Berriozarko 'Mendialdia', menditik eta euskaraz herria eginez

Bihar hasiko da mendiko proiekzio, mahai inguru, tailer eta irteeren zikloa Berriozarren. Euskara hutsean izango dira emanaldi guztiak, BKE mendi eskolak antolatuta.

ESKALADA - LOFOT UHARTEAK
Ander Zabalza eta taldekideak, Norvegiako Lofoten uhartean 'Esel kvist' bidea zabaltzen. Lau bide zabaldu zituzten uharte haietako Merraflestinden eta Moltbaertinden hormetan. ANDER ZABALZA
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

Herrigintzak iturburu asko izan ohi ditu: kultur eta aisialdi elkarteak, kirol klubak, euskara taldeak eta abar. Mendi taldeak ere badira herriari bizia emateko hauspo. Berriozarren (Nafarroa), esaterako, eragile garrantzitsua da Berriozar kirol elkartea, eta horren barnean, mendi eskola. «Haur eta heldu, 80 bat lagun izanen gara. Ez gara mendi talde tradizional bat igandero ateraldiak egiten dituena. Gurea eremu bat da jendeak ikasteko, jarduera desberdinak egiteko, bai haurrendako eta bai helduendako, eta horregatik deitu genion mendi eskola. Eskolaz kanpoko jarduerak ere egiten ditugu haurrekin, eskaladakoak, ibilbideak, orientazioa...», jakinarazi du Lur Gil Rey BKE mendi eskolako kideak.

Bihar hasi eta apirilaren 28ra arte, Mendialdia zikloa antolatu du BKE mendi eskolak. Ekitaldien artean, I. Ilustrazio eta Argazki Lehiaketa Herrikoia antolatu dute. Helburua da mendizaleek egindako argazki eta ilustrazioak bildu eta erakusketa batean jasotzea, eta, ondoren, apirilaren 10etik 24ra Berriozarko kiroldegian erakusgai jartzea. «Lanak bilduta daude jada, eta orain jendeak aukera izanen du botoa emateko eta ilustrazio eta argazki irabazleak aukeratzeko», azaldu du Gil Reyk. Mendiko jarduera onenen lehiaketa ere jarriko dute martxan aurki. Hori Instagram bidez eginen dute, eta like gehien jasotzen dituen aktibitatea izanen da irabazle. «Jarduera onena hautatzea baino gehiago, ordea, jendeak egiten duen guztia ezagutaraztea da asmoa, dela inguruko mendi ibilbide bat, dela eskalada bat, alpinismoko aktibitate bat... Helburua da elkar ezagutzea, jakitea zer jende ari den zer egiten, ideiak ateratzea eta giro bat sortzea». Herria egitea, funtsean.

«Zaila da Iruñerrian halako ziklo bat euskara hutsean egitea, baina euskararen normalizazioaren aldeko apustu hori egin nahi genuen. Gure bereizgarria ere izango da: euskaraz egiten den ziklo bakarra izatea».

LUR GIL REY BKE mendi eskolako kidea

Mendialdia zikloaren beste bereizgarri nagusietako bat hauxe da: ekitaldi guztiak euskaraz izanen dira. «Taldearen esparru guztietan saiatzen gara euskarari presentzia handiagoa ematen, eta herria euskalduntzen. Zaila da Iruñerrian halako zerbait euskara hutsean egitea, baina euskararen normalizazioaren aldeko apustu hori egin nahi genuen. Gure bereizgarria ere izango da: euskaraz egiten den ziklo bakarra izatea». Nolanahi ere, euskaraz ez dakitenentzat itzulpen zerbitzu profesionala jarriko dute gaztelaniara.

Eskoletan ere eginen dituzte emanaldiak eta tailerrak. Uxue Loizu eta Amaia Segurola Espainiako Federazioko Emakume Alpinisten Taldeko kideek, adibidez, Groenlandiara eginiko espedizioaren nondik norakoak azalduko dituzte Mendialdea I eta Mendialdea II ikastetxeetan, eta «eskaladarako erabiltzen duten materiala eraman eta erakutsiko dute, haurrek ukitu dezaten, eskuetan erabil dezaten...». Oskia Garcia eta Ibantxo Gonzalez Berriozarko bertako bidaiariak eta geologia eta elur kontuetan adituak, berriz, Berriozarko Institutuan izanen dira, ikasleek ikastetxean jorratzen dituzten gaiak ikuspegi praktiko batetik azaltzeko.

Bihar, apirilak 11, Ander Zabalza Garcia eskalatzaile iruindar gazteak Eskalada tradizionalaren aldarria: Bide berriak britainiar eta norvegiar uharteetan proiekzioa emanen du Labarga elkartean, 19:00etan. Eskalatzaile iruindar gazteak hainbat bide zabaldu eta eskalatu zituen Norvegiako Lofoten uharteetan eta Eskoziako Foula uhartean, eta jarduera horien ingurukoa da proiekzioa, trad eskalada zer den erakusteaz bat. Zabalzak Xabier Ormazabal mendi beka eskuratu zuen proiektu horrekin, eta eskalatutako horma eta bide guztietan ez zuen iltze bakar bat ere sartu.

Trail-running-ari buruzko mahai ingurua: 'Norantz goaz?'

Apirilaren 18an, 19:00etan, Zulo Alai elkartean, 212 Mountains filma proiektatuko da (Luis Arrieta eta Xabier Zarranz), eta, ondoren, mahai inguru bat izango da gai hau hizpide hartuta: Trail-running-aren gorakada eztabaidagai. Norantz goaz? Hizlariak Xabier Zarranz bera, Oihana Azkorbebeitia eta Asier Labairu izanen dira, eta moderatzailea, Unai Ugartemendia BERRIAko mendi gaietako kolaboratzailea. «BKEren barnean badugu trail taldea ere, eta jende pila bat aritzen gara karreretan. Hizlarien ezaugarriak zein diren jakinda, uste dugu gaiari hainbat ertzetatik eta ikuspegitatik heltzeko aukera izanen dela», nabarmendu du Gil Reyk. Hausnarketa bultzatzea da helburua: ingurumenari eta zaborrari buruz, etiketa berdeari buruz, trailak iraupen luzeko mendi martxetan izan duten eraginari buruz...

212 Mountains filma
Xabier Zarranz, '212 Mountains' filmeko fotograma batean. LUIS ARRIETA

Apirilaren 25ean, azkenik, 19:00etan, Berriozarko Entzunaretoan, Mendialdia gala izanen da. Ekitaldi horretan emanen dituzte argazki eta ilustrazio lehiaketetako sariak, eta, ondoren, bi emanaldi izanen dira. Lehenik, BKE mendi eskolako kideek 2023ko abenduan eta 2024ko urtarrilean Kaukasora eginiko mendiko eskiko espedizioari buruzko ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. «Iaz Islandiako irteerako irudiak eman genituen, eta jende pila bat batu zen; hura izan zen, nolabait, ziklo honen abiapuntua. Aurten Kaukasokoa emanen dugu, baina azkenean helburua bera da: Berriozarko mendizaleek egiten dituzten jarduerak ezagutaraztea; berez, edozeinek egiten ahal dituenak, baina herri mailan interesgarriak».

Segidan, Into the Ice filma emango du Eñaut Izagirre glaziologoak, glaziarrak ikertzeko Darwin mendikatera egindako euskal espedizioari buruzko pelikula. «Ekitaldi guztietan dago mendiaren esentziaren halako aldarri bat, eta oraingoan ere bai, glaziarraren atzerakadari buruzko halako dei bat, hain zuzen. Ez genituen soilik mendiko jarduera eta irudi politak erakutsi nahi; atzean mezu bat izatea nahi genuen».

Hilaren 28an, azkenik, zikloa borobiltzeko, mendi irteera eginen dute Lapurdiko Mondarrain mendira. Euskal Herriko Mendi eta Alpinismo Federazioaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien artean, 100 urte, 100 mendi egitasmoa izanen da apirilaren 27-28ko asteburuan, eta BKE mendi eskolakoak Mondarrainera joanen dira. «Irteera berezia izanen da, haurrentzat eta helduentzat... Hango blokeetan boulderra egiteko aukera ere izanen da...», azaldu du Gil Reyk.

BKE mendi eskola da Mendialdia zikloaren antolatzailea. Laguntzaileak: Berriozarko Udala, Zulo Alai elkartea, Labarga elkartea eta Epalza masajeak. Babesleak, berriz, BERRIA, Euskalerria irratia, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa eta Nafarroako Gobernua.

EGITARAUA

 

  • Apirilak 11. Ander Zabalza Garcia, ‘Xabier Ormazabal’ mendiko bekaren irabazlea: Eskalada tradizionalaren aldarria: Bide berriak britainiar eta norvegiar uharteetan. 19:00etan, Labarga elkartean. 
  • Apirilak 18. Lehenik, 212 Mountains filmaren proiekzioa (Luis Arrieta eta Xabier Zarranz) eta, ondoren, mahai ingurua: Xabier Zarranz, Oihana Azkorbebeitia eta Asier Labairu. Trail-running-aren gorakada eztabaidagai. Norantz goaz?. Moderatzailea: Unai Ugartemendia. 19:00etan, Zulo Alai elkartean.
  • Apirilak 25.  Mendialdia gala, lehiaketetako sariak emateko. Ondoren, 2024an BKEko kideek Kaukasora eginiko espedizioari buruzko emanaldia, eta Into the Ice filma, glaziarrak ikertzeko Darwin mendikatera egindako euskal alpinismoaren espedizioari buruzkoa, Eñaut Izagirre glaziologoaren eskutik.
  • Apirilak 28. Irteera Mondarrain mendira (Lapurdi), Euskal Herriko Mendi eta Alpinismo Federazioaren 100. urteurreneko 100 urte, 100 mendi egitasmoarekin bat etorriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.