Mendi bizikletan ibiltzea gustuko dutenak zorioneko dira. Pixkanaka zabaltzen eta gorpuzten ari da mendian bizikletan ibiltzeko prestatutako eta egokitutako bide sare kopurua. Horren adibide, iragan ostiralean inauguratu zuten Valderejo-Añanako BTT zentroa (Araba). Urte erdia da gunea martxan jarri zutela, baina Aste Santuaren atarian egin zuten aurkezpen ofiziala.
Angostoko kanpinean dago Valderejo-Añanako BTT zentroa, eta denetariko zailtasuna duten 7 ibilbidek eta 120 kilometroko sareak osatzen dute. Aniztasunaizaten dute ezaugarri BTT zentroek egokitutako ibilbideek, eta Valderejokoa ez da salbuespena. Ibilbide errazak eta motzak nahi dituztenek, Espejora edo Angostora daramatenak dituzte Valderejo-Añanako zentroan —9 eta 6 kilometroko ibilbideak dira, hurrenez hurren—. Angostoko kanpineko arduradunek diote aproposak direla familian joateko. Eskarmentu handiagoa dutenek Sobronera doana aukeratu dezakete: 24 kilometro eta mila metrotik gorako desnibela du. Beste lau ibilbideak zailtasun ertainekoak dira: Gaubea, Arreo, Las Salinas eta Artzena mendilerroa.
Ia 2.000 kilometroko sarea
Angostokoarekin bost dira Hego Euskal Herrian irekitako BTT zentroak. Hauek dira beste lau guneak: Urturikoa, Izkiko Parke Naturalean (Araba); Busturialdea-Urdaibaikoa, Mendatan (Bizkaia); Debabarrenekoa, Elgoibarko Mintxeta kirolgunean (Gipuzkoa); eta Bertizkoa, Donezteben (Nafarroa). Paraje desberdinetan daude zentroak, eta Euskal Herriaren aniztasuna bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dute. Kostaldetik gertu dago Mendatakoa, eta barrualdean daude Urturikoa eta Bertizkoa. Guztietan daude mendiko bizikletarekin ibiltzeko ibilbide aproposak.
Bost zentroek 1.800 kilometrotik gorako ibilbide sarea osatzen dute. Bide balizadunak dira guztiak, eta denetariko gogortasunadute: samurrak, erdibidekoak eta zailak. Bizikleta eta GPSa alokatzeko aukera ematen dute zentroetan, eta bizikleta garbitzeko modua ere bai. Finean, naturaz eta mendiko bizikletaz gozatzeko lekuak dira, eta Aste Santurako eta jaiegunetarako jomuga aproposak izan daitezke. BTT zentroen inguruko informazioa nahi duenarentzat: www.btteuskadi.net.
Mendia
Valderejo-Añanako BTT zentroa inauguratu dute
Zazpi ibilbide eta 120 kilometroko sarea ditu bizikletan ibiltzeko; Hego Euskal Herrian irekitako bosgarren zentroa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu