
Bost karta
1. ISTRIPUA
Nora dut izena. Hamar urte ditut eta gauza arraroak gertatzen zaizkit istripua izan genuenetik.
Istripuan Karle hil zen, nire ahizpa txikia, eta amona ere bai. Ostiral hartan amonak batu gintuen eskolan. Euria ari zuen, zarra-zarra. Autoak laprast egin zuen urtegiko zubian eta uretara jausi ginen.
Egun batzuk pasatu nituen konorterik gabe. «Lo» egon nintzen egun horietatik ez dut ezertxo ere gogoratzen, egarri nintzela besterik ez.
Esnatu nintzenean, Xerpa oparitu zidaten, gure txakurra. Ez du Karleren hutsunea betetzen, baina inguruan daukat beti, eta hori aski da oraingoz.
Orain ere euria ari du. Trumoi-hotsak esnatu nau eta linterna piztu dut kanpadendaren barruan. Bat-batean, ama azaldu da.
—Ondo zaude?
Dendaren kremailera jaitsi eta barrura sartu da. Lo zakua dakar.
—Bai, Nerea —erantzun diot.
—Zurekin lo egingo dut, bale? Aita zurrungaka dabil beste dendan.
Badakit hori aitzakia bat dela nigana etortzeko. Alboan etzan, eta ilea laztandu dit.
—Espero dut bihar eguraldi ona egitea —xuxurlatu du.
Asteburu-pasa etorri gara mendi aldera. Ea aldaketa honek laguntzen didan bihotzean dudan pisua askatzeko.
2. INDARRAREN KARTA
—Ixo! —agindu nion, xuabe.
Linterna itzali nuen eta lozakuarekin ondo estali. Alferrik: Bisitari Mutuak nire bila zetozen.
Bisitari Mutuak gardenak dira. Hala ere, haien izenak asmatzen badituzu, igarri egin dezakezu non dauden, negar egiten dutelako.
Gaur gauekoak lau izan dira. Bakoitzak ertz batetik oratu zion nire koltxonetari eta kanpora atera ninduten.
—Nora naramazue?
Ez zidaten erantzun. Eta halaxe, hitz-erdirik gabe, piszinara jaurti ninduten. Hotz-hotza zegoen ura, baina buruz behera jausi nintzenez, zerbait ikusi nuen hondoan. Kostatu zitzaidan hartzea.
Karta bat zen, oso bitxia: neska bat lehoi bati ahoa irekitzen. Eta azpian idatzita, LA FORCE, indarra frantsesez. Badakit apur bat, aitak irakatsita, Baionakoa delako.
Ondoren, dendara itzuli ginen Xerpa eta biok, kanpineko errotuluaren argitan: MENDI MAGIKOA.
3. MENDI MAGIKOAN
Txangoa egingo dugu.
—Xan —diotsat aitari—, nora joango gara?
Bide bihurri bat seinalatu du mapan.
—Ea lortzen dugun Zerukobaso izeneko toki honetara iristea.
Oinez hasi gara, martxa onean.
Karle hemen balego, loreak batuko lituzke. Amonak, berriz, irakurtzen emango luke eguna eta patata-tortilla izango luke prest bueltarako. Bion falta daukat, baina gabezia hori ez da zulo bat, barruan eraman ezin dudan burdinazko bola bat baizik.
Xerpa, gure aurretik, taldetxo batengana arrimatu da, bi gizon eta mutiko bat. Mutikoak atzera begiratu duenean, hozkirria sentitu dut, hain ditu begi tristeak.
Joan eta joan egin gara.
Maldetan zaldiak dabiltza bazkan eta, gure eskuinetara, errekatxo bat doa, urrezko belo bat dirudiena udazkeneko hostoak daramatzalako azalean.
Basora sartu, eta adartxoen krakada entzun dugu gure boten azpian.
—Hamaiketakoaren ordua! —abisatu digu Nereak.
—Ados —erantzun du Xanek.
Aspaldi honetan, nire gurasoak beti egoten dira ados. Izan ere, «Zer da haserrea? Poxpolo errea». Hala esaten zuen amonak. Nire ustez, nekatuta daude barrutik, neu bezala.
Buruko mina daukat, baina ez diet esango.
4. MUNDUAREN KARTA
Hamaiketakoaren ostean, Nerea argazkiak egiten aritu da eta Xan perretxiko bila. Xerpa eta biok, orbelarekin olgetan.
Halako batean, irrintzi bat entzun dugu. Zaldi beltz bat dabil pagadian, mantso-mantso. Xerpak eta biok jarraitu egin diogu pendizan behera.
Ez dago xendarik, baina ez du inporta, bazter hau aparta delako: txoriak erreka zabalaren ertzetan, harritzarrak goroldioz estalita, eta bi harriren artean... Beste karta bat!
Bigarren karta hau ere bitxia bezain ederra: neska bat biluzik, zapi batekin erdi estalita, eskuan giltza bat duela. Eta azpiko letrak, LE MONDE, mundua. Eta hara non burua jaso dudanean, ez dut, ba, ikusi errekaren beste aldean...
—Karle!
Lorez eginiko koroa bat dauka eta keinuak egiten dabil, beragana joateko. Hada txiki bat ematen du.
—Banoa! Itxaron! —eskatu diot, botak kentzen hasita, ura zeharkatzeko.
Sartu ditut oinak uretan. Eta bat-batean, norbaitek heldu dit gerritik, gogor.
—Ez, Nora! Geldi! Ez!
Xan da. Ezin naiz mugitu: amorru bizian nago.
—Utzi! Karle dago han! Begira!
Baina nire ahizpa desagertu egin da.
Zaldi beltza galopan doa basoan barrena eta Xerpa, zoro-zoro, atzetik zaunkaka.
5. LANBROA
Gurasoek sekulako errieta egin didate:
—Okurritu ere ez horrelako balentriarik!
Haien ustez, irudimenak engainatu nau. Nik, ordea, baietz, Karle ikusi dudala errekatik hara, ikusi eta ez ikusi, bizkor-bizkor gertatu baita dena.
Nereak eskua ipini dit bekokian, ea sukarra dudan.
Burumakur goaz bueltan kanpinerantz, gurasoak sustoagatik eta ni sermoiagatik.
Inguruan ardien txintxarriak aditzen dira, baina lanbroa sartu da, lanbro umel lodia, eta ez dugu txintik ikusten.
—Agudo! Galdu egingo gara bestela!
Pagadirik ez. Errekarik ez.
Ez dakigu norantz jo eta arriskutsua da itsuka ibiltzea, amildegiren batetik jausi nahi ez badugu.
Tenperatura beheraka doa. Gure adorea ere bai.
—Eta oihu egiten badugu? —proposatu dut—. Baliteke baten batek entzutea.
Beraz, garrasika hasi gara, gauden tokian kieto.
—Laguntzaaa! Galduta gaudeee! Eeee!
Orduan, bi txamarra agertu dira, bata gorria eta bestea berdea, itsasontzietako argiak legez. Goizean ikusi ditugun bi gizonak dira.
—Borda bat dago hortxe bertan. Zatozte.
Eskerrak topatu gaituzten. Eskutik helduta abiatu gara.
6. HERIOTZAREN KARTA
Bordako atea zabaltzean, sua ikusi dugu piztuta. Goizeko mutikoa mahaia ipintzen zebilen, astiro-astiro: ogia, urdaiazpikoa, intxaurrak, txokolatea eta sagarrak.
—Hemen Beñat, gure semea.
Begirada tristeagorik…
Pentsatu dut lagunak izaten hasteko, egokia izan daitekeela sekretu bat konpartitzea. Horregatik, nagusiak kontu-kontari dabiltzan artean, nire bi kartak erakutsi dizkiot: LA FORCE eta LE MONDE.
Aho-zabalik geratu da.
—Nik ere topatu dut karta bat! —esan dit totelka, poltsikotik aterata.
Beñaten karta nirea baino askoz itsusiagoa da: eskeleto bat, kapa beltz batekin. Izena, LA MORTE, heriotza.
Hala ere, istriputik hona gauza arraroak gertatzen zaizkidanez, ez naiz espantuka hasi.
—Nor demontre ote dabil paraje hauetan kartak galtzen? —galdetu diot Beñati.
—Auskalo, baina ez dauka batere graziarik.
Eta txanoa kendu du bere buru soildua erakusteko.
Txistua irentsi dut. Orain badakit zergatik dagoen Beñat triste, zergatik den hain delikatua, bai hizketan, bai mugimenduetan: gaixorik dago.
Lasto gainean lo egingo dugu, zorro-zorro, nik behintzat: jende gehiegi gara hemen Bisitari Mutuak etortzeko.
7. ARIMARBOLA
Oker nengoen: ez dut begirik bildu. Burmuinean katigatuta neuzkan hiru kartak: la force, le monde eta la morte.
Bordako leihotik argia sartu denerako, Xerpak aurpegia miazkatu dit. Beñat kanpoan da jada. Beragana joan naiz. Harri zuriek azukre-koxkorrak dirudite belar motzaren gainean.
—Gauza bat ikusi nahi? —galdetu dit—. Ez dago urrun.
Puska batean ibili eta arboladi batean sartu gara. Orduan, zerbait zoragarria gertatu da.
Eguzkia, adarren artetik irristatu, zuhaitz bat argitzen ari da. Zuhaitz bakana da, bai horixe, zintzilik baititu giltzak, eraztunak, ispiluak, bufandak, liburuak, musika-tresnak, jostailuak eta beste gauza asko.
—Erreparatu enborrean itsatsitako paperei.
Gutun-azaltxoak dira: Sara, 68 urte; Josetxo, 43 urte; Irati, 4 urte…
—Mezuak dira, hildakoentzako mezuak.
O! Utziko nieke nik ere mezu bana Karleri eta amonari, nire barruko pisuaren berri emateko.
—Norbait daukazue hemen ala? —galdetu diot Beñati.
—Ez… baina agian neu egongo naiz laster.
Hain lasai esan du, zastada bat sentitu dut.
—Ez pentsatu hori.
Baina arrazoi du: inoiz ezin da jakin, inork ezin du jakin.
8. AZTIAREN KARTA
Arimarbolari begira gaude, isilik. Haizeak zurrumurru bat dakar… Amonaren ahotsa!
—Non zaude? —hasi naiz galdezka, aztoratuta—. Irten, ez jolastu ezkutaketan!
Beñatek besotik heldu dit, lasaitzeko:
—Gurasoak dira, Nora, guri deika.
Bai, noski, amona urtegian geratu zen eta. Ez da goxoa sentipen arraro hauekin bizitzea.
Bordara itzuli, eta agur esan diogu elkarri. Beñatek-eta gorantz jarraituko dute. Kementsua da benetan.
Gu, txiri-txiri, kanpinerantz berriz, harik eta zabalune batean baseliza batekin topo egin dugun arte. Artzain zahar bat dago kanpoan eserita.
—Egun on! —egin digu diosal agureak—. Egingo didazue mesede bat? Herren nago eta… Txiki, beteko didazu ontzi hau hor beheko iturrian?
Jakina baietz.
Eta han joan naiz, Xerpa ondoan, txoko polit-polit bateraino.
Haitz baten zulotik isurtzen da ur-xirripa, begi batetik malkoa bezala. Putzu bat ere badago, eta landare baten gainean… karta bat: gizon bat mahai baten aurrean, makilatxo batekin. Zer karta da? LE MAGE, aztia.
Geroxeago, artzainak esan digu iturriaren izena Aingerubegi dela.
—Eta zurea? —galdetu diot.
—Ni Xalbador naiz. Urte askotarako.
9. ESNAERA
Hiru kartak poltsikoan ditudala, bagoaz mendian behera. Tximeletek kili-kiliak egiten dizkidate azalean.
—Nora! —entzun dut Xanen ahotsa—. Entzuten al didazu?
Eguzkiak gogor jotzen du eta zaila da begiak zabalik edukitzea. Bat-batean, aitak musu handi bat eman dit.
—Ospitalean zaude, laztana.
—Ospitalean? —mihia klaskatu dut, egarri naiz eta—. A, bai… Istripua… Urtegira erori ginen…
Aitak eta amak elkar besarkatu dute, esanez:
—Eskerrak! Ez du memoria galdu!
Memoria badaukat, bai gero, eta pisu handi bat ere bai, barruan: euri-zaparrada, ur beltzak, suhiltzaileen kamioia, anbulantziaren argi urdina…
Medikuak esan du orduan:
—Orain, atsedena. Borroka latza egin duzu asteburu osoan, hil ala bizi. Oso indartsua zara.
—Baina Karle… —hasi naiz zotinka.
Aitak galdetu dio medikuari:
—Xalbador doktorea, emango diozu Norari bisitak hartzeko baimenik?
—Bai, baina asko nekatu gabe.
—Eta Xerpa? —galdetu dut, nire txakurrarekin gogoratuta.
—Nor da Xerpa?
Antza denez, Xerpa neuk asmatu dut «lo» egon naizenean.
—Oso izen polita da txakur batentzat —kontsolatu nau amak—. Goi-mendietako espedizioetan xerpak izaten dira gidariak.
10. AZKEN KARTA
Galdera mordoa egin dut. Gutxika-gutxika, ulertzen ari naiz.
Istripua pasa den ostiralean izan zen. Zorionez, autoa uretatik kanpo geratu zen eta inor ez zen ito. Nik kolpe txarra hartu nuen, hori bai, eta hirugarren egunean esnatu naiz.
Beste hitz batzuetan, «mendi magikoa» nire buruak asmatu du trauma gainditzeko. Eta ni esna nengoelakoan!
Horregatik hainbeste euri, eta piszina, eta erreka, eta ibai, eta iturri eta...
Horregatik Bisitari Mutuen erasoa.
Horregatik Beñat lagun asmatuak emandako lezioa.
Horregatik Karle eta amona kukuka ikustea.
Horregatik artzainaren izena Xalbador izatea, medikuaren izena.
Horregatik hainbeste «gauza arraro».
—Baina bada oraindik ere ulertzen ez dudan kontu bat, kartena —esan dut, buruari eraginez.
Amona sartzen ari da gelan.
—Zer karta diozu, Noratxo? Hauek?
Eta poltsatik karta sorta bat atera eta nire ohe gainean zabaldu du. Halaxe gogoratu naiz amonak esan zidala tarot-ikastaro bat egiten ari zela, autoan gindoazenean.
—Ea, proba egingo dugu. Hartu bat.
Beraz, nire buruak «mendi magikora» eraman zuen dena?
Azken karta hartu dut: gurpil bat.
—LA ROUE DE FORTUNE, zoriaren gurpila! —hasi da amona, barrezka—. Bizitza mugimendua da eta! Aurrera beti.
Karta bikaina niretzat momentu honetan.
Barruan neukan pisua desagertu egin da, erabat.