Mendia. Gerlinde Kaltenbrunner. Alpinista

«Lehiatik kanpoko balioak bilatu nahi ditut mendian»

K2ra ipar hormatik igo zen abuztuan, eta horrekin borobildu zuen hamalau zortzimilakoen zerrenda. Tontorrera iristea baino garrantzitsuagotzat dauka igotzeko modua Gerlinde Kaltenbrunnerrek. Bere testigantza utzi du Bilbon, Iruñean eta Gasteizen.

Gasteiz
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Gertutasuna adierazten du Gerlinde Kaltenbrunnerrek (Kirchdorf an der Krems, Austria, 1970). Irribarretsu dago une oro, hurbiltzen zaion mendizale ororekin argazkiak ateratzeko eta solaserako prest. Hamalau zortzimilakoen zerrenda udan osatu du, modu dotorean osatu ere: K2ra ipar hormatik igota, Vassili Pivtsov, Maxut Zhumayev eta Darek Zaluskirekin —haientzat ere 14. mendia zen—. Igoeraren kontaketa egin zuen Bilbon, Iruñean eta Gasteizen, Ralf Dujmovits senarra eta mendizalea itzultzaile zuela. Bostehundik gora lagunek bete zuten Gasteizko Europa jauregia.

Alpinista klasikoen liburuak irakurrita edo familia tradizioa dira mendizaletasuna pizteko modu ohikoenak. Zu nola hasi zinen?

Herriko apaizaren bidetik hasi nintzen. Bitxia da, bai, baina zorionekoa izan nintzen, mendiaz asko zekielako. Meza bukatzean joaten ginen mendira, eta elizkizuna azkar bukatzen saiatzen zen mendi buelta luzeagoa egin ahal izateko (kar, kar). Einch Tischler zuen izena, eta mendiko botak jantzita joaten zen elizara.

Noiz jabetu zinen mendira bideratu nahi zenituela zure urratsak?

Gogoan dut 16 urterekin K2 mendiari buruzko erreportaje bat ikusi nuela. Egun hartan pentsatu nuen bertatik bertara ikusi behar nuela mendi hura. Ametsa beteko nuenik ez nuen berehalakoan pentsatuko, baina mendirako adiskide egokiak ezagutuz joan naiz denborarekin, eta esperientzia hartuz.

Ikusi ez ezik, igo ere ipar hormatikigo zinen K2ra, abuztuan, eta, hala, 14 zortzimilakoen zerrenda osatu. Zer sentitu zenuen egun hartan?

Bizitzan nuen ametsetako bat bete nuela. K2ra igotzen sei aldiz saiatu nintzen aurrez, hegoaldeko isurialdetik beti, eta iaz hegoaldetik berriro ez saiatzea erabaki nuen, Fredik Erickson adiskidearen istripuaren ondoren —2010ean hil zen, eskiekin K2tik jaisten—. Ahalegin gehiago egingo ote nuen ez nuen garbi, mendian jaso dudan kolperik handienetakoa izan zelako iazkoa. Azkenerako, iparraldetik igotzen saiatzeko prest ikusi nuen neure burua; beste K2 bat igotzeko modua nuen. Tontorrean azken urteetan galdutako lagunak gogoratu nituen, Erickson tartean. Opari handia jaso nuen.

Hamalau zortzimilakoak oxigenorik gabe igotzeari zer garrantzi ematen diozu?

Zortzimilakoak igotzen saiatu nahi nuela erabaki nuenetik, garbi izan nuen igotzeko moduari emango niola lehentasuna. Nire indarrak baliatuta igo nahi nituen, oxigenorik gabe eta xerparik gabe. Niretzat, lehenengoa, hirugarrena edo bosgarrena izatea ez zen garrantzitsua; neure baliabideekin igotzea zen helburua, eta edozein lehiatatik aldentzea.

Lehia hitza aipatuta, inoiz ikusi al duzu zeure burua aurreneko emakumea izateko lasterketan?

Ez naiz sekula horretan sartu. Lehia horretan sartu nahi izan banu, ez nintzen mendira joan naizen estiloan eta aukeratu ditudan bideetatik joango. Lehiaketatik kanpo ulertzen dut mendia, beste balio batzuk bilatzen ditut, eta horien artean ez dago lasterketa bat irabaztea.

Zer iritzi duzu Edurne Pasaban eta Oh Eun Sunekin gertatu zenaz?

Komunikabideetatik bultzatutako lasterketa izan zen batez ere. Lehenengoa nor izan hainbeste idatzi zen, non azkenerako eragina izan zuen haiengan. Edurne laguna dut, eta bietatik aurrenanor izan zen ez dakit; Kangchenjungara igo zen edo ez dakiten bakarrak korearra eta haren xerpa dira. Nik ezin dut esan besterik; ez nintzen han. Mendizale bati aholka diezaioket egia aurretik izatea; zintzoa izan eta gauzak diren bezala kontatzea da desio dudana.

Igotako mendietatik zein izan da arrastoa utzi dizuna?

Dhaulagirik eta K2k eman dizkidate unerik gazienak eta gozoenak. Elur-jausi batengatik Rikardo Valencia eta Santiago Sagaste Dhaulagirin hil zirenekoa une latza izan zen [aldameneko dendan zegoen Kaltenbrunner, eta bizirik atera zen], eta iaz K2n Ericksonen istripua ere bai. Baina, era berean, bi mendi horiek eman dizkidate unerik sakonenak, ezbeharren oroitzapenagatik akaso. Dhaulagirira tragedia gertatu eta hurrengo urtean itzuli nintzen, eta une zoragarriak izan nituen. Halakoetan konturatzen zara zeinen gertu dauden mendian poza eta atsekabea, heriotza eta bizitza, tragedia eta zoriona.

Oxigenorik ez erabiltzea nabarmentzen dizute. Horrek ez al ditu bigarren mailan uzten darabilzuen estiloa eta aukeratutako bideak?

Estilo alpino eta arinean igotzea da nire helburua; nire indarrak baliatuta eta lagun talde txikian. Halaxe gozatzen dut mendian. Motxilan daramaguna daukagu mendirako, eta kito. Denda txiki bat eramatea ere gustatzen zait, horrek autonomia handiagoa ematen digulako erabakiak hartzeko. Baina nire asmoa ez da estilo hobea zer den esatea, ez eta mendira nola joan behar den inori esatea; norberak erabaki dezala zein estilotan joan nahi duen eta nola gozatzen duen. Shisha Pangmara hegoaldetik igo gineneko oroitzapen onak ditut, bakarrik baikinen mendian; baina beste zortzimilako batzuk ohiko bideetatik igo ditut. Hori bai, Dhaulagirin bide normaleko soka finkoak ez genituela erabiliko erabaki genuen.

Gizonen eremua izan da, hein handi batean, Himalayako espedizioena. Emakume izatea lagungarria edo oztopoa izan duzu zure ibilbidean?

Ez dut uste laguntza edo arazoa izan dudanik. Urte luzez oharkabean pasatu nintzen, eta zortzigarren zortzimilakora igo nintzen arte inork ez zidan jaramonik egin. Emakumeok, kopuruan gutxiago garenez, profesionalak izatea eta babesleak lortzea errazagoa izan dezakegu. Baina mendian gizonen pare lan egin dut; elurrean arrastoa irekitzen...

Ralf senarra eta biak sokalagun zarete bizitzan, sokalagun mendian. Nola uztartzen duzue hori?

Sakontasun handiz bizi dugu harremana. Manaslun ezagutu genuen elkar, 2002an, eta mendiarekin dugun pasioa partekatzen dugu ordutik. Ezingo nuke mendia pasioz bizi ez duen pertsona batekin partekatu bizitza. Sakontasun handiko uneak izan ditugu, eta baita une zailak ere. Hamalau zortzimilakoetako sei igo ditugu elkarrekin.

Elkar lotzen zaituzten sokak ataka gaiztoak izango zituen, ezta?

Espedizioetan une gozoak eta gaziak partekatu ditugu, eta egoera zailei aurre egin diegu. Akordio bat badugu: batak bestea gabe aurrera jarrai dezake, gaixorik dagoenean edo ongi ez dagoenean salbu. K2n Ralfek behera jaistea erabaki zuen eta nik aurrera jarraitzea. Irizpide desberdinak genituen, baina batak bestearen erabakia errespetatu genuen. Gutako bakoitzak bere espazioa du, eta hori ezinbestekoa da. Harekin eskalatzea da lortu dudan gauzarik ederrena. Elkarrekin entrenatzen gara eta elkarrekin bizi gara. Inon eztabaidak izatekotan, bulegoan ditugu, lanean, baina Ralfek trekking agentzia saldu du, eta lasaiago bizi gara.

Mendiak zer eman dizu?

Asko ikasi dut. Mendiak irakatsi dit eguneroko bizitzan gauza gutxirekin bizi daitekeela, eta pertsona lasaiagoa izaten ere lagundu dit. Mendian une zailak igarotzeak irakatsi dit egunerokoan ia guztia konpon daitekeela. Benetako arazoa zer den eta zer ez neurtzen ikasi dut, eta natura zeinen handia den eta gizakia zeinen txikia den ikusten eta ulertzen.

Zer asmo dituzue orain?

Udaberrirako Nuptse mendiaren ekialdeko ertza zeharkatzen saiatuko gara Ralf eta biok. Zeharkatzeke dago oraindik, eta ertzean bada igo gabeko bigarren mailako tontor bat. Ondoren, Everestera joatea da aukeretako bat; oxigenoarekin igo zuen Ralfek 1992an, eta hara itzuli nahi du, oxigenorik gabe igotzera. Itzuliko balitz, harekin joango nintzateke, baina 8.000 metroraino.

Everestera Hornbein korridoretik igotzeko saio bat egin zenuten. Itzultzeko asmorik bai?

Nahi nuke, baina Ralfek esan dit ez dela hara itzuliko. Sokalagun oso berezia behar nuke Hornbeinen gora saiatzeko. Ericksonekin bagenuen hitz eginda, baina ezbeharra gertatu zen K2n. Sokalagun aproposak aurkituko banitu, gustura itzuliko nintzateke.

Iñurrategi, Zabalza, Vallejo eta Zerain ere saiatu dira Hornbeinen gora. Zer iritzi duzu euskal mendizaleez?

Alberto Iñurrategi, Jose Carlos Tamayo eta beste hainbatek egiten duten alpinismoa gertutik ezagutzen dut. Asko gustatzen zaizkit dituzten proiektuak eta horiek aurrera eramateko darabilten estiloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.