Amaren bila

Alaine Agirre

BAT

Baziren behin, basoaren bihotzean, Untxi Ama eta Untxi Txiki. Zulotxo batean bizi ziren, zuhaitz zahar baten magalean. Adar, harri eta hostoak bilduta eraiki zuen etxetxo hura Untxi Amak bere kumetxoa jaio orduko, epelean eta babesean egon zitezen.

—Egon zaitez hemen, Untxi Txiki, ni jatekoaren bila noan bitartean —esan zion Untxi Amak, haizeak orbela astintzen zuen goiz batean.

Untxi Txikik baietz egin zion belarriekin, gorantz eta beherantz, baietz.

Handik tarte batera, baina, haizea entzun zuen kanpoan, uluka, eta belarriak atera zituen zulotxotik, zer adituko: Uuuuuu… Uuuuuuuuuuu…

Handik beste apur batera, begiak atera zituen Untxi Txikik, zer ikusiko: hosto pila bat, dantza zoroan, zirimola batean.

Handik gutxira, sudurra atera zuen, zer usainduko: udazkeneko perretxikoak eta gaztainak.

Eta, konturatzerako, zulotxotik kanpo zegoen, bera osorik: bai belarri, bai begi, bai sudur; orbelaren atzetik jolasean. Salto, korri, jolas! Salto, korri, jolas!! Salto, korri, jolas!!!


BI

Halako batean, puuuuutz eta puuuuuuuuuutz egin zuen haizeak haserre, eta Untxi Txiki txilipurdika erori zen aldapa batean behera, bola borobil bat eginda.

Zutik jarri Untxi Txiki, eta, bere ilean bildutako adaxka eta hosto zatiak kentzeko astinaldi bat eman eta gero, konturatu zen bere zulotxotik urrun zegoela. Ingurura begiratu zuen, eta den-dena orbelez estalita ikusi zuen: orbela hemen eta orbela han.

Ezinezkoa zen bere zulotxoa non zegoen asmatzea!

Ez zuen inondik ikusten bere zuhaitz zaharraren magala!!

Galduta zegoen!!!

—Ama, amaaaa…! —hasi zen oihuka Untxi Txiki, baina inork ez zion erantzun—. Non zaude, ama?

Orduan bururatu zitzaion haizeak jakingo zuela non zegoen bere ama, leku guztietatik ibiltzen baita beti haizea, mendian gora ausart zein belar artean fin. Itaun egin zion:

—Haize-haizea, non dago nire amatxo maitea?

Eta haizeak erantzun zion:

—Uuuuuu… Uuuuuuuuuuu…

Eta Untxi Txikik ez zuen jakin uuuuu luze horrek zer esan nahi zuen: hur esan nahi ote zuen ala urrun.


HIRU

Negarrez hasteko zorian zegoen Untxi Txiki, Untxi Ama inon agertzen ez zela eta. Lainoen artean ezkutatu zen eguzkia, eta basoa ilundu egin zen.

Orduan, hots bat iritsi zitzaion Untxi Txikiri gertuko zuhaixka batetik, eta korrika hurbildu zen, bere ama hostoen artean topatuko zuelakoan, ezkutaketan jolasten.

—Zu ez zara nire ama! —kexatu zen Untxi Txiki, bere ama beharrean, kattagorri bat ikusi zuenean, lurpean ezkurrak ezkutatzen.

—Ez, baina izango naiz zure ama, nahi baduzu —erantzun zion Kattagorriak, jostari.

—Ez… nik neurea nahi dut, ez beste inor —esan zion Untxi Txikik, erdi triste, erdi haserre.

—Nahi duzu ama bilatzen laguntzea? Enborretan gora egin dezaket eta adarrez adar salto egin, nire amonak dio zirkurako balio dudala. Goragotik begiratuta, agian, topatuko dut. Nolakoa da zure ama?

—Bi belarri luze dauzka.

Baina, eukalipto altuenetara igo eta haritzen adar bihurrienetatik ibilita ere, ez zuen Untxi Ama ikusi Kattagorri bibote-ttentteak.

—Lasai, Untxi Txiki, Hontzari eskatuko diogu laguntza, ez da ni bezain arina eta abila, baina hegoak dauzka eta are goragotik begiratu ahal izango du.


LAU

Hontza lo-zurrungaka ari zen pago baten puntaren puntan, gau osoa ehizan ibili eta gero eguna lo ematen baitzuen.

—Ez egin lo, mozolo! —deitu zion Kattagorriak, eta hontza asaldatuta esnatu zen.

—Eee? Zer gertatzen da? Zergatik esnatu nauzue??? —esan zuen Hontzak, Kattagorriari eta Untxi Txikiri bekozko okerrez begira.

Untxi Txikik belarriekin tapatu zuen aurpegia, erdi beldurrez, erdi lotsaz. Baina Kattagorria ez zen erraz ikaratzekoa, eta, biboteak tentetuta, Hontzari esan zion:

—Aizu, ez izan alferra eta lagundu Untxi Txikiri bere ama bilatzen, basoan galdu da eta.

Mar-mar egin zuen Hontzak bere artean, baina gero, pentsakor jarrita, galdetu zion Untxi Txikiri:

—Nolakoa da zure ama?

—Bi belarri luze eta sudur ttipi bat dauzka.

Hasperen egin zuen Hontzak bere artean, baina gero, hegoak astinduz, hegan atera zen zuhaitzetatik gora. Hala ere, nahi bezain gora igo arren, ez zuen Untxi Ama inon ikusi.

—Hemen goian ez dago Untxi Amarik! —egin zuen oihu Hontzak hegoak astindu bitartean—. Basakatuari galdetuko diogu.


BOST

Untxi Txiki kezkatuta, Kattagorria kantu-kantari eta Hontza aharrausika, Basakatuaren bila abiatu ziren. Ibilaldi luzea egin zuten, gutxi gorabehera ehun zuhaitz utzi zituzten atzean, bat, bi, hiru, lau… eta ehun; azkenean, Basakatua topatu zuten arte.

Pinubola batekin jolasean zebilen, hankatxo batetik bestera pasatuz, miau eta miau, pinubola hortzen artean sartuz, miau, pinubolaren gainera salto eginez, miau-marramiau

—Zu al zara Basakatua? —galdetu zion Hontzak, nagiak atera bitartean, oraindik guztiz esnatu gabe.

—Bai, baina nahiago nuke katua bakarrik banintz, eta ez basakatua —erantzun zion Basakatuak—. Basoko basakatuek hotza besterik ez dugu pasatzen, eta frijitu gabeko saguak jatea beste erremediorik ez daukagu. Aldiz, etxeko katuek latako sardina goxoak jaten dituzte, eta berogailuaren parean pasatzen dute eguna.

—Etxeko katu bat alferra eta lodia da, eta ezingo liguke lagundu Untxi Txikiren ama bilatzen. Zuk, aldiz, ikusmen zorrotz eta hanka indartsu horiekin, baietz topatu Untxi Ama! —esan zion Kattagorriak, Basakatuari adorea emanez.

—Nolakoa da zure ama? —galdetu zion Basakatuak Untxi Txikiri, laguntzeko prest.

—Bi belarri luze, sudur ttipi bat eta bi hortz zorrotz dauzka.


SEI

Untxi Txikiren eskaria entzun bezain laster, beste hitz erdirik esan gabe eta pinubola atzean utzita, ziztu bizian abiatu zen Basakatua. Inguruko zuhaitzetatik zazpi hosto erori ondoren bueltatu zen, baina ez zekarren Untxi Ama berarekin.

—Basoa zeharkatu dut, eta ez dago zure amaren arrastorik, Untxi Txiki.

—Adarretatik, airetik eta lur gainetik begiratu dugu —esan zuen Hontzak, pentsakor, esnatzen hasi balitz bezala—; lurpetik begiratzea falta zaigu.

—Goazen, ba, Satorrarengana!

Untxi Txiki, Kattagorri bibote-ttentte, Hontz lotia eta Basakatu otzana, laurak batera abiatu ziren Satorraren bila.

—Irakurle amorratua da Satortxu.

—Inork enbarazurik ez egiteko lurpean egoten da beti, irakurtzen.

—Hainbeste irakurrita, ikusmena gastatu zaio.

Hori dena kontatu zioten Untxi Txikiri, sator-zulo bakoitzean begiratzen zuten bitartean.

—Satortxu? —egiten zuten oihu, zulo bakoitzean burua sartuz—. Hor al zaude?

Halako batean, zulo batetik betaurreko handi batzuk zeramatzan sator txiki bat atera zen.

—Zer nahi duzue? Beti enbarazuan! Irakurtzen ari nintzen!


ZAZPI

Satorra haserre zegoen arren, beren asmoa gogoratuta, errespetuz hitz egin zioten animaliek.

—Barkatu, Satortxu, baina zure laguntza behar dugu —esan zion Hontzak.

—Untxi Txikik bere ama galdu du —oraingoan Kattagorriak.

—Begiratu zenezake lurpean dagoen, faborez? —azkenik Basakatuak.

Satorrak zalantza egin zuen.

—Mesedez… —eskatu zion Untxi Txikik, belarriak tolestuz.

—Ondo da. Nolakoa da zure ama?

—Bi belarri luze, sudur ttipi bat, bi hortz zorrotz eta isats biribila dauzka.

Hori entzun bezain pronto, zuloan barrena sartu zen Satorra, lurpeko bideak arakatzera. Eguzkia goi-goian zegoen jada. Bueltatu zenean, horrela esan zien Satorrak, betaurrekoak ondo jartzen zituen bitartean:

—Zure ama ez dago lurpean.

Untxi Txiki goibeldu egin zen, gero eta kezkatuago. Leku guztietan begiratu arren, ez zegoen Untxi Amaren arrastorik. Orduan galdetu zuen Satorrak, bihozbera:

—Begiratu duzue ibaian? Igelak lagunduko digu.

Errekarantz abiatu ziren Untxi Txiki, Kattagorria, Hontza, Basakatua eta Satorra. Eta bat-batean… «Kroak!» entzun zuten.


ZORTZI

Han zegoen Igela, ibaiko harri baten gainean, tripa eta masailak handi, ahoa zabal irekita korroskadak bota eta bota:

—Kroak! Kroooooooak! Kro-kroak!

—Igela, zure laguntza behar dugu!

Istorio osoa kontatu zioten, eta Untxi Txikiri laguntzeko prest agertu zen Igela:

—Gehiegi bazkaldu dut eta enpatxua daukat, kroak, baina, hala ere, lagunduko dizut, kroooooak. Nolakoa da zure ama?

—Bi belarri luze, sudur ttipi bat, bi hortz zorrotz, isats biribila eta ile leun-leuna dauzka.

Ibaian behera abiatu zen Igela, korroskadaka, Untxi Amaren bila. Eguna iluntzen hasia zen, bueltatu zenerako.

—Harrien eta igebelarren azpian begiratu dut, eta ez dut zure ama aurkitu. Ibaiaren hondoko algen artetik ere ibili naiz, eta hor ere ez zegoen zure amaren arrastorik. Arrainei, dortokei eta karramorrei galdetu diet zure ama ikusi duten, eta ezetz.

Kattagorriak Hontzari begiratu zion, Hontzak Basakatuari, Basakatuak Satorrari, Satorrak Igelari, eta gero guztiek batera Untxi Txikiri. Basoko zoko-moko guztietan begiratu zuten: adarren artetik, lainoen erditik, lur gainetik, lur azpitik eta ibai barrutik, eta inon ez zegoen Untxi Amaren arrastorik. Eguzkia ezkutatzen ari zen, eta Untxi Txikik ez zekien ez ama non zegoen, ez etxera nola itzul zitekeen.


BEDERATZI

Untxi Txikiri hasperen txiki bat atera zitzaion, gero arnasestu bat, eta azkenean malko potolo bat. Negarrak zotin bihurtu ziren, zotinak intziri, eta, intziri horrek deituta, haizea hasi zen ziztuka. Haizearen ziztua ulu bihurtu zen, eta ulu horrek deituta, basoko orbel guztia hasi zen dantzan: hosto sikuak saltoka, orri lehorrak jauzika, adaxka iharrak jirabiraka.

Haize bortitzak izututa, uretara joan zen Igela, lurpean ezkutatu zen Satorra, harkaitz baten atzean gorde zen Basakatua, zuhaitz baten puntan babestu zen Hontza, eta arbola baten zuloan sartu zen Kattagorria.

Untxi Txiki bakarrik gelditu zen haize-zurrunbiloaren bihotzean, belarriekin ahal zuen moduan babestuz bere gorputz txikia, hotzez dardarka, negarrez zotinka, izu-ikarak hartuta.

—Amaaaa, amaaaa!!! –egin zuen oihu, nahiz eta jakin bakarrik zegoela.

Eta haizeak erantzun zion:

—Uuuuu! Uuuuuu!!!

Denak galdua zirudien. Bat-batean, ordea, hosto-zirimolaren artean bi belarri luze ikustea iruditu zitzaion. Irudipen hutsa? Belarrien azpian, sudur ttipi bat sumatu zuen ondoren. Bere imajinazioa? Belarriak eta sudurra baino beherago, bi hortz zorrotz antzeman zituen. Dena fantasia? Eta belarrien, sudurraren eta hortzen atzean, isats biribil bat erdi-ikusi zuen. Egia ote zen?


HAMAR

Untxi Txikik zirimolaren erdian sumatutako izaki hark, bi belarri luze, sudur ttipi bat, bi hortz zorrotz eta isats biribilaz gain, ile leun-leuna zeukala ikusi zuenean, orduan konturatu zen, inongo zalantzarik gabe, nor zen haizeak ekarri zion hura.

—Amaaaaaa!!!! —esan zuen aldarrika Untxi Txikik, eta harengana egin zuen korri.

—Nire txikiaaaa!! —eta hori esanez, Untxi Amak besarkatu egin zuen bere kumea, besoekin, hankekin eta belarri luzeekin—. Nire kumetxoa, nire untxi txikia.

—Zure bila ibili naiz… leku guztietan: adarren artetik, lainoen erditik, lur gainetik, lur azpitik eta ibai barrutik. Eta ez zaitut inon topatu!

—Basoak bere magia dauka, eta berak erakutsi dit zugana iristeko bidea.

Errieta egin beharrean, musu eman zion amak kumeari muturrarekin eta sudur ttipiarekin. Eta eskutik helduta, beren zulotxorantz abiatu ziren biak.

—Goazen etxera, txiki. Ikusiko duzu ze afari goxoa daukagun gaur!

Eta Untxi Txikik bere isats biribila mugitu zuen, pozaren pozez.


Hala bazan eta ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila...? Mantangorriren plazan.

top