Mendia. Benantxio Irureta

Mendizale miretsia

Benantxio Irureta mendizalea Aneton hil zen, 59 urte zituela. Azpeitiarrentzat erreferentzia handia izan zen, mendia ulertzeko zuen moduagatik eta bizitzeko zuen grinagatik; gazteekin konpromiso handia zuen.

Azken urteetan, gailurrera igotzeari garrantzi gutxiago ematen zion Benantxio Iruretak. BERRIA.
2013ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Euskal mendizaletasunak ez du azkar ahaztukoorain dela ia bi aste, maiatzaren 11n, Pirinioetan, Aneto mendian (3.404 m), gertatutako ezbeharra. Benantxio Irureta (Aizarna, Zestoa, 1953) mendizalea zendu zen, Mahoma esaten dioten pasabidea gurutzatzera zihoala amilduta. Urte asko eta asko eman zituen Iruretak Pirinioetan, Andeetan, Alpeetan eta Himalaian, mendiz mendi bidaiatuz. Aizarnan jaio zen, baina Azpeitian bizi zen aspalditik, eta bertako eta inguruko mendizale gazteen eta hain gazte ez direnenentzat erreferentzia handia izan da.

Aitor Unanue Tortor-ek, Jose Luis Eizagirrek, Jesus Maria Mendizabal Errezil-ek, Unai Lazarobazter Axkiola-k eta Joseba Letamendia Arretxe-k ondo ezagutzen zuten Irureta. Hamaika alditan ibili dira elkarrekin mendian, Iruretaren aholkuei eta pausoei segitu nahian. Oraindik ez dute gertatutakoa barneratu, ez dute hain esperientzia handia zuen laguna galdu dutela sinesten. Badakite, ordea, bizitza horrelakoa dela, eta mendizaletasunak dituen alderdi eder guztien arteanlaino beltzak ere badirela.

Eizagirre, Errezil, Axkiola eta Arretxe istripua gertatu zen irtenaldi berean zeuden, Iruretarekin batera. «Anetora joan ginen 11 kideetatik zein eta Benantxio erori izanak ezinezkoa zirudien», azaldu du Errezilek. «Hain gauza azkarra izan zen... ezin izan genuen ezer egin; oraindik berriro ikusiko ez dudala sinistu ezinik nabil». Andeetan ezagutu zuen Errezilek Irureta, orain dela urte asko; ordutik, lagun onak izan ziren. «Esperientzia handiko mendizalea zen; urte asko eman ditu mendiz mendi, eta horrek segurtasun handia ematen zion mendian», dio Errezilek. Iruretarekin batera, taldeko beteranoena zen Errezil.

Hutsune handia utzi du Iruretak azpeitiarren artean; Lagun Onak Mendi Bazkunean nabarituko dute, batez ere horrelako mendizale batek egiten dituen ekarpenen falta. «Elkarteko ekitaldi askotan parte hartzen zuen Benantxiok; horietako asko antolatzen ibiltzen zen, gainera», esan du Tortorrek, Lagun Onak MBko lehendakariak. Goi mendi edo Pirinioetako irtenaldiak antolatzeaz arduratzen zen taldeko kide zen Irureta. «Inork ez bezala menderatzen zuen mendi bakoitza igotzeko zein garai zen onena, zein egoeratan zegoen urte bakoitzean, elur-jausien arriskurik zegoen... alderdi horretan katedradun bat zen», aitortu du Tortorrek. Irtenaldietan batetik bestera zebiltzala, tontor baten izenaz galdetutakoan, izena bakarrik ez, garaiera eta igo zuen lehen pertsona zein izan zen ere jakiten zuela diote kideek. «Nik ere urte asko eta asko eman ditut mendietan gora eta behera, baina ez naiz gertutik ere iristen Benantxiok gogoratzen zituen datuak gogoratzera», aitortu du Errezilek. «Istripua gertatu zen egun berean galdetu nion ea Aneto igotzen zuen zenbatgarren aldia zen, eta berak, 60. aldia-edo izango zela erantzun zidan», dio Axkiolak. Egiten zuen irtenaldi bakoitza apuntatzen omen zuen, mendia edozein zela ere. «Herniora egindako irteera bakoitza apuntatzen zuen, esaterako, egun eta guzti», dio Errezilek.

Mendizale eta lagun

Herritarren artean, batez ere gazteenen aldetik, miresmen handia zioten Iruretari. Arretxek 18 urte zituela ezagutu zuen, orain hamar urte, elkarteko mendi irteeretan parte hartzen hasi zenean. «Urrutitik ikusten zitzaion asko zekien gizona zela; horregatik genion hainbesteko errespetua eta miresmena gazteek. Konfiantza eta segurtasun handia ematen zuen pertsona zen», azaldu du Arretxek. Ibilbideetara lagun berriren bat eramanez gero, segituan erakusten omen zion gertutasuna; aurretik zuten ibilbidearen nondik norakoak azaldu, zalantzak argitu, behar zuen guztietan lagundu... «Gizon isila zen, eta zuhurra», adierazi du Arretxek. «Bai elkarteko irteeretan bai elkartekoak ez zirenetan ere, taldea haren babesean joaten zen», gehitu du Tortorrek. Askotan aipatzen omen zuen elkartean ikastaroak antolatzeko beharraz, batez ere elurretan moldatu behar zen irtenaldietan asko kezkatzen baitzion parte hartzaileen segurtasunak. «Oso mendizale zuhurra zen, gauzak zuzen egitea gustatzen zitzaion; ez zuen inoiz zalantzarik izaten, beherako bidea hartu behar bazen, hartu egiten zuen, eta kito», azaldu du Eizagirrek.

Goi mailako mendizalea

Iruretarekin batera Anetora egin zuen bere lehen irtenaldia Eizagirrek, baita azkena ere, zoritxarrez. Bi irtenaldi horien artean, ordea, goi mailako hainbat espedizio egin zituzten elkarrekin. Horietako bat, 2004an Daulaghiri VIIra (7.246 m); izozteak izan zituen Eizagirrek bertan. «Benantxioren laguntzari esker nago ni gaur egun hemen», esan du Eizagirrek. Horretaz gain, Perun eta Alpeetan ere egon ziren. «Uztailean Pico Leninera joateko asmoa genuen; hasiera batean, zazpi lagun joango ginen, baina orain Benantxio falta dugu», dio Eizagirrek. Beste kide batek ere atzera egin du, Iruretaren ezbeharra dela-eta ez dagoelako ondo moral aldetik.

Iruretaren mendizale ibilbideko unerik gogorrena, ordea, Sakana-Pumori espedizioan izandako ezbeharra izan zen. 2001ean, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza gipuzkoarrak eta Aritz Artieda, Javi Arkauz eta Cesar Nieto nafarrak elur-jausi batek harrapatu eta hil egin ziren. Iruretak ondoezik zegoen beste kide bati lagundu zion beherako bidean, eta, hala, elur-jausiak ez zituen harrapatu. Ordutik, ordea, Irureta ez zen lehengoa izan. «Oso momentu latzak izan ziren Benantxiorentzat Pumorikoak; beste kide bati laguntzeagatik beherako bidea hartu zuen, eta istripua grtatu zenean ez zegoen han», azaldu du Eizagirrek. «Ahal zuen guztia egin zuen, baina, hala ere, beti izan du arantza bat sarturik, hasiera batean nafarren familiek ez zutelako ondo hartu». Arrue seme bat bezala maite zuela dio Eizagirrek, eta hori ez zuela burutik kentzen.

Ezbeharraren ostean, oroigarri bat jarri zuten mendiaren magalean, eta, ordutik, bi urtetik behin joaten zen Irureta bertara, Everesteko trekkinga egin eta, bide batez, lagunak bisitatzera. «Bertan zendutakoen lagun edota senideak eramaten zituen oroigarria ikustera», azaldu du Eizagirrek. Irureta zen espedizioko zaharrena eta, horregatik, jende askok bera jo zuen arduradun gisa», dio Axkiolak.

Orain, erreferentzia handi hori gabe jarraitu beharko dute aurrera lagun eta inguruko mendizaleek. «Orain arte, lagunaz gain, gure gidari zena galdu dugu, eta asko nabarituko dugu; elkartean utzi duen hutsunea oso handia eta nabarmena da», adierazi du Tortorrek. «Ez dago taldean Benantxiok zuen sasoia berdinduko duenik; ez zen inor haren erritmoari jarraitzeko gai, beti joan da bera taldearen buruan, bidea irekitzen», aitortu du Eizagirrek. Hutsunea nabaritzen dute, baina, oraindik ere oso kontziente ez direla pentsatzen du Arretxek: «Oraindik haren falta askotan nabarituko dugula ziur nago».

Hileta elizkizunaren aurretik, omenaldi bat egin zioten Iruretari. «Elkartekook merezi zuen omenaldia egiten saiatu ginen; ez zen beste munduko ekitaldia izan, berak ere ez zukeelako nahi», azaldu du Tortorrek. Mendizaleen artean ohitura den bezala, pioletak eskuan hartuta arkua egin zioten, aurreskua dantzatu eta azken agurra emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.