Mendia

Omenaldia eta eski lehia

Antxon Bandresen omenezko bigarren lasterketa jokatu da Pirinioetan; bi eguneko saioetan, 166 eskiatzailek parte hartu duteEuskal eskiatzaileek lan polita egin dute, eta lehen postuetan sailkatu dira

Euskal Herriko lasterketa izanagatik, helmugan izen ezagun eta handiak bildu ziren. CARLOS IMIRIZALDU.
Ainhoa Lendinez
Izaba
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Pirinioen bihotzean, Izaba. Aspaldiko urteetako elurte gogorrenak jasota, mendi-eskiatzaileen gozagarri izan da asteburuan. Antxon Bandresen omenezko bigarren lasterketa jokatu da, Euskal Herriko mendi eskiko txapelketa.

Antxon Bandres tolosarra 2011ko irailean hil zen, baserrian, belarra mozten ari zela, istripuz. Euskal Mendizale Federazioaren lehendakaria izan zen hainbat urtez. Mediku eta politikaria, baina batez ere mendizale sutsua izan zen. Haren omenez bigarrenez antolatu dute Euskal Herriko mendi eskiko txapelketa.

Bi eguneko saioa izan da. Larunbatean 166 eskiatzaile atera ziren Asolazeko kanpinetik. Korrika, eskiak bizkarrean hartuta, basoan barrena egin zituzten lehen metroak, Txamantxoia gailur ederrera bidean.

Antolatzaileek bi ibilbide prestatu zituzten: ibilbide luzekoek 20 kilometroko lana zuten aurretik, eta tartean 1.500 metroko goranzko desnibela. Ibilbide laburrekoek, berriz, 17 kilometroko lasterketa, eta 1.000 metroko goranzko desnibela.

Euskal Herriko lasterketa izanagatik, helmugan izen ezagun eta handiak bildu ziren, eta faboritoek ez zuten hutsik egin. Wilfrid Jumere eskiatzaile frantsesa lasterketako buru izan zen hasiera-hasieratik. Bera izan zen azkarrena, eta bakarrik sartu zen helmugan. Atzetik, baina, euskaldunak ez zeuden amore emateko, eta lehia polita izan zen Jabier Tirapu nafarraren eta Iñigo Lariz elgoibartarraren artean. Lagunak izan arren, lasterketan arkari bihurtuta, gipuzkoarrak ez zuen barkatu, eta bera izan zen helmugaratzen lehen euskalduna. Iñigo Larizek jantzi zuen Euskal Herriko txapela larunbatean. «Oso irteera bizkorra izan zen larunbatean. Wilfrid Jumere frantziarrak irteera gogorra egin zuen, eta atzetik jarraitzen ahalegindu ginen Javier Tirapu nafarra eta biok. Alferrik, ordea. Jumerek minutu eta erdi atera zigun lehen igoeran, eta abantaila horrekin jokatu zuen. Tirapuren eta bion artean Euskal Herriko txapela zegoen. Lehen jaitsieran aurrea hartu nion, eta azken igoeran neukan guztia eman nuen atzean uzteko. Ahalegin horrek txapela irabazteko aukera eman zidan», azaldu du Iñigo Larizek.

Emakumezkoetan ere, faboritoak nagusi lehen egunean. Izaskun Zubizarreta oiartzuarra eta Laura Sola uztarroztarra ziren podiumerako hautagai nagusiak, eta bien artean erabaki zen lasterketa. Solak erorikoa izan zuen jaitsieretako batean, eta azkenean gipuzkoarra izan zen nagusi. «Larunbatean oso ongi moldatu nintzen igoeretan, baina ez horrenbeste jaitsieretan. Izotzak beldur handia ematen dit, eta kontu handiz joan nintzen, baina hala ere erori egin nintzen. Hala ere, ibilbidea oso polita izan zen, oso ongi zegoen antolatuta eta asko gozatu nuen», esan du Laura Solak.

Igandean, Izabatik bertatik atera ziren eskiatzaileak. Ardibidepikua tontorrera erlojuaren kontrako igoera egin zuten; kronoigoera, alegia. Ez zuten lan makala: 4 kilometro eta 400 metroan, 650 metroko desnibela, eta %17ko batez besteko aldapa. Berezia da Ardibidepikua Izaban. Bizikletan eta korrika makina bat aldiz egin dute lasterketa gain horretan, eta orain arte gurpilean egin dute igoera azkarrena. Marino Lejarreta txirrindulari handiak du errekorra hor: 25 minutu eta 41 segundo. Aurten lehen aldiz igo dute Aridibidepikua eski gainean, baina Lejarretak ezarritako errekorretik urrun gelditu dira eskiatzaileak.

145 atera ziren guztira igandeko saioan. Lehen 400 metroak eskiak bizkarrean hartuta egin zituzten. Hortik gora, erlojua aurka zutela, dena emanda ibili ziren. Aurreko egunean bezala, faboritoak izan ziren buru hasieratik. Larunbatean ez bezala, ordea, igandean, estu-estu hartu zuen Larizek Jumere, eta, gainera, azken metroetan esprinta jota, gipuzkoarra sartu zen lehenengo helmugan. Garaipen bikoitza lortuta, pozarren zegoen elgoibartarra: «Tirapuk erritmo gogorra jarri zuen hasieratik. Ondoren, Jumere frantziarrak hartu zuen burua. Hari eusteko gai nintzela ikusita, erasoa jotzea erabaki nuen, Euskal Herriko txapelaz gain lasterketa zegoelako jokoan. Wilfrid eta biok ahalegin betean iritsi ginen helmugara. Azkenean, aurretik sartzea lortu nuen eta lasterketa eta txapela irabazi».

Asteburu honetan, Katalunian

Emakumezkoetan, Izaskun Zubizarretak berriz ere zapaldu zuen podiuma, baina bigarren kaxara igota. Izan ere, igandean bai, igandean bertakoa gailendu zitzaion; Laura Sola. Uztarrozko eskiatzaileak eraman zuen txapela. «Igandean oso irteera polita izan zen herritik bertatik. Lasterketa egiteko gogoz nengoen, eta oso ondo sentitu nintzen hasieratik bukaerara. Proba gogorra izan zen, baina ondo sentitzen nintzen. Ez nekien aurkariei zenbat denbora ateratzen nien, eta, orduan, buru-belarri sartu nintzen neure lasterketan. Eta azkenean bai, ongi atera zitzaidan», esan du Solak.

Hurrengo hitzordua asteburu honetan dute mendi-eskiatzaileek. Kataluniako Pirinioetan Open Vallfosca lasterketa izango da, Euskal Herriko koparako proba puntuagarria. Ondoren, Regil txapelketa iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.