Maite dut

Jon Suarez

BAT

Maite dut goizeko zelaian ihintza.

Maite dut doministiku egitea.

Maite dut sekretuak izatea. Eta hau ez da sekretu bat.

Maite dut inoiz entzun ez dudan hizkuntza bat lehenengoz entzutea.

Maite dut amonaren irribarrea tinko-tinko begiratzen didanean.

Maite dut aitonaren begirada tinko-tinko egiten didanean irribarre.

Maite dut Bounty itsasontzia. Borroka, protesta, altxamendua. Matxinada ontzian.

Maite dut hogeita zazpi letrako alfabetoan hogeita zortzigarrena.Maite dut loreen arteko zurrumurrua erlea hurbiltzen zaienean. Lotsati halakoak!

Maite dut txokolate egin berria. Eta txurro bat, bi, hiru. Dozena erdi.

Maite dut ilargiaren laztana; ilbetearena aukeran.

Maite dut lagunen ahotsen murmurioa sekretutan gabiltzanean.

Maite dut amonak eman zidan besarkada birramona hil zenean.

Maite dut egunero goizean Mirna ikustea. Baina ez inori kontatu. Batzuetan hobe da gauza batzuk ez kontatzea.

Maite dut 99 inurrik osatutako ilara. Lehenengoak hosto bat darama, zut. Banderaduna da.

Maite dut gariaren koreografia ekaineko haizetan.


BI

Maite dut ama, maite dut aita. Nor maite dudan gehiago? Sekretua da. Esan dut sekretuak maite ditudala.

Maitedut liburu bat. Liburu bat du izenburua. Txikia nintzenekoa da. Andrearekin irakurtzen nuen.

Maite dut ohea. Izara lisatu berriak dituela ez; bigarren gauean.

Maite dut colacaoa esnetan ondo nahastu ez eta pilotatxoak koilaratxoaz jatea.

Maite dut Fujur. Eta Smaug. Eta Herensuge. Asko gustatzen zaizkit dragoiak. A! Eta Moby Dick. Eta Letagin Zuri, eta Baloo. Baina azken hirurak ez dira dragoiak.

Maite dut orbela haizearekin dantzan.

Maite dut tximista. Eta ondoren trumoia. Ez, hori ez.

Maite dut, baina ia-ia ezer ez, amatxok birramonaren agurrean biolinaz jotakoa. Haendel. Ez, Händel. Oso tristea izan zen.

Maite dut beheko sutan haritzaren txingarra. Eta pagoaren sugarra. Eta kanpoan behe laino izoztua.

Maite dut kukua kantari. Orain hor, gero han, ondoren inon ez.

Maite dut aitaren aurpegia auzoko liburu-dendan Bernardo Atxagaren liburu berri bat erostetik etxean sartu eta, liburua erakutsiz, esaten digunean: “Bernardoren azkena”. Bernardo Atxaga gure auzoan bizi da, batzuetan.


HIRU

Maite dut euri tanta batek putzuan borobila egin eta bigarren tanta batek lehenengo borobilaren erdi-erdian jotzen duen unea. Baina ez dut inoiz ikusi, begira-begira egonda ere.

Maite dut Txoria txori. Milaka argitxo eskuetan ditugula denok batera kantuan. Baina triste jartzen nau pixkatxo bat.

Maite dut itsasoaren fereka gazia larru biluzi-biluzian (Cadizeko hondartzetan, urruti).

Maite dut Peter Pan. Eta krokodiloaren tripan erlojua tik-tak, tik-tak.

Maite dut ikasgelako pirata. Eskuin begian txaplata darama. Ez da futbolean jolasten. Horregatik ez dute denek maite. Txaplatagatik batzuek, futbolagatik batzuek. Eta bi gauzengatik beste batzuek. Unai da.

Maite dut Musua. Egongelako horman dago. Koadro bat da. Jantziak oso politak dira.

Maite dut nire burua. Gehienetan. Beti ez.

Maite dut “I can do it”.

Maite dut gerezi anpolai platerkada. Baita “Gabonetan keixak!” esatea ere. Baina ez dakit hori esaten duenean zer esan nahi duen aitonak. Bide batez esango dut aitonak, halaber, esaten duela: “Horri, hurritza!” Telebistan ikusten dituen batzuengatik esaten du, haserretzen denean. Eta hori ere maite dut (aitona haserretzea ez, aitonaren esaera baizik).

Maite dut frontoi atzean ezkutuan korroan batzuetan lagunok izaten dugun hizpidea: pitilinak eta motxinak, eta titiak.


LAU

Maite dut katalanez ari direnei entzutea. Adibidez, Montse eta Pere berriketan. Ane ere bai, batzuetan. Perek caganer bat oparitu zidan.

Maite dut Yayoi Kusama. Eskolako erdigunean egin genuen Yayoi Kusama gunea. Uauuuuuuu!

Maite dut Zuhatza uhartea. Eta Santa Klara uhartea. Eta Garraitz uhartea (benetan uharte denean). Eta piratak, pirata asko, eta loro bat, hankapalo bat eta mapa bat.

Maite dut itzal luze-luzea udako arratsaldeko azken orduan.

Maite dut ikerketa. Zientzia. Aurrerapena.

Maite dut saskibaloian aritzea. Oso onak gara.

Maite dut Urra, jantokiko arduraduna. Batzuetan labistagorda egiten du, itsuarena. Bai ala ez? 

Maite dut izpilikuaren usaina. Eta ogi egin berriarena. Eta itsasoarena. Itsasoarena asko-asko.

Maite dut batzuetan amorru handia sentitzea, handi-handia. Ez duzu ulertuko, baina ondoren bakea sentitzen dut. Ez beti.

Maite dut Lurra, oso-oso goitik ikusita. International Space Station-etik. Hain urdin. Hain bakean. Hain isil.

Maite dut 13a.

Maite dut Hispaniola. Eta Pequod. Ozeano mugagabeetan nabigatzen. Beti “horren” bila, “horren” atzetik…

Maite dut Sonia Delaunay. Eskolan egin ditugu bere lanen antzeko lanak. Baina ez dut Yayoi Kusama beste maite.


BOST

Maite dut, ditut, Aymen eta Youssef. Eta Eder. Eta Yassmine. Eta Indira, Joana eta Nordin. Eta Unai. Eta Ania eta Angel. Eta batzuetan Iker; pixka bat baino ez dut maite iseka egiten dit-eta. Eta Mirna, asko. Asko maite dut Mirna.

Maite dut pizza ai quattro formaggi. Eta Aixtrako gazta. Eta gazta-tarta. Eta espagetiak, gazta birrindua dutela.

Maite dut argazki bat. Txikia nintzen. Andrea arrebarekin nago.

Maite dut Itsaso irakaslea. Jenio bizia du. Baina arazoak ditudanean, aditu egiten dit. Urduri baldin banago ere bai. Eta kezkatuta nagoenean, bai. Eta orduan bere jenioa ahaztu egiten zait. Eta baita berari nirea ere.

Maite dut, ere bai, Monika irakaslea. Baina orain ez dago. Haurdun dago. Ekhi du tripan. Besarkadak eskatzen ditu. Monikak; Ekhik oraindik ez.

Maite dut Zenbaki Lehenak mosaikoa. Artium museoko plazan dago orain. Prado parkean zegoen lehen. (OHARRA: Esther Ferrerek egin zuen).

Maite dut —asko-asko, izugarri— oraindik ez daukadan telefono mugikorra.

Maite dut batzuetan gezur txikiak esatea.

Maite dut Martin. Nire anaiatxo kuttuna. Jope! Oso-oso maite dut Martintxo.

Maite dut Mendizorrotza, Alavesek irabazten duenean. Baina futbola ez zait gustatzen.


SEI

Maite dut gazta usaina. Eta txokolate usaina. Eta banilla usaina.

Maite dut dutxa bero-beroa neguan. Eta dutxa beroa udan.

Maite dut Aniaren barrea. Beti kutsatzen gaitu.

Maite dut eskolako jantokian ez bazkaltzea.

Maite dut nire mozorroa: El Zorro. Urtero eskatzen diet gurasoei inauterietan mozorro bera, El Zorro.

Maite dut ahalegina, behin eta berriz saiatzea. Etsi gabe, etsi gabe, etsi gabe.

Maite dut Aihotz Plaza. Jaietan, txistorra-taloak.

Maite dut idaztea.

Maite dut, baina ez dut inoiz egin, ortzadarraren azpitik pasatzea.

Maite dut Zuzenak. Eta Baskonia. Eta Araski. Gora saskibaloia!

Maite dut gelakideen urtebetetzeetako litxarreria-poltsa.

Maite dut haserre egoteko eskubidea. Eta erabiltzen dut eskubide hori.

Maite dut txokolate zurizko pilota bat jatea. Edo bi.

Maite dut triste nagoenean triste egoteari uztea.

Maite dut osabaren traktoretxoa, atoia sutarako egurrez mukuru duela. Ni osabarekin gidari (plantak egiten).

Maite dut lagunarteko alaitasuna, poza, algara.

Maite dut nire izena. (PISTA: Silver izan zitekeen abizena).


ZAZPI

Maite dut eskolako hustuketa-simulakroa. Behin guztiok patioan elkartuta, eskua jartzen dit sorbaldan Mirnak.

Maite dut pinpilinpauxa hitza. Eta maite ditut pinpilinpauxak.Maite dut gustatu zaidan liburu bat berriz ere irakurtzea.

Maite dut gelakideekin txangoak egitea. Gaua ere pasatzeko txangoa baldin bada, gehiago maite dut. Eta gauean isilean kontatu ezinezko gauzak kontatzen baditugu lagunok, are gehiago maite dut lagunekin txangoak egitea.

Maite dut askatasuna. Baina askotan sentitzen naiz lotuta.

Maite dut Mirnaren irribarrea. Kili-kiliak pizten dizkit sabelean.

Maite dut isiltasuna. Hitz egin eta hitz egin eta hitz egin ondorengo isiltasuna.

Maite dut eskolan sartzeko txirrina. Are gehiago irtetekoa.

Maite dut munduarekin haserre egotea. Merezi baldin badu. (Egingo ditugu bakeak biharamunean).

Maite dut nire katua: Robinson (abizenez Crusoe).

Maite dut We are the world, we are the children.

Maite dut inork ezer esan beharrik gabe triste egon ahal izatea.


ZORTZI

Maite dut jai egunetan, entrenamendu edo saski-partidarik ez dugunean, berandu arte ohean egotea. Batzuetan izaren artean ezkutatu, eta imajinatzen dut Jolly Roger ontzian nabigatzen ari naizela, “horren” bila, “horren” atzetik…

Maite dut tripako mina, gelditu ezineko barre algara eroak eragindako tripako mina.

Maite dut amaren lanbidea. Baina odolak zorabioa eragiten dit pixka bat. Amatxok laguntzen die osabaren behiei umeak egiten... Albaitaria da. Aitatxo ez, aitatxo ez da albaitaria; zaila da aitatxorena azaltzea (gainera, langabezian dago aitatxo).

Maite dut “Bazen behin”. (OHAR TXIKIA: batzuetan maiteago dut “Sar dadila kalabazan”).

Maite dut Gasteiz. Oso oso maite dut nire hiria. Eta maite dut, nola ez ba, noizbehinka, osabaren baserrian asteburua: traktoretxoa mendian gora, txahaltxo jaio berriak, udazkena pagadian…

Maite dut arrapala. Gorroto dut eskailera.

Maite dut nire Bounty. Hala deitzen da nire gurpil-aulkia. Eta maite dut, bai. Izugarri maite dut nire gurpil-aulkia, ezinbestean. Baina nahiago nukeen maitatu behar ez izatea. Maitatzeko hainbeste modu daude!

Maite dut amets egitea. Maite dut ametsetan ametsik ederrena: egunen batean nire Bounty maitea utzi ahal izan eta, oinez noala, “Maite dut” esatea.

Maite dut, izan ere, “Maite dut” esatea. Bai, maite dut.


top