Antolatzaileek ez dute zalantzarik: Europan antolatzen diren mendi zinemaldietan erreferente bihurtzeko bidean da Mendi. Halakorik esatera ez ditu handinahiak eraman. «Oso programazio ona osatu dugu, nazioartean antolatzen diren zinemaldien artean osoena. Bisitatu ditugun zinemaldietako zuzendariek, zinegileek eta mendizaleek aitortu digute hori», arrazoitu du zinemaldiko presidente Eduardo Martinezek. Pantailaratuko dituzten filmak dira, noski, zinemaldiaren ardatza, baina proiekzioetatik harago doa Mendi: hitzaldi, erakusketa, ikastaro... Abenduaren 12tik 20a bitartean Gasteizko Europa biltzar jauregia izango da horren guztiaren lekuko.
Mundu osotik iritsitako ehundik gora film ikusi, aztertu eta galbahea egin ondoren osatu dute programazioa. Sail ofizialean 18 herrialdetako 40 pelikula lehiatuko dira, eta lehiatik kanpo beste hiru eskainiko dituzte; Luis Trenkerri buruzko atzera begirakoa egingo dute azken horien artean, eta Matterhorn mendiaren lehenengo igoera kontatzen duen Der Berg ruft filma emango dute. Nabarmentzekoak dira AEBetatik jaso dituzten 8 lanak, eta etxeko ekoizpena: Euskal Herriko 9 pelikula iragarri dituzte Gasteizen, Alex Txikonen, Alberto Zerainen eta Josu Bereziartuaren azken espedizioen inguruko lanak, esaterako. Nazioartean azkenaldian argia ikusi duten erreferentziazko filmak eta estreinaldiak ere badira programazioan.
Aurkezpen ekitaldia Principal antzokian egingo dute, abenduaren 12an, 19:00etan. Bi estreinaldi iragarri dituzte irekiera egunerako: Nick Waggonerren Solitaire eta Alexander Gonzalez de Bikuñaren Next time Inshallah. Alex Txikonek, Gerfried Goschlek eta Louis Rosseauk Gasherbrum I mendian neguan bizitakoak kontatzen dira azken horretan. Aurkezpen saioa Simone Morok itxiko du, Winter exploration lanarekin. Gasherbrum II mendian iragan neguan bizitakoak bertatik bertara azalduko dizkie Morok Principal aretora bertaratzen direnei.
Gainerako egunetan Europa jauregiak hartuko du Mendi, eta bi saio izango dira eguneko: 16:00etan eta 18:30ean. Jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte pelikula guztiak, eta azpidatzi edo bikoiztu egingo dituzte. Sarrerak Gasteizko, Donostiako, Barakaldoko eta Miranda de Ebroko Ikatz argazki dendetan eros daitezke. Europa biltzar jauregiko aretoak 500 ikuslerentzat du tokia, eta, iazkoa gogoan, bizi ibiltzea aholkatu dute antolatzaileek, sarrerarik gabe ez geratzeko.
Zortzi sari banatuko dituzte Mendin, eta horiek aukeratzeko epaimahaia boskote batek osatuko du. Zinema eta mendia gertutik jarraitzen duten pertsonak dira: Silvo Karo, eskalatzailea eta Domzale zinemaldiaren sortzailea; Marco Ribetti, Turingo Museo Nazionale de la Montagnako artxibategiko kontserbatzailea; Gabriela Khun, Poloniako Meetings with Mountains zinemaldiko zuzendariordea; Javi Alonso Aldama, EHUko irakaslea; eta Zaloa Borda, ETBko errealizadoreea. Bederatzigarren saria entzule eta ikusleek aukeratuko dute.
Zeledon aurreratua
Zazpigarren arteak ez ezik, bestelako ekitaldiek ere badute lekua jaialdian. Argazkilaritza tailerra Santi Yanizek emango du, abenduaren 17an eta 18an, Europa biltzar jauregian. Jordi Canyigueral eta Pau Savall arduratuko dira mendiko bideoen produkzio tailerraz, abenduaren 12tik 16ra, 09:00etatik 14:00etara. Paretan filmatu ahal izateko teknika eta maniobren inguruko ikastaroa, berriz, Santi Llop eta David Palmada Pelut eskalatzaileek emango dute. Ikastaroen inguruko argibideak: www.mendifilmfestival.com.
Gasteizko kaleetan ere izango da zinemaldiaren berri. Dean Potter, Carlos Suarez eta Sean Lery hirukoak slackline ikuskizuna eskainiko du, soka fin baten gainean ibiliz, Andre Mari Zuriaren plazan. Zeledon aurreratzeko modua izango da.
Mendia. Gasteizko IV. Mendi zinemaldia
Mendia zinemara
Mendia ardatz duten 40 film eskainiko dituzte laugarren Gasteizko Mendi Film Festival jaialdian, abenduaren 12tik 20a bitartean. Hitzaldiek, ikastaroek, tailerrek eta erakusketek osatuko dute egitaraua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu