Txorro morro
1
Jolas honetan parte hartuko duten guztiak bi taldetan banatuko dira. Beste lagun bat epailea izango da, eta pareta edo zuhaitz baten kontra zutik jarriko da. Bi taldeen artean zozketa egingo da erabakitzeko ea astoarena zeintzuek egingo duten eta zeintzuek egingo duten salto.
2
Astoarena egiten dutenen artean, lehen jolaskideak burua makurtu eta agintariaren hanken artean jarriko du. Beste taldekide guztiak ilaran jarriko dira, burua aurrekoaren hanken artean sartuta.
3
Beste taldekoek banan-banan astoen gainean salto egingo dute. Lehenengo saltokariak agintariengandik ahalik eta gertuen geratzen saiatuko dira, atzetik datozenei tokia uzteko.
4
Azpian daudenek saltokarien pisua jasan ezin badute eta erori egiten badira, berriro hasieratik hasi beharko dute. Salto egiteko garaian ere arau batzuk bete behar dira: salto egin ondoren ezin da oinekin lurra ukitu. Astoen gainean daudenek ezin dute hanka azpian daudenen gorputzaren azpian sartu. Tokia utzi behar da taldekide guztiek salto egiteko.
5
Saltokari guztiak astoen gainean daudenean, lehenengo saltokariak eskuaren hatz bat erakutsiko dio epaileari. Epaileak astoen taldeari galdetuko die:
«Txorro, morro, piko, tallo, ke».
Azpian daudenek asmatu egin behar dute zein den saltokariak erakutsitako hatza. Hatz bakoitzak izen bat dauka:
- Hatz potoloa: txorro.
- Hatz erakuslea: morro.
- Hatz luzea: piko.
- Hatz nagia: tallo.
- Hatz txikia: ke.
6
Azpiko taldeak gainekoek erakutsitako hatza zein den asmatuz gero, jolasa hasieratik errepikatuko da, baina taldeen eginbeharrak aldatuta; asto izan direnak saltokari izango dira. Asmatzen ez badute, berriz, dena hasieratik errepikatuko da ezer aldatu gabe.
DATUAK
- Partaide kopurua: gutxienez, 5 (hobe, gehiago).
- Adina: 6 urtetik aurrera.
- Materiala: ezer ez.
- Espazioa: nahiko toki zabala.