Luzio

Miren Amuriza

BAT

Lantzean mendi-hegal batean egiten dut topo Aittitteluziorekin: zertan ari zara? hurreratzen natzaio. Esku batekin paleta eskaiola-ontzian busti, bestearekin txapela arteztu eta burua bueltatu gabe erantzuten dit: hementxe, harkaitzak zuritzen! Bizirik balego, 117 urte edukiko lituzke eta animaliekin hitz egingo luke.

Txaplata-gizona zen Luzio: erdi baserritarra, erdi igeltseroa, erdi koplaria… eta irudimentsua oso. Bazeukan bizilagun bat, Lorentzo, abereei edonora jaregiten ziena: zuen behiak gure ortuan zebiltzak, Lorentzo! Zuen txakur potrozorria gurea estaltzen ari duk! Zuen astoak ez zidak lorik egiten uzten, Lorentzo! Lorentzo! Lorentzo! Baina Lorentzok kasurik ez. Goizalde batean, non jakitzen den Luzio, burkoa narrasean daramala. Heltzen dio igeltsu-ontziari, arrimatzen da etxondoan arrantzaka ari den astoagana eta zirrist-zarrast… Kare-esnearekin blaituta utzi zuen. Erotzat hartu zuten. Gehiago ez zitzaion inoren animaliarik inguratu, ordea.

Lagunduko didazu? esaten dit mendian behera gatozela, letrero hauek eskegi behar ditut. Eta ohol-puska margotu batzuk ateratzen ditu, beren gezi eta hizki oker: TORREBURU, ECHANO, SORRONTZA. BILBO, PARIZ, NUEBAIOR. Luziok belarriz idazten baitu.


BI

Zeuk kareztatu al dituzu, Luzio? galdetzen diot inguruotako mendiak zurituta agertzen direnean. Baietz esaten dit, nork bestela? Enbor trabeskatu baten gainean eserarazi eta hotzak gogortu arte edukitzen nau bere obra kontenplatzen: Hau neguaren ederra! Eta zigarrotxo bat eskaintzen dit.

Tabakoa eman diezu umeei? haserretzen zitzaion amama. Tiron, Marijesus, zupada bat baino ez! Gabon gaueko erritu txiki-handiak izaten ziren Torreburun aza erregosiak jan, zigarro-mutur bana erre eta Luzioren sukalde-bueltari begira egotea: bira oso bat egiten zion, lurrik ukitu gabe! Iji-ujuka saltatzen zen mahai gainera, handik zumezko aulki batera eta aulkitik arraskara. Arraskatik txapa ertzera, txapatik beheko suaren koxkara; koxkatik egur pilaren erdira eta, jauzian, mahaira berriz. Lapikoak iraulita, abarka-zola erreta, txakurrari bizkarra zanpatuta ere berdin… Luzio kantari, seme-alabak
lilura-liluratan eta amama ernegatuta.

Nik ez dut erretzen, esaten diot, ez dakit irensten. Lurrik ukitu barik ibiltzeko gai izango ote nintzatekeen galdetzen dit berak orduan, zorua iltzez, txingarrez, sugegorriz estalita balego lez. Baietz nik, baina erotzat hartuko ninduketela.

Eta zer ardura dizu?


HIRU

Esnatu berritan ere egin izan dut topo Aittitteluziorekin, egunak gutxi-gutxi pisatzen duen ordu horietan. Gau-argiak piztuta, orkatzak soroetan behera eta igeltseroa estartan gora: goiz zabiltza… agurtzen dut. Goiz? Berandu nabil, berandu!

Autzaganeko tabernan geratzen zen lanetik bueltakoan: mostradore koipetsu bat, gizon ilara luzea, kea, kea, kea… Atera tragotxu bat, Josepa! edaten zuen ardoa beltz. Bota bertsoa, Luzio! Eta kantuan hasten zen basoerdia altxatuta. Beste erronda bat, Josepa! Beste bertso bat! Beste erronda bat! Beste bat! Beste bat! Harik eta, mozkor-mozkor zeudenean, etxera bidaltzen zituzten arte. Abiatu zen behin sasitzan gora eta, bat-batean, tirakadatxoa alkandoraren lepoan! Akabo oraintxe! Lapurretan egin baietz! Edo kuartelera eroan! Edo zintzurra bihurritu! Izoztuta geratu zen, atzean zeukanak zer aginduko. Hitz erdirik ere ez zion egin, ordea. Minutu bi, lau, zortzi… Eta burua jiratu zuen azkenean: sasitzar batetik kateatuta zegoen! Nola edo hala askatu eta harrapataka aldendu zen, piztiatxo asaldatuaren aurpegikerarekin, goizeko ordu arinetan topo egiten dugunean joaten den bezala.

Segi seinaleei, Luzio! NUEBAIOR, PARIZ, BILBO. SORRONTZA, ECHANO, TORREBURU.


LAU

Luzio sasi-bideetan abarkak katigatuta dabilen bitartean, Marijesus oin-ortozik igarotzen da belar bustiaren gainean: «uda berri on, amama!».

Egunak argitu orduko abiatzen zen basora, lehortu ondoren atarian zintzilikatuko zituen iratze-orriak biltzera: parte txarrekoak uxatzeko… esaten zuen. Ze parte txarreko? samurtzen zuen Luziok; inguruotan txoria besterik ez zagon eta! Entzun orkestra, Marijesus! zabaltzen zituen besoak. Orduak egiten zituen txapelean gerezi heldu-helduak eta sorbaldetan ogi-apur sikuak pilatuta, hantxe, enara-saldoren bat bere gainean noiz pausatuko. Ilunabarrean, hegazti-orkestrak funtzioa amaitzen zuenerako, prest-prest izaten zuen hurrengo emankizuna: zapoena. Pintura-potoetan ekartzen zituen errekatik, bere leihopean askatu eta gau osoan kli-klu, kli-klu kanta ziezaioten. Behiak kortan marruka eta umeak andrearen bularrean negarrez ari ziren bitartean, kli-klu, kli-klu… Baserri bat zuri-gris-beltzean, inguruan zapo-argi okretxoak zituela.

Egunen batean, kontzertu batera eramango ditut aitita-amamak eta piano-jolea partitura zabaltzear dagoenean, Luziok txapel-gaina basafruituz beterik duela eta Marijesus oin-ortozik dagoela konturatuko naiz.


BOST

Zuhaitzak argirantz bezala lurperantz ere hazten-hazten joaten direla kontatu izan dit Aittitteluziok: ba al dakizu pagoaren sustraiek zenbat neurtzen duten? Gauza bera gertatzen ei da murruekin, nahiz gorantz, nahiz beherantz egiten dutela. Bota ur apur bat porlanari, agintzen dit orga-bete adreilurekin baratzerantz doala.

Sukaldeko mahaia umeak altxatu berritan lez egoten zen beti Luzioren soloa, lorrinduta: barazki-mutxikinak, animalien adur eta oinatzak han-hemen… Eta bera, bazter batean, lo. Espabila zaitez, gizona! itzartzen zuen amamak, ortuaririk barik geratuko gara laster! Egunak egin zituen etxe-bueltako basapiztiak zelan uxatuko, semeak soldaduskatik ekarritako irratitxoaz baliatzea otu zitzaion arte. Sukaldeko leihoan tipula-txorta bailitzan eskegi eta ozen-ozen jarrita uzten zuen ortua zaintzen geratu ezin zuenetan. Kito orkatzak, basurdeak eta azkonarrak!

Zertarako egin nahi duzu horma bat lurpean, Luzio? sartzen naiz tomate-landare artera. Satorrentzat! Irrati-hotsik igarri ere ez dute egiten gor halakoek… Palakada porlanak kargatu eta plasta-plasta isurtzen ditu lur guriaren gainera. Hildakoak bizien bizkarretan etzatea lakoa da hori, baina egundo ez diot ezer esan.


SEI

Luzio non agertuko zaidan ez dakidala egoten naiz Torreburura joaten naizen bakoitzean: sukaldeko atostean, eskailerapean, ohe azpian… Uh! ateratzen du burua koltxoipetik. Luziooooo!
Halaxe esaten diogu guk. Kartzelako giltzariek ez, haiek Lucio esaten zioten: Lucio, sartu-semea-zain-duzu; Lucio, irten-amaitu-da-bisita. Isi-isilik ibiltzen ei zen harresiaren ingurumarietan, hatz lodia luzatu eta hormari neurriak hartu nahian.

Zapata-kaxa bat topatu nuen ganbaran orain gutxi, semeari espetxera bidali zizkion gutunez betea. Hirurogeitaka urteko gizonaren jakituria, sei urteko umearen idazkerara tolestuta; esku-maletatxoan kabitzen ez zaizkion arropak mordoilotuta sartzen dituenak bezala. «Sulo bat ein godot orman ta escapau ein gosara». Handik laster gaixotu zen: «ospitala baric sircua da au» ziotson azkeneko eskutitzean, «denak disfrasatuta ta neuri barresca».

Larunbat arratsalde batean hil zen, trapezistak Torreburuko sukalde zaharreko mahaitik harraskara jauzika hastear zeudela. Pailazoak kortan, behientzat malabarrak egiten; baserriko leiho bakoitzean tronpeta-jole bana eta dromedario bat ortuan, Luzioren tomateak bazkatzen.


Hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila...? Mantangorriren plazan.

top