guztiek nabarmendu dute herrialdea «zatituta» geratu dela. Inkesta egileek okertu direla onartu dute, eta horren arrazoiak aztertzeko denbora eskatu dute. Berlusconik, berriz, emaitzak onartzeko denbora. Arratsaldera arte ez zuen adierazpenik egin, eta Prodi irabazletzat jo aurretik atzerriko botoak berriz zenbatzeko exijitu zuen.

Il Cavaliere-ren agintaldiak ez du aurreikusten zen zigorrik jaso hauteskundeetan. Ekonomia krisi egoeran utzi, iragarritakoak baino zerga murrizketa txikiagoak egin eta bere enpresa inperioa babesteko lege multzoa onartu arren, boto-emaileen ia erdiak sostengatu du. Hori ikusirik, koalizio handi bat sortzea proposatu dio Unioneri, Alemanian sozialdemokratek eta kristau-demokratek egin duten bezala. Kanpainako giro liskartsua ikusita, aditu gutxik ikusten dute posible, une honetan, halakorik.

Inkestek Prodi faborito argitzat jotzen zuten arren, errealitateak erakutsi du asko konplexuagoa dela. Il Cavaliere galtzailetzat ez jotzeko ohartarazi zuen bozen aurretik Ruggero Guarini kazetariak. Eskuineko Il Giornale egunkarian nabarmendu zuen Berlusconik arrakasta izan duela beti, inork espero ez zuenean. 1994an, ezkerra indar nagusitzat jotzen zenean, Forza Italia sortu eta bozak irabazi zituen. Ordurako, epaitegiek bere aurkako auzi ugari zituzten irekita. 2001ean ere, auzi judizialei muzin egin eta gobernura itzuli zen. Guarinik ia-ia asmatu du.

Alabaina, Il Professore-k bigarren aldiz irabazi dio. Prodi 96-98 bitartean izan zen gobernuburu lehen aldiz, Olibondoa koalizioko buru gisa. Rifundazione Comunista alderdiarekin izandako barne gatazkek eragin zuten Prodiren dimisioa. Oraingoan, osorik bete nahi du agintaldia. Horretarako, «gobernu indartsua» agindu du, bai politikoki eta baita teknikoki ere.

Erronka handia du aurrean: batetik, zentro-ezkerreko koalizio zabala gobernatzea; eta, bestetik, Berlusconik utzitako herentziari aurre egitea. Bigarrenetik hasita, eta krisi ekonomikoari aurre egitearren, Il Professore-k liberalizazio neurriak ezarriko dituela agindu du: lanbide liberalak eta enpresa txiki zein ertainen esparrua erreformatuko du eta soldatak izoztuko. Neurri horiek beraiek, ordea, barne gatazkak eragin ditzakete koalizioan. Lehenik, ordea, koalizio osoak babesten duen erabakia hartuko du: soldaduak Iraketik erretiratzea.

Beste auzi garrantzitsua Berlusconiren aurkako auzibide judizialekin eta haren interes gatazkarekin nola jokatu izango da. Zentro-ezkerreko hainbat alderdi kexu dira Prodik ez zuela Berlusconiren boterea mugatzeko neurririk hartu bere lehen agintaldian. Orain irmoago jokatuko duela agindu du Prodik. «Batzuek larrutu egin nahi gaituzte», esan du Fedele Confalonieri, Mediaseteko presidenteak Berlusconiren telebista multzoa biltzen du Mediasetek. Marco Travaglio ikerketa kazetariak, berriz, ez du uste gauzak asko aldatuko direnik: «Beste behin, izan ziur Berlusconi ez dela ukitua izango».

Bigarren agintaldiak inoiz izan ez duen karisma ekar diezaioke Prodiri. Edo agintaldia amaitu aurretik kargua uztera behartu, berriro ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.