Mendia. Neguko espedizioak. Alex Txikon. Mendizalea

«Hasitako lana bukatzera itzuliko gara»

G-I mendira bueltatuko da urtarrilean Alex Txikon, iragan neguan irekitzen hasitako bidea bukatu eta neguko lehenengo igoera osatzeko asmoz.

Alex Txikon K2 mendian gora, joan den udan. ALEX TXIKON.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Jakina zen neguan Gasherbrum I (8.068) mendira itzultzekotan zirela, eta pixkanaka hasi dira 2012ko urtarrilean abiatuko duten espedizioaren xehetasunak ematen. Gerfried Goschlek, Louis Rousseak eta Alex Txikonek mendiaren hegoaldeko horman 6.700 metrora arte ireki zuten bidea iragan neguan, eta bide hori bukatu eta neguan G-I igotzen aurrenak izan nahi dute. Helburuan aldaketarik ez, beraz. Berrikuntzak espedizioa osatuko duten taldekideak dira: Rousseau ez da joango, eta haren ordez beste lau mendizalek osatuko dute espedizioa. Egunotan Euskal Herriko bazter askotan hitzaldiak ematen ari da Alex Txikon, eta horietako batera bidean ezagutarazi ditu ate-joka datorren negurako dituzten asmoak.

G-I mendian bidea irekitzen eta neguko lehenengo igoera osatzen saiatu zineten iragan neguan Louis Rousseau, Gerfried Goschl eta zu zeu. Iaz hasitakoa bukatzera joango al zarete?

Asmoa hori da, iaz hasitakoa bukatu nahi genuke, eta irekitzen hasi ginen korridoretik igotzen saiatuko gara. Udan Gasherbrum mendietan izan ginenez, mendiaren bide normalean biltegi bat utzi genuen gordeta, hirugarren kanpalekuaren altueran. Lagungarria izango zaigulakoan gaude; ongi bidean, G-I bat hegoaldetik igo eta bide normaletik jaitsita zeharkaldia osatu nahi baitugu.

Orduko bizipena eta Karakorumeko neguan ikusi eta ikasitakoa mesedegarria izango zaizue.

Abantaila bat izango dugu, iragan neguko ahaleginaren ondoren, 6.700 metrora iritsi artean zer aurkituko dugun badakigulako. Bide berri bat irekitzen ari zarenean ezin jakin hurrengo zatian zer aurkituko duzun, eta guk, behintzat, ezagutzen dugu aurreneko zatia.

Lehen, hirukotea, eta orain, seiko espedizioa.

Aldaketak izango dira taldean. Rousseau ez da itzuliko, baina beste lau mendizale izango ditugu taldean: Nisar Hussein pakistandarra, Darek Zaluski poloniarra, Hahlen Cederic suitzarra eta Carlos Suarez espainiarra. Guztiak dira ezaugarri eta jatorri desberdineko mendizaleak, baina badute eskarmentua. Zaluskik K2 igo du berriki, Gerlinde Kaltenbrunnerrekin, eta Poloniako belaunaldi gaztearen lekukoetako bat da. Cedericek K2 eta Kangchenjunga igo ditu, eta Suarezek mende laurdenetik gorako eskarmentua du eskaladan eta alpinismoan.

Talde handiagoa izatea lagungarria izango al duzue neguko muturreko baldintzetan lan egiteko?

Seikote bat goaz, eta hori ere lanerako mesede izango dela uste dut. Iaz hiru ginen mendian, bakardade erabatekoan, eta gogorra izan zen oso mendian gora soka finkatzea eta bidea irekitzea. Lagun gehiago joanda, lana banatzeko modua izango dugu.

Bitxia da taldea osatuko duzuenon jatorriaren aniztasuna.

Ohituta gaude mendian halakoetara. Pozgarria da Nisar Hussein gurekin etortzea. Baltiarra da bera, eta baltiarrak zama eramaile lanetan ikustera ohituta gaude, eta Nisar beste taldekide bat gehiago da. Talde bat osatzen dugu, baina asmo desberdinekin goaz. Gerfriedek filma bat grabatzeko asmoa du, eta Zaluskik grabaketa lanak egingo ditu. Carlos Suarezek eta biok ez dugu horretan zuzenean parte hartuko.

Ezagutzen al dituzu taldekideak?

Carlos Suarez ez da azken urteetan merezi bezainbeste azaldu komunikabideetan, baina mendi zaletasuna dutenek estimu handitan dute, eta badakite esperientzia handia duela eta eskalatzaile bikaina dela. Euskal Herriko beste mendizaleren bat taldean sartzen saiatu naiz, baina ez da posible izan; Jonatan Larrañagari galdetu nion, baina Benasqueko lana tarteko, ez du moldatzerik izan.

Pakistanera aurten egin dituzun beste bi espedizioekin ikus-entzunezko bana prestatu duzue. Noiz aurkeztuko dituzue?

Iragan neguko espedizioaren harira grabatu dugun filma Gasteizko Mendi Zinemaldian aurkeztuko dugu, abenduaren 12an, eta udan Karakorumera egindako bidaiaren inguruko ikus-entzunezkoa, Durangoko Azokan. Garrantzitsua dela uste dut mendian egiten dugun lanaren berri ematea, eta jendea guk kontatutakoarekin gozatzen ari dela ikustea pozgarria da. Lehen hitzaldi eta proiekzio asko ez nituen ematen, baina orain horretan ere ari naiz.

Urtetan Al filo-ko taldean aritu zinen, Edurne Pasabanekin. Beste bide bati ekin diozu orain. Gustura al zabiltza aldaketarekin?

2011. urtea oparoa izan da niretzat. Beste bide batzuk hartu nituen, neguan G-I mendira joanda. Ez dut urrutira begiratzen, epe laburrera antolatzen ditut proiektuak. Neguan G-Iera joango naiz eta udan K2ra itzuliko naiz. Hamalau zortzimilakoak ez ditut helburu, baina egingarri ditudala iruditzen zait; bederatzi igo ditut, eta zergatik ez? Baina gauzak beste modu batera egin nahi nituzke. Euskal Herria herri txikia da, eta hamalauak igo dituzte Juanito Oiarzabalek, Alberto Iñurrategik, Edurne Pasabanek. Beste aro bat hasi eta beste bide batzuk jorratu beharko genituzkeela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.