Ezarian

Baltzolako lur azpiko erreinua

Baltzolako barrunbeek osatzen duten paisaia karstikoa Euskal Herriko interesgarrienetarikoa da. Gibiltar baserritik igaroz, laminen, jentilen eta izaki mitologiko ugariren erreinura bilduko gara.

Baltzola paradisu ezkutua da eskalada gogoko dutenentzat. JOSEAN GIL-GARCIA.
Josean Gil-Garcia.
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Baltzolako barrunbeetara eramango gaituen ibilbideari Indusi auzoan emango diogu hasiera (Dima, Bizkaia). Indusi auzoa Dima eta Otxandio herriak lotzen dituen errepidean dago, 29. bidarri inguruan. Dimatik gerturatuta, ezkerrera egingo dugu bidarri horretan, eta Olabarriko San Frantzisko baselizara iritsiko gara. Laratzu Taldeak Ibilien Dima liburuan jasota duenez, behiala Baltzolako barrunbeetan laminak bizi ziren, eta, San Frantzisko ermitako kanpai hotsari entzunda, ziztuan ihes egiten zutela. Herri sinesmen zuhurrari kasu eginez: «Direnik ez da sinistu behar, ez direla ez da esan behar». Beraz, tentu handiz ibiliko gara Baltzolakoan, laminen bizitokira bilduko gara eta.

Ibili-ibilian hasteko unea da. Tenplu ondoko Baltzola erreka zeharkatu ondoren, ezkerrera jo eta Zamakola auzora iritsiko gara amen batean. Han, Landaxolara doan bidea bazter eginda, erreka gurutzatu eta Baltzolako arroilaren atarian altxatutako Gibiltar baserrirako urratsak egingo ditugu.

Jentilzubi harrigarria

Baserria paraje ezin hobean dago, mitologia eta historiaurrea nahas-mahas agertzen dituen paisaia karstiko bati begira. Kondairak dioena gogoraraziz, Gibiltar baserriraino jaisten ziren laminak gauero, erreka bazterrean ahaztutako urrezko orrazia berreskuratzeko asmoz. Horrela gauzak, ibilbidean zehar urrezko orrazirik ikustekotan, erne!, hobe han bertan lagako bagenu, laminen iseka eta irri gogaikarririk pairatuko ez badugu.

Baserri ondoan igarota, Kobaldeko sakanera jaitsi eta, basabideak lagunduta, burdinazko ate bateraino jarraituko dugu. Langa zeharkatu eta Kobako errekastora iritsita, ibarrean gora hasiko gara, astiro-astiro. Ezustekoa, segituan: Jentilzubiko harrizko arku ederra buruz buru dago. Jentilak tamaina handiko pertsonaia otzanak omen ziren, eta, betiere elezaharraren arabera, baita prakak belaunetaraino jasota itsasoaren gainetik paseo galantak emateko gauza ere. Ez dugu ez itsasorik ez ur emari oparorik ikusiko Baltzolako arroilan, gazta erraldoi baten antzera, hamaika zulo, harpe eta barrunbe existitzen baitira lur azpian. Jentilak Baltzolan bizi izan ziren, eta Urrusteiko tontorretik Kobaganarainoko tartea Jentilzubi gainetik gurutzatuta egiten omen zuten. Euren indar itzela zela eta, litekeena da Jentilek eraikia izatea. Batek daki! Dena dela, gauza segurua da zirrara berezia sorrarazten diola haren azpitik igarotzen denari.

Harbidean gora jarraituko dugu. Axlor babeslekura doan zidor harriztatua eskuinaldean ikusiko dugu une batez. Haizperako bisita itzulerako utzita, sigi-sagaka ekingo dugu basabidetik irten gabe. Lepora iristear, berriz, Baltzolako barrunbe nagusira doan zidorra ezkerrean hautemango dugu. Orduan bai, pistatik irten, eta jaitsiera xumearen ostean ahoratuko gara bat-batean. Tamaina handiko barrunbeak txundituta utziko gaitu. Ez larritu, ordea, paretan gora norbait atzamarka ibilian ikusiz gero. Izan ere, Baltzolakoa paradisu ezkutua da eskalada gogoko dutenentzat, entrenamendurako bazter isil bezain oparoa. Eskalatzaileak baino lehen, ordea, beste batzuk ibili ziren katamarrean galerietan. Beste batzuen artean, XVIII. mendean Ramon Iturriza Garate-Zabala historiagile sonatuak kobazuloaren forma eta dimentsioak aintzat hartu zituen barruko paisaia karstikoa deskribatzeko xedez. Jabier Les espeleologoaren aburuz, lehen esplorazio zientifikoak geroago etorri ziren, XIX. mende erdian. Ehunka metro galeria eta zulo-bide esploratzen hasi ziren orduan. Hasierako urteetan kobazulorako sarraldiak modutsuak izan ziren, eta, denboran aurrera egin ahala, gero eta konplexuagoak —hiru dimentsioko topografia lanak, lagin hidrokimikoak, ikerketa geomorfologikoak...— betearazi zituzten.

Espeleologia alorrean ez ezik, alor arkeologikoan ere berebiziko garrantzia du Baltzolakoak. Hala gauzak, Berlingo Antropologia Elkarteko R. Jagor jaunak 1866an eginiko esplorazio txango baten ondorioz, aztarnategi arkeologiko baten berri eman zuen. Ondoren, Joxe Migel Barandiaranek bisitatu zuen haitzuloa 1932an, eta historiaurreko industriako hainbat elementu jaso zituen berak induskatutako tokian.

San Lorentzo eta Garaio

Baltzolako barrunbean garela, eskuineko hustubidetik irtengo gara. Errekastoaren gainetik doan zidorrari men eginez, 70 metroko luzera duen Abaro tunelera iritsiko gara. Behikobaren aho triangeluarrean aurrera egingo dugu, izutu gabe. Errekasto gainean plisti-plasta, tuneletik irten, eta, meandroen ondoan metro batzuk egin ostean, basabidera irtengo gara. Noranzkoa aldatu gabe, basabidean aurrera Baltzola auzoraino jarraituko dugu. Asfalto gainetik urrats arinak eginez, San Lorentzo baseliza aurrez aurre izango dugu. Baseliza zaharra hondatzeko zorian zela eraitsi zuten 1924an, eta, haren ordez, gaur egun duguna eraiki zuten. Ermita ondoko haizpea urte berean inauguratu zuten, baita haren babesean dagoen Lourdesko Ama Birjina bedeinkatu ere.

Ibilbidea osatze aldera, Garaio tontorrerainoko txango polita egingo dugu jarrian. San Lorentzo baselizaren eskuinaldetik doan basabidean aurrera egingo dugu. Lehen bidebanatzean eskuinera jo, eta goratasuna galduko dugu. Errekastoa gurutzatu eta igoerari aurre eginda, Olabarriako bordara iritsiko gara. Bide sardan eskuinera egin, eta pinudian barrena altuera hartzeari eutsiko diogu. Lehen maldak igarota, hegiz hegi ibilita, Garaio tontor azpiko lepora iritsiko gara. Mendigunea eskuinaldetik inguratu ondoren, postontzira doan zidorra ikusiko dugu basabide ondoan. Tontor malkartsua baita Garaio, tentu handiz ibiliko gara kareharriaren gainean.

Gandorretik ibilian-ibilian hasiko gara. Ibilbide laburreko pintura arrastoak baliatuz, gailurreria mendebalde aldera korritzen hasiko gara. Laster, ordea, ezkerraldean ikusiko dugun pinudirantz bideratuko ditugu gure pausoak. Bertaratuta, eskuinera egin eta Indusi eta Baltzola lotzen dituen basabidearekin bat egingo dugu. Axlor haizpera doan zidorrari jarraituko diogu Jentilzubi inguruan. Barandiaran etnografoak aztarnategi arkeologikoaren berri 1932an eman zuen, eta 1967tik 1974ra bitartean zortzi indusketa kanpaina burutu zituen. Haizpearen garrantzia ikusita, 1987an Bizkaiko Foru Aldundiak babes metalikoa instalatu zuen sarreran. Altxor arkeologikoa ahanzturan erori gabe, XXI. mendea hasteaz batera indusketa lanei ekin zieten berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.