Sigi-saga-sagu

Patxi Zubizarreta

JANGO NAU

Goizean bi eta bat neba-arreba ginen: Mustatx tripazakua, Motots berbalapikoa eta ni, Pitxin txikitxoa. Eta amak goizean kantatu zigun:

Sagu txiki, sagu maite,
zulotxoan gorde zaitez.
Zapik ikusten bazaitu,
kris-kras jango zaitu.

—Ez nau jango! —esaten genuen bi eta bat neba-arrebok.

—Jango zaitu! —esaten zuen amak.

Eguerdian, Mustatx goseak hilik egon da, baina ez zen goseti bakarra, ze eguerdian Zapi ere gose zen. Eta zuhaitzeko gordelekuan bere bibotetzarrak agertu ditu, eta amak tipustapan bota nau kanpora. Denak deabruak airean desagertu dira orduan.

Amak armiarma haria erabili du ni botatzeko. Haria soka bat bezalakoa da guretzat. Eta kirrikilun-karrakilun erori naiz, minik hartu gabe. Gainera, elurretan erori naiz. Eta, orduan, mundua deskubritu dut: zuhaitz erraldoiak eta gizon bat geldi-geldirik. Gero jakin dut eskultura bat dela, eta liburu bat daukala esku artean. Eta ni letra artean ezkutatu naiz. Ze ni beldurrak hilik nengoen, eta bakar-bakarrik.

Baina berriro ere ikusi ditut katuaren biboteak. Eta berak ere belarritxoak ikusiko zizkidan, ze gora egin du salto, eta nik behera. Eta etxe baten atarian beste sagu bat ikusi dut. ‘Axkar!’, oihukatu dit. Eta ni sigi-saga-sagu abiatu naiz. Eta katua nire atzetik, tarrapataka. Baina ni saguaren zirrikitutik sartu ahal izan naiz. Brixt! Eta saguak Zapiri muturren aurrean itxi dio atea. Danba! Hor konpon, Marianton!

—Popof naix, ongi etorri bibliotekara. Gaur ez xaitu jango.

Eta gauean bat eta bat sagu gaude. Besterik ez. Popof eta ni, Pitxin. Eta ai ze po, ze poz txikia.


EZ NAU JAN

Mundua baso bat da. Eta biblioteka mundu bat da. Eta Popof saguak bizitza salbatu dit. Baina ai ze ba, ze bakardade handia.

—Gató deituko dixut, o letra axkorekin bexala —Ni hasieran beldurtu egin naiz: katu, gato, chat, cat… Sagu bati Gató deitzea ere… Baina oker nengoen—. Frantxexek bixkotxoari gateau basque deitxen diote, baina gató exaten da. Horixe ematen duxu: hain opiltxoa, hain xaloa, hain goxoa…

Eta bibliotekak ez dauka itsasorik. Baina itsasontzi bat dauka. Itsasontzi pirata bat kristalezko botila batean. Popofek horregatik izango zuen txaplata.

—Bibliotekako haur xaila da hau. Bertan bixi naix ni —esan dit botilara tipustapan sarturik—. Ex kexkatu, katu, katu…

—Nor gehiago dago itsasontzian? —esan diot—. Piratak? Katuak!?

—Ez kexkatu, katu, katu… Oihartzuna da, a, a. Sartu eta egin proba, oba, oba.

—Ez dakit zer esan, an, an —atera zait biboteak sartzearekin batera—, zer ahoskatu, katu, katu…

Eta beldurrak hilik alde egin dut, sigi-saga-sagu. Bola koloretsu batera egin dut salto. Eta, kirrikilun-karrakilun, bertan katramilatu naiz.

—Kar-kar-kar —entzun diot Popofi—. Aixu, Gató, hori munduaren bola da, gaxta baten antxekoa. Eta xuk munduaren itxuliaren marka hobetu duxu: 80 egunen ordex, xegundo bat nahikoa duxu xuk! Baina itxaxontxia da tokirik xaguruena. Xatox! —Eta gero kantuan hasi da, eta logalea etorri zait.

Eta gauean bat eta bat sagu gaude. Besterik ez. Popof eta ni, Pitxin. Eta ai ze po, ze poz txikia.

Xagu txiki, sagu maite,
xulotxoan gorde xaitex.
Haxten baxara negarrex,
badaukat xuretxako klinex.


SAGUZARREN ANTZERA

Lehen zuhaitz bateko gordelekuan bizi nintzen, baina gaur biblioteka batean esnatu naiz. Itsasontzi pirata batean.

—Egun on, Gató —esan dit Popofek—. Xatox nirekin.

Eta, sigi-saga-sagu, leiho batera eraman nau. Eta kanpora atera ditugu biboteak.

—Corbó! —hots egin du. Antza, gateau frantsesez gató ahoskatzen den bezala, corbeau edo beleari corbó esaten zaio. Eta ni hasieran beldurtu egin naiz. Baina hasieran bakarrik. Ze orduan bele bat etorri da, zapla-zapla—: Xure familiaren bila joango gara.

—Zer medez ete zelen? —egin du karranka.

—Gatóren bixilekuraino eraman behar gaituxu —eskatu dio Popofek. Eta beleak parkeko baso gainean hegaldatu gaitu. Eta ni kasik saguzar sentitu naiz orduan. Eta ai ze po, ze poza sentitu behar nuen, baina oso ur, oso urduri nindoan.

—Zer da hori? —oihukatu dut. Ze elurretan, elurretan odol tanta batzuk ikusi ditut.

Belea tipustapan amildu da. Eta odol tanten arrastoari segika, errekastoraino heldu gara. Eta burua zalantzaz bete zait. Saguok primeran egiten dugu igerian, baina…

Gero gordelekuraino hegaldatu gara. Eta nik biboteak dardaraka neuzkan. Eta armiarma hariaren bitartez sartu naiz. Baina etxea hutsik zegoen. Ez Mustatx. Ez Motots. Ez ama… Eta ai ze pe, ai ze pena handia hartu dudan! Jango nau? Kris-kras, jango zituen?

—Goaxen bibliotekara, Corbó! —hots egin du Popofek—. Teilatura!

—Kenferme ete bee neske! —karranka egin du beleak. Eta teilatuan Popofek kutxatxo bat zeukan.

—Hamaiketakoa egin behar dugu. Tripa beterik, bixitxa dexberdin ikuxten da, xaguro.


PIRATAREN SAGUA

Nik uste nuen bibliotekan mila eta bat jende bizi zela. Ze goizean jende asko ikusi dut eta Popof eta biok sigi-saga-sagu ibili gara. Baina eguerdian jende guztia irten da.

—Goaxen, Gató —esan dit Popofek—. Orain biblioteka laxai baino lasaixagu erakutxiko dixut. Hemen, iluntxeetan, Marisol eta Mª Eugeniak haurrei ipuinak kontatxen dixkiete. Exin dugu aukera galdu.

Arratsaldean berriro itzuli da jendea. Baina, iluntzean, herensugearen liburu atzealdean ezkutatu gara. Belarriak eta biboteak erne, ipuinak hobeki entzuteko…

—Behin batez, pirata batek hil aurretik alaba zaharrari altxorraren mapa utzi zion, seme ertainari itsasontzi pirata bat, baina alaba txikiari zer utziko… eta itsasontziko sagua utzi zion.

—Ez dago eskubiderik! —atera zaio neskatila bati.

—Baina sagu hura oso azkarra zen! —segitu dute bibliotekariek—. Eta neskatilari ez kezkatzeko esan zion. Eta joan, joan, beti joan, azti baten jauregira iritsi zen. ‘Entzun dut itxura guztiak hartzeko gai zarela!’, esan zion saguak. Eta aztiak harro-harro baietz erantzun zionez, saguak galdetu zion: ‘Baina ezingo zara lehoi bihurtu, ezta?’. Eta aztia ez bat eta ez bi lehoi bihurtu zen. Orduan, saguak: ‘Benetan miresgarria! Baina ezetz elefante bihurtu!’. Aztia bat-batean elefante bihurtu zen, baina sagu txikia behean ikustean, larritu, beldurtu, eta betiko joan zen ihesi.

—Bai sagu azkarra! —hots egin du mutiko batek. Eta Popofek bere begi bakarra kliskatu dit.

—Hala bada, alaba txikiarentzat izan ziren ondasunak eta jauregitzarra, eta amaitu da elezaharra.


BAKARRIK GAUDENEAN

Popofekin ez naiz hain bakarrik sentitzen. Eta Popofek gaur sukaldaritzako atalera eraman nau, gazta, gâteau eta postre xaguxoak ikustera. ‘Miazkatu’ esaten zidan Popofek, baina ‘Arriskatu’ diot nik, katu, katu, katu… Eta ixilka-mixilka alde egin dut bibliotekatik.

Sigi-saga-sagu joan naiz gure arbolako gordelekuraino. Baina ai ze pe, ze pena handia hartu dudan dena hutsik ikustean. Inortxo ere ez han. Amaren usain apur bat agian…

Bat-batean dena tipustapan ilundu da. Eta bibote beldurgarriak ikustean salto egin dut armiarma haria erabili gabe, eta ai ze bel, ze beldur handia. Gaua etorri da orduan. Baina ni ez nengoen Zapiren tripan, Corbóren hego artean baizik. Zapla-zapla. Saguzar baten antzera.

—Kentez ete ede! —karranka egin dit, errietan kasik.

—Familiaren arraxtorik ez? —galdetu dit Popofek gero terrazan, baina errietan egin gabe—. Hurrengoan kontuxago ibili.

—Amaren usain apur bat baino ez…

Iluntzean, biblioteka itxi dutenean, mila eta bat jende etxera itzuli da. Baina ez ni. Eta ‘Bai sagu azkarra!’ esan zuen mutila ere ez. Luzaroan egon da atarian. Farola baten azpian…

—Xe arraroa… Nahi baduxu, xegitu egingo diogu —esan dit Popofek, eta sigi-saga-sagu segitu diogu kale ilun bateraino—. Orain ulertxen dut: mutikoaren etxean ex dute dirurik ixango argia ordaintxeko. Horrexagutik egiten ditu etxeko lanak farola baten argitan…

Orduan pentsatu dut bat eta bat baino gehiago gaudela bakarrik. Eta orduan ez naiz hain bakarrik sentitu.

—Goaxen paxtelen orrialdeak marruskatxera! —animatu nau Popofek.


ARGIA LAGUN

Egun on, Gató. Xatox, tox, tox —esan dit goizean Popofek. Eta komunera eraman nau, plisti-plasta bainatzera. Uharte bateko bi pirata bagina bezala ibili gara. Baina han ezustean harrapatu gaitu garbitzaileak.

—Saguak, saguak bibliotekan!

Eta sigi-saga-sagu alde egin dugu. Eta eskubandatik irristatu gara. Eta itsasontzian ezkutaturik, kasik ez naiz lasaitu ipuinen ordua iritsi arte.

—Behin batez —hasi dira bibliotekariak—, sagutxo batzuk lehoi loti bat zirikatzen hasi ziren. Piztiak, haserre, sagu bat harrapatu zuen. Eta lehoiak tripa betea zeukanez eta saguak barkamena eskatu zionez, barkatu egin zuen. Beste batean, ehiztari batzuek sare batean harrapatu zuten lehoia. Haren orroak eta makakorroak! Sagutxoak, orduan, bere hortz txikiekin sareko korapiloak kras-kras-kras apurtu, eta lehoia askatzea lortu zuen. Laguntasunak salbatu zuen txikia, salbatu lehoitzarra, eta amaitu da elezaharra.

—Bai sagu azkarra! —hots egin du mutiko pobreak. Eta Popofek bere begi bakarra kliskatu dit.

—Gaur ex diogu jarraituko. Xuxenean joango gara bere etxera. Baina Txixpaxekin.

Eta harantzean Txispas ezagutu dut, sagu elektrikaria: bibote erre eta buztan fosforeszentearekin. Eta, aldamenean, ehun eta bat sagu kable buztantsuekin. Eta denok mutikoaren etxera joan gara, eta Txispasek kable batzuk marruskatu ditu, eta lotu ditu. Eta mutikoa iritsi denerako argia zuten bere etxean!!! Eta bibaka eta algaraka hasi dira haiek. Eta irriz karkailaka jarraitu dugu guk. Eta, aspaldiko partez, ai ze po, ai ze poz handia sentitu dudan.


KATAZULOAN

—Arrixkatuko gara? —galdetu dit Popofek iluntzean, katu, katu, katu…—. Xaiatuko gara katu matxinoari txintxarria ipintxen?

Eta ni oraindik txikia naiz, baina ari naiz handitzen eta baietz erantzun diot. Eta Gasteizko zoko-mokoetan sigi-saga-sagu joan gara. Eta Zapiren gordelekura iritsi garenean, aldaba jo du Popofek.

—Giltza ez badaukazue, hiru egia esan beharko dituzue —marrakatu barnealdetik Zapik!

—Xure txanda —esan dit Popofek—. Axkar, exan hiru egia!

—Egunik ilunena edozein gau baino argiagoa da —hasi naiz, dardaraka—. Zazpi bizitza izan arren, ezetz hil katu bat uretan itota. Saguek goserik handiena ilargi beteko gauetan izaten dute. —Eta Zapik tipustapan zabaldu digu atea. Eta bai bibote beldurgarriak!

—Sagu lotsagabeak! Nola ausartu zarete!?

—Laxai, Xapi. Xu xaritxera etorri gara —erantzun dio Popofek.

—Ni saritzera? Miau eta marramiau!

—Bai, katu jauna. Xu baitxara parkeko erregea, dotorea eta trebea. Xagu guxtion uxatxailea! Horrexagutik ipiniko dixugu lepoko hau. —Eta orduan nik Zapiri lepoko bat ipini diot, baina txintxarri batekin…

—Mustatx, Motots, ama… denak akatu zenituen? —akatu, katu, katu…, galdetu diot dardaraka.

—Bati belarri izkinatxo bat kendu nion, baina madarisaguek ihes egin zidaten, zuk bezalaxe… —erantzun dit.

—Gu bagoax, goxatu xure xaria!

Zapik ez daki, baina txintxarriarekin beti entzungo dugu erasoa jo baino lehen! Txilin-txalan, hemen edo han! Eta itzuleran Mototsen usaina sumatu dut airean. Edo Mustatxena agian? Eta ai ze ur, ze urduritasuna sentitu dudan!


GORDELEKUAN BERRIRO

—Sagu txiki, sagu maite! Nola handitu zaren, Pitxin! —Hots egin du amak gordelekuan agertu naizenean. Eta nire bibote-belarriak helize bat ziren. Eta amarekin Mustatx eta Motots zeuden, eta ai ze po, ai ze poz handia sentitu dugun.

—Ez nau jango! —atera zaigu.

—Ez horixe! Bizirik zaudete, nagusitu zarete eta orain gordelekua burutsuenarentzat izango da, horra saguen legea —jarraitu du amak.

—Ni orain tenislaria naiz —hasi da Mustatx.

Kanpoan euria zen, eta Mustatxek erraketa guztion buru gainetan dzi-dza erabili du. Eta tanta guztiak gelditzea lortu du, eta ez gara batere busti! Baina ustekabean Zapiren txintxarria entzun dugu. Orduan, armiarma hariz nik zubitxo bat eraiki dut eta beste zuhaitz batera eraman ditut guztiak. Zapik salto ikaragarria egin du, baina ezin guregana iritsi…

—Madarisaguok!

—Ni ile apaintzailea naiz —esan du orduan Mototsek.

Eta Zapirengana tipustapan hurbildurik, artaziekin klaska-klaska moztu dizkio biboteak, eta barregarri orraztu dio ilea. Eta Zapik beste salto ikaragarri bat egin, eta, buztana apal, basoan desagertu da. Orduan nik Corbóri denok bibliotekara eramateko eskatu diot.

—Ni idazle izango naiz —aitortu diet.

—Argi dago hiru sagu trebe eta burutsu zaretela. Gordelekua hirurentzat izango da! —esan du amak.

Lehen bi eta bat neba-arreba ginen: Mustatx, Motots eta ni, Pitxin edo Gató. Eta ama. Eta orain baita Popof eta Corbó ere. Eta denok hasi gara bibaka eta txilioka eta karrankaka. Eta horrelaxagu egin dugu batzarra, eta hasi baino ez da egin gure elezaharra.


Hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila...? Mantangorriren plazan.

top