Zilartxo

Juan Kruz Igerabide

ZILARTXOREN JAIOTZA

Hiri handi bateko zoo handi bateko kaiola handi batean, bi gorila handi-handi bizi ziren, goriletan gorilenak, bata ama, bestea aita. Zilar-koloreko bizkarra zuten, eta, gauez, ilargia irteten zenean, haien bizkarrek beste bi ilargi ematen zuten, distiraren distiraz.

Halako batean bi gorila handi-handi haiek, zer, eta gorilakume txiki bat izan zuten, zilar-koloreko bizkarrarekin hura ere. Txikietan txiki jaio zen gorilakumea.

—Bai txikia! —esan zuen gorila aitak—. Esku batean kabitzen zait gure Zilartxo. Ai Zilartxo!

—Gure Zilartxo, ai Zilartxo!, munduko gorilakumerik txikiena da —esan zuen gorila amak, pixka bat kezkatuta.

Amak titia eman zion jaioberriari, eta gorilakumeari txikiari segituan bete zitzaion urdaila. Hain zen txikia!

—Bizpahiru trago egin ditu, eta beteta dago —kezkatu zen ama—. Gure gorilatxoa gaixo dago.

—Ba ez du ematen. Begira nola mugitzen dituen hankak eta eskuak.

Gorilakumeak bixi-bixi mugitzen zituen eskuak eta hankak, barruan motor txiki bat belauka bezala.

—Eta zer izen jarriko diogu? —galdetu zuen amak.

—Ba, jarri dioguna: Zilartxo.


ZILARTXO SALTOKA

—Begira zer distira egiten duen gure Zilartxok —esan zuen gorila amak—. Ilargiak baino gehiago. Ia eguzkiak adina. Ai, Zilartxo, gure Zilartxo! Gorila guztien artean txikiena izango da, baina Zilartxoren bizkarrak inorenak baino distira handiagoa eta ederragoa egiten du.

Zilartxok, amaren titian tripa beterik, jauzi egin zuen amaren altzotik lurrera.

—Kontuz! —esan zion aitak—. Oraindik txiki-txikia zara. Min hartuko duzu.

Baina Zilartxo txikia baina bixi-bixia zen. Hain karga gutxi zeukan, non, lurrera jauzi egin zuenean, pilota batek bezala egin baitzuen botea, eta gustatu egin zitzaion gorilakumeari, izugarri gustatu ere! Boteka jarraitu zuen, gero eta bote handiagoak eginez, Mattinsalto bat balitz bezala.

—Nora zoaz? Zatoz hona, oraindik txikia zara! —deitu zion amak.

—Obeditu amari! —egin zion oihu aitak.

Baina Zilartxok, jaioberria zenez, oraindik ez zekien obeditzen. Beraz, jauzika jarraitu zuen.

Gorilak zeuden kaiolako hesia oso altua zen, baina Zilartxo erraz igaro zen haren gainetik, eta kanpora irten zen.

—Zatoz hona! Oso arriskutsua da! —egin zioten oihu gurasoek.


ZILARTXOK OSPA

Oso arriskutsua dela! –egiten zioten oihu gurasoek.

Gorila ama eta gorila aita ezin ziren irten beren itxituratik, ezin baitzuten Zilatxok bezainbateko jauzirik egin. Zilartxo, ordea, airea baino arinago zebilen.

—Oso arriskutsua dela!

Baina Zilartxok ez zekien zer zen arriskua, oraindik jaioberria zelako. Zuhaitz handienaren adarrik altueneraino igo zen jauzika, eta handik hiria ikusi zuen, eta autoak alde batera eta bestera, eta jendea. Ahozabalik geratu zen.

Gogoa jarri zitzaion hirira irteteko, baina, une hartan, hain tripa txikia zuenez, hartutako esnea segituan husturik, berebiziko gosea sartu zitzaion. Jauzika zuhaitzetik jaitsi, jauzika zooa zeharkatu, jauzi handi batez gorilen itxiturako hesiaren gainetik pasatu, eta salto txiki bat egin zuen amaren altzora. Ama beso-zabalik zegoen zain.

Zilartxok segituan egin zituen ez hiru, baizik eta lau trago, gosez etorri baitzen, baina laugarrenean tripa bete-bete egin zitzaion. Orduan, amaren altzotik jaisten hasi zen, baina amak eutsi egin zion.

—Ezin zara irten jauzika hemendik. Oso arriskutsua da.

Orduan, Zilartxok negar egin zuen lehenbiziko aldiz, jaioberritan ez baitzuen txintik atera.


ZILARTXOREN NEGARRA

Haiek Zilartxoren marruak, eta haiek Zilartxoren mugimenduak jauzi egiten uzten ez ziotelako!

—Egin negar, egin —esaten zion aitak—, baina ezin zara irten hemendik. Oso arriskutsua da.

Amak ez zuen askatzen, besotan tinko estutuz. Zilartxo errota bezala mugitzen hasi zen, hankak eta besoak astinduz, ziba bezala, zirimola batean, ziztu bizian. Ama nekatu zenean, aitak hartu zuen besotan. Eta Zilartxo, negarrez. Eta ez isiltzen.

—Hau buruko mina! —esan zuen amak.

—Hau belarriko mina! —esan zuen aitak.

Baina ez zuten askatu. Eta, azkenean, Zilartxok negar egiteari utzi eta, neka-neka eginda, lo hartu zuen.

Ama eta aita ere, hainbeste larritasunekin nekatuta, lo geratu ziren.

Une hartan, haizea agertu zen, ez oso haize gogorra, baina bai etengabea, dziu!, dziu!, bultza pixka bat eta bultza beste pixka bat, gelditu gabe.

Hala, haizeak, bultza apur bat eta bultza beste apur bat, azkenean Zilartxo amaren besoetatik atera zuen, ama eta aita konturatu gabe, eta Zilartxo ere esnatu gabe. Haizea hegan abiatu zen gorilakumea besotan harturik, eta Zilartxo lotan, harik eta, kaxka!, buruarekin gorilatokiaren hesia jo zuen arte.


ZILARTXOREN IHESA

Kaxka!, buruan. Zilartxok, hala ere, ez zuen negarrik egin. Baina esnatu bai, esnatu egin zen. Eta, bere burua airean ikusirik, berebiziko sustoa hartu zuen, arnasari buelta eman ezinik geratzerainokoa. Haizearen besoetan zihoanez, haizeak haizea eman zion ahora, eta, hala, Zilartxok arnasari buelta ematea lortu zuen. Orduan gorilakumeak negarrez eta arnasestuka hasteko keinua egin zuen, baina haizeak gorago eraman zuen, zuhaitzen gainetik, zootik kanpora. Eta Zilartxo aho-zabalik geratu zen, harrituta:

—A! —egin zuen hasperen, eta arnasa bere onera etorri zitzaion.

Zilartxok, hasieran, bu-bu-bu egin zuen, ikaraz, gero gur-gur-gur, lasaiago, eta azkenean isilik geratu zen, begiak zabal-zabal, gero eta gorago baitzihoan hegan.

Ikusi zuen etxe bat muino baten gainean. Ia-ia jo zuen etxearen leiho bat, baina, azken unean, haizeak, iup!, txirristan gora bezala igo zuen Zilartxo teilatuaren gainetik, eta harantzago eraman zuen, eliza altu bateko dorrearen pareraino. Kanpaien zulotik igaro ziren, eta kanpaiek, haizeak astinduta, din-don egin zuten Zilartxo pasatzean. Gorilakumeak gur-gur-gur egin zuen eztarriarekin, pozarren.


ZILARTXO ARRISKUAN

Bazihoan haizea Zilartxo besotan hartuta. Eta aurrez aurre hegazkin bat agertu zen. Haizeari hegazkinek ez zioten ezer egiten, baina Zilartxo arriskuan zegoen. Eskerrak hegazkineko pilotuak ikusi zuen gorilakumea hegan. Azken unean hegazkina pixka bat desbideratu, eta juxtu-juxtu igaro zen albotik. Zilartxo une batez gor geratu zen hegazkinaren burrunbarekin, baina gero barretxoak egin zituen, gur-gur-gur, hegazkinak kilimak egin balizkio bezala.

Haizea itsaso aldera zihoan. Hondartza baten gainetik igaro zen. Eta itsaso zabalerantz jo zuen. Haizea une batez geldituz gero, eta ez da harritzekoa haizea une batez gelditzea, Zilartxo itsasora eroriko zen, eta hantxe ito. Zorionez, kaio batek ikusi zuen airean pasatzen.

—Baina, hau zer da? Gorilakume bat hegan? Inoiz horrelakorik!

Eta konturatu zen gorilakumea galbidera zihoala martxa hartan. Kaioak ziztu bizian zeharkatu zuen haizea, gorilakumea kendu zion besoetatik, eta bizkor jaitsi zen behera, haizeak ez harrapatzeko.

Gorilakumea hondartzan utzi zuen pixka batean.

—Orain zer egingo dut zurekin? —esan zion kaioak gorilakumeari—. Non dituzu aita eta ama?


ZILARTXO KAIOEN ARTEAN

Kaioak galdera errepikatu zion:

—Non dituzu aita eta ama?

Zilartxok oraindik ez zekien hitz egiten, eta gur-gur-gur erantzun zion.

Beste kaio batzuk inguratu ziren orduan. Eta haietako batek esan zuen:

—Hara! Zizare pottolo bat!

Eta hozka egin nahi izan zion, jateko. Baina kaio salbatzaileak aurre egin zion.

—Ez ukitu! Nik salbatu dut! Eta, gainera, ez da zizarea, gorilakumea da. Ez al duzu ikusten?

—Ba ez. Ez ditut betaurrekoak jantzi. Eta, gainera, goseak nagoenean, itsutu egiten naiz. Eta, gainera, zizare edo gorilakume, ttottolo-pottolo hori ez da zurea. Eta, gainera, denona da.

Ikusirik gauzak zail jartzen ari zirela, kaio salbatzaileak gorilakumea mokoan hartu, eta ospa egin zuen handik. Beste kaioek oihu egin zioten:

—Ez jarri horrela, aizu! Txantxa bat zen! Ez diogu ezer egingo!

Baina kaio salbatzailea ez zen fidatzen, eta hondartzatik irten eta zuhaitz batek adarren artean ezkutatu zen gorilakumearekin.

—Eta orain, zer? —galdetu zion kaioak Zilartxori.

—Gur-gur-gur —erantzun zion gorilakumeak.

—Ederki gaude. Non ote dira zure gurasoak?

Hantxe egon zen kaioa gorilakumearekin zuhaitzean, pentsakor, zer egingo, zer egingo.


ZILARTXOREN GOSEA

Hantxe zeuden, bada, kaioa eta gorilakumea zuhaitzean, urrunera begira.

Gorilakume baten gurasoak, oihanetik urrun, non egongo dira ba? Zooan. Ez da oso azkarra izan behar hori pentsatzeko. Baina kaioek beren gauzak bakarrik dakizkite, ez besterenak.

Zilartxori tripazorriak egin zitzaizkion. Tripa txikiarekin bidaia luze samarra egina zuen. Huts-hutsik zeukan, gur-gurka, goseak amorratzen. Kaioaren bularrean esne bila hasi zen.

—Geldi, bihurri! —esan zion kaioak—. Kilimak egiten dizkidazu.

Kaioek ez dute izaten titirik, arrautzatik jaiotzen baitira, baina Zilartxok ez zekien oraindik halakorik, eta bila eta bila jarraitzen zuen kaioaren luma artean.

—Geldirik egoteko!

Kilimekin, kaioak atzera egin zuen. Atzera egitean, zuhaitzetik irristatu egin zen, eta goitik behera erori. Hegoak astintzen hasterako, lurrean zen, kanka! Zorabiaturik geratu zen.

Zilartxok, berriz, ahoa lumaz beterik, puf eta puf, luma guztiak ahotik atera ondoren, goseak amorratuta, jauzi egin zuen beste zuhaitz batera, eta beste batera, eta beste batera. Eta errepidea ikusi zuen, autoz betea.


ZILARTXOREN ITZULERA

Azken zuhaitzetik une batez autoei begira egon eta gero, jauzi egin zuen autobus baten gainera, eta haren gainean bidea egin ondoren, taxi batera, eta taxi hartatik moto baten atzealdera, eta moto hartatik bizikleta baten parrillara, eta bizikleta hartatik andre baten buru gainera.

Andreak garrasi egin zuen, eta gorilakumea bizkor jaitsi zen lurrera, eta handik zooaren usaina sentitu zuen, animalien usaina, landareen usaina, animalien janariaren usaina, eta, eta, eta… gurasoen usaina! Jauzika, zooaren hormaren gainetik igaro zen. Gorilalekuaren hesiaren aurrera iritsi zenean, hainbeste jauzi eta jauzi, indarrik gabe geratu zen. Ezin hango hesiaren gainetik igaro. Saiatu zen, baina burdina jo zuen kopetaz, eta lurrean etzanda geratu zen, zorabiatuta.

—Hara! Gure umea, gure umea! –egin zuen oihu gorila amak.

—Hara! Gure umea, gure umea! –errepikatu zuen aitak–. Zatoz polit hori! Zeharo kezkatuta geunden! Non ibili zara?

Baina gorilakumeak zorabiatuta jarraitzen zuen, lurrean ziplo. Ez zeukan ezer larririk. Irribarre egiten zien gurasoei, keinuak ere bai. Baina indarrik ez zutik jartzeko.


ZILARTXOREN ERRESKATEA

Orduan, gorila amak hankatik heldu zion, eta hesiaren tartetik pasarazten saiatu zen. Sartu zion hanka bat, sartu zion bestea; sartu zion, pixka bat zanpatuta, sabela, sartu zion bularra, eta lepoa ere bai. Baina burua, ezin. Gorila amak ez zion gogor tiratu nahi, minik ez egiteko.

Etorri zen aita, eta burua jiratu zion eta belarriak burdinetan harrapatu. Orduan, gorilakumea minez garrasika hasi zen. Aitak tira egiten bazion, mina; askatzeko bultza egiten bazion, mina. Ez atzera ez aurrera geratu zen.

Ama ere garrasika hasi zen, eta amaren garrasiak ez ziren nolanahikoak. Zooko animalia guztiak aztoratu zituen.

Zooko arduradunak automobil txiki batean agertu ziren.

—Zer gertatzen da hemen? Ixo denok! Baina, zeinek jarri du horrela gorilakume hori?

Bizkor-bizkor torloju berezi bat ekarri zuten, autoak jasotzeko katuen antzekoa. Zilartxo harrapatuta zeukaten bi burdinen artean sartu, eta zuloa zabaldu zuten.

Orduan, gorila amak bere kumeari tiratu eta besoetan hartu zuen. Berehala isildu zen Zilartxo, eta amaren titiari heldu zion ahoaz, gosez amorratzen. Zooko langileek burdina berriz zuzendu zuten.

Gorila aitak bularrari danba-danba eman zion, sustoa pasatzeko.


Hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila...? Mantangorriren plazan.

top