Oria ibarreko ibai adar nagusia dugu Leitzaran, eta ezaugarri oso bitxiak ditu: bakartia, luzea, ia gizaki edo biztanlerik gabea, basatia, eta baita polemikoa ere. Ur emaria ere handia du. Nafarroako Leitza inguruan jaiotzen da errekastoa,eta Gipuzkoan sartzen da, Erreka auzoa igaro ondoren. Gipuzkoako zatian ez du auzo edo herririk 20 kilometroan zehar.
Basoak dira nagusi Nafarroa eta Gipuzkoa artean, eta Leitzaran dugu adibide garbiena. Pagadi eta marieztiak tartekatzen dira pinu sailen tartean; monolaborantza intentsiboa nagusitzen da, beraz, jarduera ekonomiko gisa. Ibaiertzeko haltzadia biotopo izendatu zuten, baina ibaiaren ur kalitatea kezkagarria da, Leitzako industrien gorakadagatik.
Historiak iragan mendera garamatza. Antzinatik burdinolak eraiki ziren ibaiertzean, eta ikazkinak hornitzen zituen hauek. Abeltzaintzan jarduten zuten mendilerro gaineko larrean, eta ibarrean dauden baserri apurretan kokatzen ziren. Espainiako gerraren garaian ezkutaleku gisa erabiltzen zen, muga pasabide zabala zen eta makina bat historia dago hainbat jenderen oroimenean nahiz liburuetan. Gerra ostean, estraperloa, kontrabandoa izaten zen, eta Plazaolako trenarekin, bizitza eta jende mugimendu handia ibili zen inguruotan. Plazaolako parajean kokatzen ziren burdinola eta meategietatik hartu zuen izena tren famatuak. Ez dugu ahaztu behar trenaren garraio zerbitzu nagusia meategietatik ateratako menastak zirela. Bidaiari zerbitzua Iruñea eta Donostia artean egiten zuen trenak. Bidaia bitxia izan daiteke Donostiatik Iruñerakoa, une batez imajinazioa pizten badugu.
Komunikabide kontuekin segituz, duela bi hamarkada inguru izan zen Leitzarango autobiaren gatazkaz oroituko gara. Hasieran, komunikabide mota hauen eztabaida egon zen; «autobiak bai edo ez», hain zuzen. Autobien aurkako taldeak eztabaidan jarri zuen egitura handien eraikuntza, eredu desarrollista, eta, beraz, sistemak gizaki ororentzat zekarren arazoa. Autobia eraiki beharra ikusten zutenen artean ere sortu zen iskanbila: hiru aukera zeuden trazatua egiteko. Andoain eta Lekunberri artean bat, ibarrean zehar beste bat, Araxes eta Araitz bailaretatik, eta hirugarrena egungoa. Informazio gehiago nahi duenak jo dezala hemerotekara.
ANDOAIN ABIAPUNTU. Gaurko ibilaldiak ez du zailtasun handirik, baina komeni da kontu batzuk jakitea. Egokiena bizikletarekin osatzea dugu, oinez eginda asko luzatzen baita joan-etorria. Bizikletarekin, gainera, itzultzeko hainbat aukera izango ditugu, dela abiapuntura edo dela beste edozein lekutara. AndoaingoGoiko Plazan galde diezaiokegu edonori bidegorria non hasten den. Plataforma edo bide gainean gaudenean, herria atzean utziko dugu, eta bailaran gora barneratuko gara, azken baserri eta landa guneak atzean utzi, eta baso eta zuhaitz artetik. Eskuinean ibaiaren hotsa entzuten da, eta elektrizitate etxeak lanean ari dira argindarra etengabe sortzen. Ubide sare handi batek hornitzen ditu zentral txiki hauek. Ubideak bailaren mazeletatik doaz zigi-zaga, eta gero hodi batetik jaisten dira, turbinaraino, uraren indarrarekin. Leitzaranen zazpi zentral txiki daude martxan.
Sei kilometro osatuta, Bertxingo amildegira iritsiko gara, behean erreka indarrez doala. Aurrerago, tunel batzuk pasa eta landa gune batera iritsikogara: Olloki. Bertan zegoen tren geltokia. Gune estrategikoa zen Olloki, ikazkin eta abeltzainen topagunea. Berastegi eta Elduaingo lurretatik Goizueta eta Aranora joateko norabidean ongi kokatuta dago.
Zubi eta tunel batzuk pasa, eta Beines baserriko lurretan gaude. Aurrerago hezetasun handiko tunel eta ur putzu sakonak ditugu bidegorrian. Aurrerago, Ameraungo burdinola elektrizitate etxe eta baserri gunera iritsiko gara. Beste geltoki txiki bat zegoen han. Berastegira doan bidezidor bat abiatzen da bertatik, Ipuliño eta Larre mendien artetik pasatzen dena. Jarraian, Bizkotx meategi gunera iritsiko gara. Ezkerretara jo, eta bertan labeak eta informazio kartelak daude. Bizkotx atzean utzita, Plazaolako zentrala, burdinola eta meategi gunean gaude. Ez dakigu meategiak non dauden, bainaibiltariak aurkitu, ikertu eta lantzeko gauza anitz aurkituko ditu bertan. Gipuzkoakoa zatia amaitu, eta Nafarroan Erreka auzotik sartuko gara. Baserri, bordak, zelaiak... eta autobia buru gainean. «Leitzarandik ere pasatu ziren...».
MENDIA. IBILBIDEAK. Leitzaranen gora eta behera
Plazaolako trenaren ibilbidea izandakotik bizikletaz lot daitezke Andoain eta Leitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu