AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiak gora egin du azken urte erdian, eta, inkestetan iragarri dutenez, bigarren indarra izango litzateke datorren ekainean egingo dituzten Europako Parlamenturako hauteskundeetan. Gainera, AfDk botoen %19 bilduko lituzke Alemaniako behe ganberan, bozak orain egingo balituzte; han ere bigarrena litzateke, inoizko babesik handiena jasota. Eta lor dezakeen arrakastaren erakusgarri, joan den abenduan lehen alkatetza lortu zuen, Pirna hirian, eta iragan igandean beste bat, Grossschirman —biak ekialdeko Saxonia estatuan daude—.
DW Deutsche Welle Alemaniako hedabide publikoko kazetari Andreu Jerezentzat, hiru faktore nagusi daude Alemaniako eskuin muturraren gorakada azaltzeko: «Alemaniako ekonomiaren atzeraldia, daukagun gobernu penagarria eta eskuin muturreko joera batzuk gizartean onartu izana».
Alemaniak Japonia aurreratu du, eta munduko hirugarren ekonomia da gaur egun. Hala ere, atzeraldi ekonomikoan dago, eta horrek herrialdean «langile pobrearen fenomenoa» sortu duela azaldu du Jerezek; langile horiek lana dute, baina hilabete bukaerara heltzeko arazoak dituzte. Egoera horrek «desilusioa eta haserrea» eragiten dituela uste du DWko kazetariak, bai langilerian eta bai erdi mailako klase sozialean. Jerezen ustez, azken horiek behe klaseko bihurtzeko beldur dira, eta horrek «aldaketa erreakzionario bat» sortu du.
Koalizio gobernua «gauzak gaizki» egiten ari dela uste du, eta «are okerrago» ari dela komunikatzen. Hiru alderdik osatzen dute gobernuko aliantza: SPD Alderdi Sozialdemokratak, Berdeek eta FDP Alderdi Demokratiko Liberalak. AfDk egoera aprobetxatu duela uste du Jerezek: «Bestelako agendak dituzte, eta oso desberdinak dira. Gobernuaren irudia oso txarra da, eta kaos horretan oposizioa egiten ondoen kokatu den alderdia AfD izan da».
Gainera, eskuin muturreko jarrera batzuk gizartean «onartu» egin direla uste du. CDU Batasun Kristau-Demokrata oposizioko lehen alderdiak AfDren jarrera berbera hartu du «immigrazioaren alor batzuetan», eta horrek lagundu egin du onarpen horretan. «Eskuin muturreko jarrerak normalizatu dira, eta horrek jendea bultzatzen du jendaurrean esatera eskuin muturreko alderdiei eman dietela botoa», Jerezen aburuz.
«Bat-batean, jendea, edo gutxienez hautesleriaren parte bat, konturatu da zer-nolako alderdia duten aurrez aurre: alderdi oso erradikal bat». ANDREU JEREZDWko kazetaria
Thomas Haldenwang barne inteligentzia agentziako buruak esan zuen, aurreko urtean, AfDn «gutxiengoekiko mota guztietako gorrotoa eta larderia» ikusten zituela, eta alderdi hori «demokraziarako arrisku bat» dela. Eta Alemaniako barne inteligentzia agentziak ere adierazi zuen alderdi horretako kideak «erradikalizatu» egin direla, eta uste duela AfD «inkonstituzionala» dela.
Jerezentzat, eskuin muturreko alderdi hori soilik baliabide «demokratikoekin» gelditu daiteke. Azken asteotan, AfD debekatzearen aldeko ahotsak ugaritu egin dira, baina Alemanian urrats hori egitea oso zaila da. Adibidez, NPD Alderdi Demokratiko Nazionala debekatzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu, «nahiz eta alderdi neonazi bat izan». Orain Die Heimat (Aberria) du izena.
Nancy Faeser Alemaniako Barne ministroak, Hammerskin talde neonazia legez kanpokotzat jo eta atxiloketak egin eta gero —iazko irailean—, esan zuen «determinazio osoz» jarraituko dutela eskuin muturreko egiturak eraisten. Faeserren ustez, Alemaniako «muturreko mehatxurik handiena» nazismoa delako oraindik ere.
Demokrazia babesteko asmoz «zuzenbide estatuaren tresna guztiak» erabili nahi dituztela gehitu zuen Faeserrek orduan. Lege aldaketa bat proposatu zuen, «mehatxu potentzialen diru iturriak eta fake news-en kanpainak» ikertzeko. Neurri berriak ezarri nahi ditu ministroak; horien artean, su armen kontrola sendotzea, eta eskuin muturreko kideak Alemaniatik irten eta sartzeko mugimenduak murriztea.
Metapolitikak ere geroz eta garrantzi handiagoa dauka, eskuin muturreko kideek beren mezuak zabaltzeko erabiltzen baitute esparru oro. Kirol klubak, gune kulturalak, bideojokoak eta eskura dituzten gune eta tresna guztiak erabiltzen dituzte haur eta gazteen artean eskuin muturreko ideologia zabaltzeko.
Urtarrileko ikerketa
Baina AfDren gorazko joera eten egin da urtarrilaz geroztik, eta bi eta hiru puntu artean jaitsi da inkestetan. Izan ere, Correctiv hedabide digitalak egindako ikerketa batean —iragan urtarrilean argitaratu zuten— jakinarazi zuten AfDko zenbait kide neonazi batzuekin bildu zirela, Alemanian bizi diren migratzaileak herrialdetik kanporatzeko plan bati buruz hitz egiteko; Alemanian jaiotako jatorri atzerritarreko jendea kanporatzeaz ere aritu ziren, ikerketa horren arabera.
Hori gauzatzeko, AfDk gobernura iritsi beharko luke, pertsona horiek Alemaniatik kanporatzeko neurriak hartu ahal izateko. Urtarrilean argitara ateratako plan horren arabera, bi milioi pertsona inguru Afrika iparraldeko eskualdeetara kanporatu nahi zituzten.
Ikerketak hautsak harrotu ditu Alemanian, eta eskuin muturreko alderdiaren aurka protestak egiten hasi ziren herrialde osoan; urtarrilaren 20ko asteburuan 1,4 milioi lagun atera ziren kalera, eta hurrengo asteetan ere milaka atera dira, hainbat herritan.
DWko kazetariarentzat, «protesta olatu» horrek eragina izan du, eta jendeari AfDren gainean zuen ikuspegia aldarazi: «Bat-batean, jendea, edo gutxienez hautesleriaren parte bat, konturatu da zer-nolako alderdia duten aurrez aurre: alderdi oso erradikal bat, zeinaren kideetako batzuek pasaportea duten herritar batzuk kanporatzeaz eztabaidatzen duten».
Alderdiaren sektore batek «nazionalismo etniko bat» defendatzen duela uste du; hau da, komunitatearen parte izateko odola dutela kontuan, eta hori «jarrera neonazionalsozialista» da, Jerezek ohartarazi duenez.