Nire musika-kaxa

Antton Kazabon

BAT

Logelako txoko batean dagoen nire egurrezko sehaska txikian, hantxe dago oraindik nire egurrezko musika-kaxa txikia. Bueno, txikiak orain iruditzen zaizkit. Ni txikiagoa nintzenean nire inguruko gauza guztiak handiak ziren niretzat.

Katuka nenbilenean ez nintzen inora heltzen. Eta zutik hasitakoan ere beti hanka puntetan jarrita, inora ezin iritsi, ezin deus ere ikusi.

Baina orain txikiak iruditzen zaizkit oso, orduan niretzat handi ziren haiek. Halere, batzuetan sartzen naiz oraindik ere nire sehaska txikian. Ez dakit nola, baina kabitzen naiz. Eta bertan pilota bat bezala kiribilduta nagoenean, musika-kaxa txikia ere jartzen dut martxan, kirrin-kirrin malgukiari eraginez.

Niretzat oso polita da aspaldiko oroitzapen haiek guztiak tarteka gogora ekartzea.

Amak oparitu zidan musika-kaxa ere izugarri handia iruditu zitzaidan orduan. Bi eskuak behar izaten nituen nire jostailu maitea batetik bestera mugitzeko edo martxan jartzeko. Bularraren kontra estu-estu hartzen nuen lurrera erori eta hausteko beldurrez.

Harexekin hartzen nuen lo gauero.

—Aitatxo, musika! Musika, aitatxo!

—Banoa! Oraintxe! Banoa!

Aitak behin eta berriz eragiten zion kirrin eta kirrin, kaxatxoak atzean duen malgukiari, kuerdatxoari.  Eta nire BINBILI BONBOLO kantarekin hartzen nuen lo.

Nik nahiago izaten nuen aita nirekin geratzea nik lo hartu arte, baina ezin izaten zuen. Ez zuen horretarako denborarik izaten. Musika-kaxa martxan jarri, bi musu eman eta joan egiten zen.


BI

Izan ere, aitak etxeko lan guztiak egin behar izaten zituen. Afaria egin, hurrengo eguneko bazkaria, nire arropak prestatu... Ama bere lanarengatik beti etxetik kanpo zegoen.

Hala ere, gau batzuetan geratzen zen nirekin nik lo hartu arte. Larunbatetan uste dut izaten zela. Musika-kaxak musika jo eta aitak kantatu egiten zidan: «Binbili bonbolo sen da lo, akerra Frantzian balego...».

Inoiz izan dudan jostailurik politena da nire musika-kaxatxoa. Egurrezkoa eta gorri-gorria. Eta txikitan gehien gustatzen zitzaidana, musika entzuteko irekitzean, barruan dantzan agertzen den dantzari txikia.

Bai polita! Bere ile motots txikia, bere bi besoak zabalik soineko txikiaren gainetik, hanka puntetan bueltaka...

—Nik ere horrelakoa izan nahi dut, aitatxo —esaten nion behin eta berriz txiki-txikia nintzela—. Nik ere horrela egin nahi dut dantza.

—Oso ongi! Bai horixe! Baina orain lo egin behar duzu.

—Eta horrelako oinetakoak nahi ditut.

—Bai, ongi da. Izango dituzu.

—Eta horrelako gonatxoa ere bai, aitatxo.

—Baietz! Baietz! Baina lo hartu nahi duzu behingoz? Ikusten? Bukatu da musika!

—Jarri berriro, aitatxo! Eman kuerda, kirrin-kirrin!

—Emango dizut nik zuri kirrin-kirrin! Ongi lo egin!

—Eta muxu?


HIRU

Eta lotan ere, nire musika-kaxatxoarekin jarraitzen nuen ametsetan kantari: «Binbili bonbolo sen da lo…». Bueno, hala esaten zidan aitak hurrengo goizean.

Kantari ez dakit aritzen nintzen nire ametsetan, baina dantzan bai behintzat. Horretaz bai gogoratzen naizela. Nire soineko xarmant harekin, bi besoak gora, hanka puntetan jira eta buelta… Musika-kaxako dantzariak bezalaxe egiten nuen dantza gauero ametsetan.

Azkenean erosi zidaten nik nahi nuen gonatxo hura eta hantxe ibiltzen nintzen etxe guztian barrena, jo atea, jo pareta, itzulinguruka zorabiatuta lurrera erori arte.

—Aitatxo, lagundu! Erori egin naiz!

—Berriz ere horrela al gara? Esaten dizut pasilloa ez dela leku aproposa dantza egiteko. Oso estua dela.

—Kopetarekin jo dut pareta, aitatxo!

—Bai, ikusten dut bai. Zatoz hona, bihurri hori, nik sendatuko dizut eta kopetan atera zaizun koskor hori.

Eta horrela jarraitzen nuen eguna joan eta eguna etorri. Kopetan koskorra, hurrengoan belauna urratuta, hurrengokoan beste kaskarreko bat beste nonbait… Baina berdin zitzaidan. Hala ere ez nintzen geratzen.

Eta aita nire atzetik korrika egun osoan nire zauriak eta minak sendatzera eta malkoak xukatzera.


LAU

Hiru urte bete nituenean gauza asko aldatu ziren nire eguneroko bizitzan. Bueno, asko-asko ere ez, bi bakarrik, baina biak oso garrantzitsuak.

Lehenengoa, amak ez zuela lanera etxetik urrun joan beharrik, eta ia lan guztia etxetik egin zezakeela bere ordenagailuaren bidez.

Eta bi, eskolara hasi nintzela. Hori bai, nire musika-kaxa eta guzti joaten nintzen eskolara ere. Bereizezinak ginen. Nire hura esku-besoetan nuela joaten nintzen bazter guztietara.

Ordurako nahiko indar banuen hatzetan malgukiari eragiteko, eta noiznahi eta edonon jartzen nuen nire kaxatxoa «Binbili bonbolo…» kantari.

Eskolako lagun guztiek nahi zuten nire musika-kaxa jolasteko, baina nik ez nien utzi nahi izaten. Hausteko beldurra nuen.

Behin, ordea, Haizeak hainbeste aldiz eskatu zidan, mesedez eta mesedez, ba, azkenean utzi egin behar izan nion, nahiz eta beldurrak airean nengoen.

—Baina pixka bat bakarrik utziko dizut, e!

—Bai, bai. Behin bakarrik jarri nahi dut musika martxan.

—Ez, ez. Zuk ez dakizu nola jartzen den martxan. Nik emango diot kuerdari.

—Nik badakit. Utzi niri martxan jartzen, mesedez!

—Indar handia behar da hatzetan, Haizea. Indar handia!

—Badut nahiko indar! Begira zein hatz potoloak ditudan! Gainera, zu martxan jartzeko gauza bazara, nik ere jarriko dut.

—Nik ikasi egin behar izan dut, Haizea! Ez da indarra bakarrik. Zer uste duzu?


BOST

Baina azkenean utzi nion Haizeari malgukiari ematen. Eta badakizue zer gertatu zen, egia?

Bere indar guztiez eragin ziola malgukiari, eta hautsi egin zuela. Musikarik gabe utzi zidan nire musika-kaxa txikia. Ezin nuen nire «Binbilo bonbolo sen da lo» kanta entzun. Sekulako negarrak egin nituen.

Haizea bera ere asko izutu zen kaxatxoa hondatu zuela ohartu zenean, eta ni horrela ikusita, gehiago. Asko haserretu nintzen Haizearekin.

Egun hartan ez ninduen inork ere kontsolatu. Nire jostailu matxuratua besoetan itzuli nintzen amarekin etxera negar zotinka.

—Ez da deus ere gertatzen. Lasai. Konponduko dugu.

—Eta ezin bada konpondu, zer?

—Eta zergatik ezingo da, ba, konpondu? Gauzak batzuetan hondatu egiten dira eta ondoren martxan jartzen dira berriro. Zuk badakizu hori.

—Bai, baina hau ezin bada konpondu? Zure kotxea ere hondatu zen eta ez zuten konpontzerik izan. Ez al da horrela?

—Ez da gauza bera. Nire kotxea oso-oso zaharra zen. Guztiz hondatua zegoen. Zure kaxatxoa askoz ere berriagoa da. Matxura txiki bat besterik ez dauka. Kuerda berria jarri eta kito!

—Seguru zaude?

—Baietz! Eta ezin badugu konpondu, beste bat erosiko dugu berri-berria. Kotxearekin egin genuen bezala. Horrela ongi?

—Ez, amatxo, ez! Nik ez dut beste kaxarik nahi. Niri hau gustatzen zait.

—Ongi da. Berdin-berdin bat erosiko dugu. Konforme?

—Ezetz, amatxo, ezetz! Nik hau nahi dudala!

—Saiatuko gara konpontzen. Zaude lasai.


SEI

Aitak esan zidan berak ezagutzen zuela horrelako jostailuak konpontzen zituzten tailer bat. Eta hara eraman zuen egun berean. Hamar egunera bila joateko esan zioten. Niri egun asko iruditu zitzaizkidan, eta negarrez hasi nintzen.

Negarrak negar, hamar egunez musika-kaxarik gabe egon behar. Lehenengo gauean amak kantatu zidan «Binbili bonbolo» behin eta berriz ni loak hartu arte.

Ordurako, sehaska utzita, nire ohean egiten nuen lo, eta amatxo nire ondoan etzan zen kantatzeko. Asko gustatu zitzaidan, baina nire kaxatxoaren musikarik gabe ez zen gauza bera.

Hurrengo gauetan ere amarekin hartu nuen lo. Bueno, biok hartzen genuen lo. Izan ere, hurrengo  goizetan amak nire ondoan jarraitzen zuen niri besarkatuta.

—Egun on! Zer moduz egin duzu lo?

—Oso ongi, amatxo. Zuk ere bai?

—Bai, baina ohe hau oso txikia da biontzat. Ez gara ongi kabitzen.

—Eta zergatik ez zara itzultzen zure ohera nik lo hartutakoan?

—Nik ere lo hartzen dudalako. Zergatik izango da, ba? Ai! Ai! Hau bizkarreko mina! Jaikitzera noa.

—Ez! Oraindik ez! Geratu beste pixka bat, amatxo! Oraindik goiz da!

—Ez da goiz, ez. Eskolara joan behar dugu. Goazen! Jaiki zu ere!

—Bost minutu, amatxo!


ZAZPI

—Bost minutu, e!

—Baleeee!

—Ea aitatxok ekartzen duen behingoz zure musika-kaxatxo hori.

—Zertarako nahi duzu aitak musika-kaxa ekartzea?

—Zertarako izango da? Zuk zure kaxatxoarekin lo hartzeko. Edo orain ez al duzu behar?

—Zenbat egun falta dira bila joateko?

—Gaur zazpi egun konpontzera eraman zuela, beraz, beste hiru egun oraindik. Hamar esan zuen.

—Bueno, igual egun gehiago beharko dituzte.

—Horixe bakarrik behar genuen!

—Nik nahi dudana da ongi konponduta ekartzea. Berdin zait zenbat egun behar dituzten.

—Hara! Orain ez al daukazu presarik? Aitatxok hamar egunez kaxarik gabe egon beharko zenuela esan zizunean, negarrez aritu zinen ordu erdi bat. Orain zer gertatzen da?

—Orain? Zuk ere oso ongi kantatzen duzula, «Binbili-bonbolo», amatxo. Hori gertatzen da.

—Gezurra! Nik badakit oso gaizki kantatzen dudala. Aitatxok lo harraraziko zaitu datozen egunetan.

—Aitatxok? Aitatxo ez da geratzen nirekin, zu bezala, gau osoan nik lo hartu ondoren.


ZORTZI

—Baina zer da zuk nahi duzuna? «Binbili-bonbolo» kantatzea edo nik zurekin lo egitea?

—Biak, amatxo, biak.

—Nola biak? Bata edo bestea.

—Eta zergatik ez biak, amatxo?

—Lo hartzeko bat nahikoa duzulako. Musika-kaxa konpondu arte nik lo harraraziko zaitut, nik kantatuko dizut «Binbili-bolo» ditxosozkoa, nahi baduzu. Baina behin zure kaxatxoa konpontzen dugunean, malgukiari kirrin-kirrin eman eta kitto. Orain arte egin duzun bezala. Ez al da horrela?

—Orain arte bai, orain arte horrela izan da, baina orain gehiago gustatzen zait zurekin lokartzen banaiz.

—Horixe! Laster lau urte beteko dituzu, eta oraindik amatxorekin oheratu behar duzu?

—Lau urte? Ez dira asko. Gainera hobeto egiten dut lo zu besarkatuta, amatxo.

—Horixe. Ba, badakizu zer egin kaxatxoa ekartzen dugunean. Musika martxan jarri eta besarkatu hainbeste maite duzun zure musika-kaxa gorria.

—Bueno, nirekin oheratu, baina nik lo hartzean joan zaitezke zure ohera. Horrela ongi?

—Ezetz. Oso ongi hartuko duzu lo zure kaxatxo musikaria besarkatuta. Txikiagoa zinenean bezala.

BEDERATZI

—Zeuk esan duzu, txikiagoa nintzenean bai, baina orain?

—Orain berdin-berdin. Oraindik ez zara hain handia.

—Baina ez da gauza berdina,amatxo!

—A, ez?

—Ez, amatxo, ez. Oso ezberdina. Nik besarkatuko dut kaxatxoa, baina kaxatxoak ez nau ni besarkatuko. Eta zuk ni bai, amatxo. Eta nik zuk besarkatuta hartu nahi dut lo. Musika kaxak ez daki besarkatzen.

—Horretarako ez al zara nahiko handia, Xabier?

—Ez. Kaxatxoarekin lo egiteko ez naiz handiegia, eta zurekin lokartzeko bai?

—Astuna zara, gero! Noiz arte hartu behar duzu lo amatxorekin?

—Noiz arte? Horretarako ez naiz inoiz handiegia izango.

—Horixe! Hogei urte arte! 

—Ez, lau urte bete arte bakarrik! Bai?

—Musika-kaxa konpondu arte.

—Lau urte bete arte, mesedez!

—Ai, ama! Ongi da. Baina ezta egun bat ere gehiago! Eta prestatu arratsalderako arropak ere, Xabier. Gaur balleta tokatzen zaizu!

—Aupa! Munduko amarik onena zara! Muxu!


top