Ezarian

Ur-jauziak eta behatokiak

Larrun mendiak historiako pasadizo ohargarri batzuk ekarriko dizkigu gogora, film baten moduan. Historiaurretik hasi eta azken hiru mendeetako gertaeren berri emango digu ibilian gabiltzan artean.

Josean Gil-Garcia.
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Sumendi baten antzera, Larrun mendia Sara, Bera eta Azkaine herrien artean nabarmentzen da. Igoera klasiko ugari dauden arren, bi orduko paseotxo bat hautatu dugu, makina bat leku interesgarri bertatik bertara ezagutzeko. Hala nola Hiru Iturrietako ur-jauziak. Ibilian hasteaz batera bi turrusta bistaratuko ditugu ibar xumean; beste bat, Hiru Iturrietako zotal-ikaztegitik jaistean. Ihizelaiko behatokiak bisitatuko ditugu ondoren, eta, azkenik, santutxoa eta behinola sai arreen ehizan baliatutako etxola.

Azkaineko harrobian hasiko dugu ibilbidea, Lapurdin. Bertaratzeko, herritik irten eta Sarara doan errepidean ehun bat metro egin ostean, eskuinera joko dugu, Larrun oinez dioen bide seinale bati men eginez. Aparkalekuko argibide taulan hasita, basoan sartu eta, gora doan bidexka bazter eginda, eskuinetik segitzen duena lehenetsiko dugu. Urkiak, gaztainondoak eta pago xumeak bidaide ditugula, pista batera iritsiko gara. Basabidea zeharkatu eta harlauzazko bide bati eutsiko diogu. Bihurgunera iristean, ezkerraldetik irteten den bidexkatik segituko dugu. Hala, harrobietara begira jarriko gaituen zidor batean barrena egingo ditugu aurrera.

Bizkar ondoan metroak urratuz, zutik nekez dirauen etxola batera iritsiko gara. Azkaineko baserriak ordokian sakabanaturik ikusiko ditugu, urrunera begiratuz gero. Baita Donibane Lohizuneko badia paregabea ere, itsasoak eta zeruertzak bat egiten duten lerro finari atxikita. Lehen utzitako basabidera irtengo gara berehala. Ezkerretik segitu eta Hiru Iturrietako jauziak ikusteko parada dugu. Begiz begi, bi jauzi galant, bi turrusta jauzkari, 40 metroko desnibela libratzeko. Ipurtarinek magalean behera egin dezakete ur-jauzietara hurbiltzeko, baina lasterbide, neke-bide esaerari men egingo diogu, bidea ez baita samurra.

Ihizelaiko ordokia

Etxola garbi bat ikusiko dugu pista ondoan. Goiko ordokian metaturiko urak eskuinaldeko sakanetik agertuko dira aurrerago, tupustean. Errekastoa gurutzatu eta metro gutxira, eskuinera egingo dugu. Harrizko teilatua duen borda baten albotik igarota, sekulako bistaz gozatzeko aukera emango digu Ihizelaiko talaia naturalak. Bordaren ondoko terrazan geldituko gara une batez: buruz buru, Txingudiko badiatik Baionako kostalderainoko tartea, besteak beste.

Gandorretik aldenduta, itsasoari bizkarra eman eta Larrun mendi sakratuari begira jarriko gara. Emeki-emeki larre-belardian, aurrean zutitutako Lawson altzifreetara joko dugu. Zuhaitzek osatutako bi ilaren artetik igaro baino lehen, balkoi batera aterako gara. Izan ere, eskuinetik datorren errekastoari segika, alertzeak eta haritz amerikarrak metatzen diren baso txiki bat zeharkatu ostean, Touring Club mendi taldeak 1906. urtean jarritako orientazio mahai baten arrastoak ikus ditzakegu erlaitzean.

Gero, altzifreen ondora itzuli, haien artean pasatu eta Ihizelaiko trikuharriaren ondotik igarota, zehar-zehar jarraituko dugu. XX. mendean eraikitako santutxo batera iritsiko gara segituan. Lourdesko Ama Birjinaren ikono ugari daude barruan. Pinudia goialdetik inguratuta, Larrungo kaskora doan zidorrarekin bat egingo dugu. Behera egiteko tenorea da. Jaisten hasi aurretik, ordea, eraikin bitxi bat bisitatzeko aprobetxatuko dugu. Eskuinaldeko gandorraren ertzean dago.XX. mendeko bigarren hamarkadara arte sai arreak ehizatzeko helburuarekin eraikitako gordeleku bat da, eta ateburuan ArranoXola inskripzioa dauka, baina gaur egun aterpe gisan primeran egokitua da. Larrun inguruko praktika deitoragarri hura Azkaineko argazki zaharretan ikus daiteke. Tiratzaileak Larrunera erakartze aldera, haga batean zintzilik erakusten zituzten ehiztariek euren trofeoak. Espeziea Pirinioetako mendebaldean desagertzear zela, ordea, hegaztiekiko bake ituna sinatu zuten politikariek XX. mendeko 60ko hamarkadan. Egun, bestelako ofizio bat paratu diete saiei: hegada dotoreko hegaztiok Larrungo bioaniztasuna goraipatzeko erreklamo edo ezinbesteko ikono bilakatu dira, euren irudi lotsatia turistei banatutako eskuorri gehienek dakartela.

Errekastoa zeharkatu bezain pronto, basabidea utzi, ezkerrera egin eta maldan behera hasiko gara. Ur emariari begia kendu gabe egingo dugu beheraka, eta Ihizelairako desbideratzearekin bat egingo dugu beherago. Lehenago, ordea, bospasei metroko ur-jauzi bat ikusteko parada izango dugu ibartxoan, ibilbide honetako hirugarrena.

Igoeran zehar ibilitako pista baliatuko dugu Azkaineko aparkalekura jaisteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.