Lola elefantea

Jasone Osoro

BAT

Lola elefantea triste bizi zen oso handia zelako eta inork ez zuelako berarekin jolastu nahi.

—Ezin duzu gurekin jolastu ezkutaketan. Handiegia zara! —esaten zion untxiak.

—Lasterketak egiten ditugunean zapaldu egiten gaituzu. Handiegia zara! —esaten zion inurriak.

—Golfean ari garenean, pilota urrunegi botatzen duzu eta galdu egiten da. Handiegia zara! —aurpegiratzen zion azeriak.

Horregatik, Lola elefanteak egun osoa bakarrik pasatzen zuen. Bere lagun guztiek jolasten zuten bitartean, bera bakarrik eta goibel egoten zen. Haiei begira. Eta triste egoten zenez jan egiten zuen. Jan eta jan eta jan. Neguan eta udaberrian horrenbeste jan zuenez udara iritsi zenerako ikaragarri handia zegoen. Erraldoia!

Lola basoko zuhaitzik luzeena bezain altua egin zen. Eta orduan txoria kexaka hasi zitzaion.

—Aizu, Lola! Kontuz ibili! Egunen batean habia botako duzu eta nire kumeak lurrera erori eta zauritu egingo dira!

Gorputza bezain handia zen Lolaren bihotza. Baina bazirudien bere lagunek ez zutela maite eta, poliki poliki, bere samina haserre bihurtzen hasi zen.


BI

Egun batean, ernegatuta esnatu zen. Umore txarrez. Zirikatzaile.

Lolak nahita astindu zuen zuhaitzeko adarra bertan zegoen habia kulunkatuz eta kili-kolo jarriz. Txori-kumeak txioka hasi ziren eta amari zizareak mokotik erori zitzaizkion.

Lolak pilota hartu zuen eta ostiko bortitz bat eman zion, bere lagunek sekula aurkituko ez zuten lekura bidaliz. Azeriak, pilota topatzeko espedizioa antolatu behar izan zuen.

Lolak nahita txikitu eta sasiz estali zituen inguruko kobazulo guztiak, bere lagunek ezkutaketetan jolasteko modurik ez zezaten izan. Untxiak, aspertuta, nagikeriara jo zuen eta berezko zituen lanak egiteari ere utzi zion, azenarioak jasotzeari, esate baterako.

Lolaren jarrera ikusita, basoko animaliek bilera bat egin zuten.

—Lola erotu egin da.

—Arriskutsua da.

—Beldurra ematen du.

—Zer egin dezakegu?

—Basotik bidaliko dugu!

—Bai! Hori da!

Ideia bikaina zirudien. Lolarik gabe berriz ere lasai biziko ziren basoan. Lasai jolastu ahal izango zuten. Eta txori txikiak pozik haziko ziren. Hala, «Lola kanpora!» jartzen zuen pankarta handi batekin manifestazioa egin zuten.


HIRU

Baina sugea ez zegoen ados basoko gainontzeko biztanleek hartu zuten erabakiarekin, eta halaxe jakinarazi zien.

—Nola bidaliko dugu basotik? Lola gure laguna da! —esan zien. Denak isilik geratu ziren.

—Lagunek ez dute berak egiten duena egiten —esan zuen txoriak—. Kabiarik gabe geratu naiz ia. Nire kumeak hiltzear egon dira!

—Eta nik espedizioa antolatu behar izan dut pilota galduaren bila joateko! —kexatu zen azeria.

—Ni kasik goseak jota hil naiz! —bota zuen untxiak.

—Txori-kumeei ez zaie ezer gertatu. Pilota sastraka artean zegoen azkenean. Eta azenarioena… hori zure alferkeriagatik izan da —aurpegiratu zien sugeak.

Marmarka hasi ziren denak. Bazekiten sugeak arrazoia zuela, baina, era berean, inork ez zuen hori onartu nahi.

—Lola lehen zen bezalakoa izatea lortu behar dugu —esan zuen bat-batean sugeak.

—Ezinezkoa da —azeriak.

—Oso zaila —txoriak.

—Ideiaren bat ba al duzu? —galdetu zion untxiak.

—Bai. Musuekin —erantzun zien sugeak.


LAU

Zer esan nahi zuen sugeak? Nola lortuko zuten Lola musuen bitartez aldatzea? Animaliak marmarka hasi ziren.

—Eta musua emateko gerturatzen naizenean zapaltzen banau? —esan zuen inurriak, kezkatuta.

—Eta musua emateko hegan hurbiltzen naizenean bere belarriekin astintzen banau? —galdegin zuen txoriak, urduri.

—Eta musua ematerakoan bere letaginaz ziztatzen banau? —bota zuen azeriak, dardarka.

—Musu guztiak lurrean utziko ditugu berak har ditzan —azaldu zien sugeak.

—Hori da! Bikain! Zu bai azkarra!

Horrela, basoko animalia guztiek musuak lurrean utzi zituzten, ilaran. Zapore guztietako musuak ziren: limoizkoak, erregaliz zaporedunak, txokolatezkoak, espageti zaporedunak, baziren palomita zaporedunak ere, eta marrubizkoak, patata frijitu zaporekoak, pizza zaporekoak...

Gero, animalia guztiak ezkutatu egin ziren, Lolak musu haiek nola jaten zituen ikusteko.

Hantxe sumatu zuten hurreratzen elefantea. Lehenengo haize fina hasi zen, Lolaren belarriek mugitzean eragiten zuten haize gozoa. Gero, oinetan lurrikara txikia nabaritu zuten animaliek. Lolaren oinatzek eragiten zuten dardarizoa, danba eta danba, bere oin erraldoiekin. Azkenik, doinu eder hura, Lolaren tronpak egiten zuen txistu bizia.


BOST

Sugeak uste bezala, lurrean zeuden zaporedun musu haiek banan banan xurgatu zituen Lolak bere tronpa luzeaz.

Eta musu bat irensten zuen bakoitzean begiak ireki egiten zituen, masailak gorritzen zitzaizkion, ezpainekin irribarrea zirrimarratzen zuen eta betileak infinituraino luzatzen zitzaizkion. Musu guztiak irentsi zituenerako Lolak betiko Lola ematen zuen, baina arinagoa, txikiagoa, alaiagoa.

Hain pozik zegoen Lola, azken musuaren ondoan zegoen putzuan sartu zela eta bertako buztinarekin igurtzi eta blaitzen hasi zela. Pozik. Algaraka. Hain zegoen kontent animalia guztiak poliki poliki hurreratu zirela, beldurrik gabe. Putzuan sartu eta lokatzarekin zopatu. Horixe zen egin behar izan zuten guztia, berriz ere denak elkarrekin basoan pozik bizi nahi zutela adierazteko.

Baina, orduan, dena konponduta zegoela zirudienean, abarrotsa eta kalaxka gelditu egin ziren, elefantea isildu egin zen. Hala, mutu eta zutik zegoen Lolari begira geratu ziren guztiak.

—Zer du?

—Zer gertatzen zaio?

—Ai ama…

Lolak begiak itxi zituen eta inork espero ez zuenean… Puzker erraldoia bota zuen! Ehun kilo gaztaina jan ostean bakarrik bota daitekeen puzkerra. Ozono kapa desegiteko moduko kiratsa zuena. Zeruko izar guztiak puskatzeko beste zarata atera zuen puzkerra. Animaliak zorabiatu egin ziren, putz estratosferiko hark eragin zuen uhina hain izan zen sarkorra…


SEI

Lola kezkatu egin zen. Basoko animalia guztiak zorabiatuta ikusi zituenean bere puzkerrak pozoiak bezala hil zituela pentsatu zuen. Eta lehenengo aldiz sentitu zuen zer izan zitekeen bizitza bakar-bakarrik. Orduan, negarrez hasi zen. Negar eta negar egin zuen. Traktore baten gurpilak ziruditen begietatik ehun kiloko pisua zuten malkoak ateratzen hasi ziren, eta lokatzezko putzua aintzira bihurtzen hasi zen.

Inurria esnatu egin zen. Untxia gero. Azeria izan zen hurrena. Eta denek pentsatu zuten itoko zirela. Baina sugeak aukera izan zuen adar baten gainetik atera eta Lolari oihu egiteko.

—Lola! Utzi negar egiteari!

Lolak ez zuen ezer entzuten eta bere malko geroz eta lodiagoak geroz eta olatu handiagoak ari ziren eragiten. Azeriak bizkar gainean hartu zuen untxia eta untxiak bere soinean inurria. Doi-doi ziren gai ur-enbatei eusteko. Sugeak zer edo zer egin behar zuen. Hala, zintzilikatuta zegoen enborretik Lolarengana gerturatu zen eta haren lepoan pausatu zen. Belarrira hitz egin zion.

—Lola, ixo!

Orduan, elefanteak begiak ireki zituen eta negar egiteari utzi zion. Orduan jabetu zen itsaso zabal baten erdian zegoela. Orduan ohartu zen bere lagunak olatuetatik babestu ezinik zeudela. Orduan sinistu zuen handia izateak salba zitzakeela.

Hala, bere oin erraldoiekin gerturatu eta tronparekin magalera igo zituen banan-banan.

Inurria untxiaren gainean pausatu zen.

Untxia azeriaren gainean.

Azeria elefantearen gainean.

Sugea Lolaren lepoan.

Txoria hegan, pio-pio.

Itsaso eder hartan, elkarrekin surfa egitea zeinen ederra zen deskubritu zuten azkenean.


Hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila...? Mantangorriren plazan.

top