Zorriarena
1
Jolasa hasi aurretik, ama edo aita eta makurtzen dena nor izango diren erabakiko da. Ama —gure adibidean ama izango da— eseri egingo da, eta beste laguna, berriz, makurtu, amaren magalean burua jarrita. Makurtuta dagoenak begiak itxiko ditu, bizkar gainean zer egingo dioten ez ikusteko moduan.
2
Amak erabakiko du zer seinale erabiliko duten hatzekin. Lau aukera daude:
- EZPATA: hatz erakusle bat altxatuta.
- GURAIZEAK: bi hatz erakusleak elkar gurutzatuta.
- IGITAIA: esku baten lau hatz —potoloa ez beste guztiak— elkartu, eta pixka bat okertu eskuaren barnealderantz.
- SARDEA: esku baten lau hatz —potoloa ez beste guztiak— ondo ireki eta ondo luzatu.
3
Jolasean hasi zain dauden beste partaide guztiak hiru metrora jarriko dira, zutik. Banan-banan, makurtuta dagoenarengana hurbilduko dira, eta erabakitako seinalea egingo diote bizkarrean. Adibidez, amak ezpata erabaki badu, jokalari bakoitzak hatz erakusle bana jarriko dio bizkar gainean, eta hasierako tokira itzuliko da. Horrela, denak pasatu arte.
4
Amaren eta makurtuta dagoenaren arteko elkarrizketa egingo da, abestiaren bidez:
Ama: «Zer duzu golkoan?».
Makurtua: «Ziztada dut lepoan».
Ama: «Nork egin dizu min? Nork egin dizu min?».
Makurtua: «Zorriak ezpatarekin...».
Esaldi horretan, makurtuta dagoenak asmatu egin behar du zer seinale egin dioten bizkarrean: ezpata, guraizeak, igitaia edo sardea.
5
Makurtuta dagoenak asmatzen badu zein den bizkar gainean irudikatu dioten tresna, orduan amak hau abestuko dio:
«Ba ekarri belarritik».
Makurtuta dagoena altxatu egingo da, eta gainerako jokalarien atzetik abiatuko da norbait harrapatzera. Harrapatutako laguna belarritik eramango du amarengana, eta, hurrengo txandan, harrapatutako horrek jarri beharko du makurtuta. Lehen makurtuta zegoena, berriz, ama izango da.
Makurtuta dagoenak irudikatutako tresna zein den asmatzen ez badu, hasieratik errepikatuko da jolasa.
DATUAK
- Partaide kopurua: gutxienez 4 (hobe gehiago).
- Adina: 4 urtetik aurrera.
- Materiala: ezer ez.
- Espazioa: edozein.
- Iturria: Euskal jolasen bilduma II, Urtxintxa eskola