Legorreta eta Alegi inguruan dauden mendi eta haranak ezagutuko ditugu oraingo txangoan, abiadura handiko trenaren (AHT) trazak kalteak eragingo lituzkeen Goierri eta Beterriko parajeetan barneratuta. Legorretako tren geltokia izango dugu abiapuntua; eta herria zeharkatu ondoren, Ordiziarantz abiatuko gara errepide zaharretik. Kilometro eta erdi ibili ondoren iritsiko gara Berostegi auzora. Aldaolara doan errepidea eskuinean dugu, eta Zubiñerreka haranan barneratuko gaitu. Atzean utzi ditugu komunikabideek eraldatu duten Oria erdiko gunea eta Ibiurko urtegia.
Kilometro bat ibili ondoren, Urkia haranara doan bidea ezkerrean utziko dugu. Gorantzko bidean beste kilometro bat ibili eta meategi gune zahar batera iritsiko gara. Gaur egun zabortegi gisa erabiltzen da. Ez dugu inor topatu meategiari buruz eta AHTa paraje honetan nondik nora doan galdetzeko. Bidea pista bihurtzen da, eta aldapa ere nabarmenagoa da Murumendiko errekazulo sakon honetan.
Meategitik gora bi kilometro pasatxo ibili ostean, eskuin aldera abiatzen den bidea hartuko dugu. Bi bihurgune pasatuko ditugu, eta bigarrenean utziko dugu bidea, ezkerretara basoan sartuko gaituen pista hartzeko. Plastikozko seinale batzuk ditugu erreferentzia, eta haiei jarraituta segiko dugu basoan barna. Malda handiak gainditu behar dira Aldaolako Saletxeko zelai gainera irten aurretik. Inguruari erreparatzeko tokia dugu hau, Murumendiko damaren begiradapean gaude, Bidaniko lurretan.
Gorantz berrekingo diogu ibiliari, Maramendiko mendi bizkarretik. Errepide batera aterako gara, Santa Ageda mendateraino doan porlanezko bidera, hain zuzen. Guk 500 metro aurrera egin, eta marra zuri-gorriak dituen ezkerreko bidegurutzea hartuko dugu. Jaisten hasi aurretik gomendagarria da Besagaingo muinoa igotzea, ikuspegi zabala baitugu bertatik: Urola aldeko parajeak eta Aralar eta Beterri aldea. Gailurreko pinuak gehiago hazten direnean, akabo bistak.
Bidegurutzera itzuli, eta Argisain Santa Mañako bideari ekingo diogu. Txapartegi baserria pasatu eta Larrañaga Goikoa baserrira aterako gara bide estu batetik. Berehala gaude Argisaingo erdigunean. Albizturren dago auzo bakarti hori, eta Santutxoko Bentatik dator asfalto bidea. Auzo bitxi horrek badu oraindik xarma. Baserri, kale eta etxeek jatorrizko estetika gordetzen dute; baina zoritxarrez, jatetxe-hotel ezagun bat dago haranari begira, eta aurrean duen aparkaleku erraldoiarekin bistakoa da kontrastea, bi aro eta bizimodu desberdinen eredua.
ALDABARA BIDEAN. Gogoeta egin ondoren, Aldabako parajeak ditugu zain. Asfaltuzko bidea hartuta gaindituko dugu mendatetxo bat. Zerrategi bat dagoen toki horretatik gertu dago mapan Aldabako gunea, baina bide garbi samarra topatu ez dugunez, gerturatzeko bira bat burutuko dugu. Errepidetik jarraituko dugu beherantz, eta bukaeran dugu Beraundegiko lautada. Landa gunea den arren, ez dago baserririk bertan. Kareharrizko haran idorra dugu Beraundegi. Guk lautada hasieran dagoen pista hartuko dugu, maldan gora. Basoan sartuko gara eta Intxurre mendiaren altzotik jarraituko dugu aldapa gora. Bitxia da paraje hori, zinez. Kilometro bat ibili ondoren goiko mendatea gaindituko dugu beste landa gune batean. Laster batean, Intxurreko hego isuritik joango gara Aralar eta hainbat herrixka bistan ditugula: Oria zuloan Ikaztegieta eta AHTren mehatxua beherago.
Pistak eramango gaitu Lopetegi baserriraino, eta asfaltoa hartuta joango gara Aldaba aldera. Bidean Aldabazahar baserria bisitatzeko aukera dugu. Bertako jendea atsegina da eta, eragozpenik ez badute, haien jardueren berri erakutsiko digute: gazta eta ogia nola ekoizten dituzten, auntz ustiategia... Atzera itzuli, eta errepide nagusia jarraituko dugu Aldaba auzoraino. Tolosan dago Aldaba, eta bitxia da nola udalerriak bereganatu dituen bere muga geografiko naturaletik hainbat auzo, baserri eta lur sail. Oriako erribera birrinduraino 5 kilometro ditugu, eta errepide zaharrean bi aukera: Alegian edo Legorretan bukatu. Bidean Ibiurko urtegiaren eraikina ikusiko dugu, beste gauza askoren artean. Ez ito ibiltari...
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEAK. Argi Argisain... trena badator
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Legorreta, Berostegi, Maramendi, Besagain, Santa Marina, Aldaba Zahar, Alegia, Argisain, Aldaba
- Distantzia: 20 km.
- Iraupena: 6-7 ordu oinez. 4 ordu bizikletaz.
- Ingurunea: Murumendi eta Intxurre mendimultzoen artean dagoen Argisain auzoa dugu ibilbidean pasabide.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu