AEBetan «inoizko deportaziorik handiena» egingo luke Trumpek presidente izendatuko balute

Donald Trumpek presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagai izatea onartu du. Aurreko hitzaldietan baino tonu lasaiagoa erabili duen arren, demokraten aurka gogor mintzatu da.

Presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagai Donald Trump hitzaldia ematen, bart, Milwaukeen (AEB). JUSTIN LANE / EFE
Presidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagai Donald Trump hitzaldia ematen, bart, Milwaukeen (AEB). JUSTIN LANE / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko uztailaren 19a
13:15
Entzun

Alderdi Errepublikanoko ordezkariak astelehenean adierazi zuten Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia (2017-2021) nahi zutela beren hautagai gisa azaroaren 5ean egingo dituzten herrialdeko presidentetzarako hauteskundeetan. Erabakia Alderdi Errepublikanoaren kongresuan hartu zuten —bart amaitu da—. Hauteskundeak irabaziz gero J.D. Vance Ohioko senataria presidenteorde izango litzatekeela aurreratu zuen Trumpek aurreneko egunean ere; eta, hortaz, presidente ohiak berak hautagaitza onartzea geratzen zen soilik. Hala egin du bart, kongresuaren amaieran. Ordu eta erdiko hitzaldia eman du hautagaiak, eta azaldu du zer neurri hartuko lituzkeen herritarrek presidente hautatuko balute; migrazio politikei leku berezia eskaini dio.

2016ko hauteskunde kanpainan legez, Mexikoko muga izan du hizpide gaur ere. Trumpek Milwaukeen zeuden errepublikanoei —bertan egin da kongresua— zin egin die presidente kargua hartu eta «biharamunean» Mexikoren eta AEBen arteko muga itxiko duela. Are gehiago, haren aurreko presidentetzan harrabotsa eragin zuen harresia ere ekarri du gogora, irabaziz gero legegintzaldian amaituko duela adierazita; «gehiena jadanik eraikita dago». Hala ere, hori ez da egia. Izan ere, 800 kilometro inguru eraiki zituen, eta Mexikoren eta AEBen arteko muga ia 3.200 kilometro luze da.

Ez du soilik Mexikotik iritsitako immigrazioaren aurka egin. Izan ere, immigrazioa «urtero ehunka mila pertsona hiltzen dituen inbasio» gisa definitu du; hori dela eta, AEBetan «inoiz izan den deportaziorik handiena» egingo duela nabarmendu du. Kontuan hartu behar da AEBetan hamar milioi immigrante bizi direla «era irregularrean»; hau da, herrialdean egoteko baimenik ez dutela.

«Alderdi Demokratak sistema judiziala arma gisa erabiltzeari eta aurkari politikoa demokraziaren etsai gisa definitzeari utzi behar dio lehenbailehen»

DONALD TRUMPPresidentetzarako Alderdi Errepublikanoaren hautagaia

Mexikoko harresiarena ez da izan Trumpek hitzaldian esan duen gezur bakarra. Adierazi du AEBetako presidente Joe Bidenen legegintzaldian prezioek orokorrean %50 gora egin dutela —eta gasolioa, zehazki, %60 eta %70 bitartean igo dela—. 2021eko urtarriletik —hau da, Bidenek presidente kargua hartu zuenetik—, ordea, prezioek %20 egin dute gora. Horiek horrela, petrolio eta gas ustiapenak handituko dituela azaldu du, «energiaren prezioak merkatzeko». Ez da izan aipatu duen neurri ekonomiko bakarra, inportazio orori muga zergak ezarriko dizkiola gaineratu baitu.

Trumpek, aurreko larunbatean mitin batean tiro bat jaso ostean aurreratu bezala, tonua leundu du. Politikak eta mezuak aurrekoetan plazaratutakoen antzekoak izan diren arren, horien berri emateko era apaldu egin du presidente ohiak. Are gehiago, presidente hautatzen badute estatubatuar «ororentzat» gobernatuko duela adierazi du, «eta ez erdi batentzat»: «Gure politikak gehiegitan banatzen gaituen honetan, denak herritarrak garela oroitzeko garaia da». Era apalagoak erabili eta nolabaiteko batasun mezua helarazi nahi izan duen arren, demokraten aurkako adierazpenak ez dira desagertu haren ahotik. «Disidentzia politikoa kriminalizatzea» leporatu dio aurkariari: «Alderdi Demokratak sistema judiziala arma gisa erabiltzeari eta aurkari politikoa demokraziaren etsai gisa definitzeari utzi behar dio lehenbailehen».

«Historiako txarrena»

Alderdi Demokrataren aurkako adierazpen asko egin dituen arren, Biden hautagai demokrataren izena behin bakarrik aipatu du, «historiako presidenterik txarrena» izan dela azpimarratzeko, zehazki: «Herrialde honi egin dion kaltea pentsaezina da». Haren ustez, kalte horren parte dira, besteak beste, bere aurka abiatutako «sorgin ehiza» edota woke agenda. Azken horri dagokionez, Trumpek aurreratu du presidente hautatzen badute genero identitatearen inguruan hitz egiten duten eskolei funts publikoak kenduko dizkiela.

Ideia hori boto emaileen artean hedatu dela dirudi; are gehiago Trumpen aurkako erasoaren ostean. Izan ere, CBS AEBetako telebista kateak bart kaleratutako inkestaren arabera, Trumpek botoen %52 eskuratuko ditu, eta Bidenek, berriz, %47. Azken hogei urteetan presidentetzarako hauteskundeak irabazi dituen ezein hautagai errepublikanok ez du lortu bost punturen aldea bozetan. Bidenen hanka sartzeek haren hautagaitza kolokan egotea eragin du. Hautagai demokrata aldatuta ere Trumpek irabaziko lukeela gaineratu du telebistak. Kamala Harris presidenteordea hautagai aurkeztuko balute, esaterako, Trumpek botoen %51tik gora lortuko lituzke, eta Harrisek, berriz, %48.

Kanpora begira ere ekingo duela adierazi du presidente ohiak. Ukrainako gerrari dagokionez, «berehala» amaituko duela esan du, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko beste kideek beren gastu militarra ez badute areagotzen Kievi laguntza emateari uzteko aukera plazaratu du. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bestalde, BBCri adierazi dio Trumpekin lan egitea «gogorra» izango dela, baina prest daudela AEBekin elkarlanean jarraitzeko. Ukrainakoaz gain, Palestinakoa da gaur egun nazioarteko beste gatazkarik nabarmenena. Horri dagokionez, Trumpek Israel defendatzen jarraituko duela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.