Txakur bat

Jolaskideak binaka jarriko dira, eta, abestia kantatuz, eskuez jarraian azalduko ditugun mugimenduak egiten saiatuko dira. Bikotea elkarri begira jarriko da, eta kantatzen hasi aurretik eskuak gora eta behera astinduko dituzte esaldi hau esanez: «Txa-kur-bat-e-ro-si-dut». Ondoren, abesteari ekingo diote. Hauek dira egin beharreko mugimenduak:

1

Eskuin eskuarekin lagunaren eskuin eskua jo.

2

Norberaren bi eskuekin txalo egin.

3

Ezker eskuarekin lagunaren ezker eskua jo.

4

Norberaren bi eskuekin txalo egin.

5

Eskuin eskuarekin lagunaren ezkerrekoa jo eta ezkerrarekin lagunaren eskuinekoa (biak batera).

6

Eskuin eskua zeharka jarrita (atzamarrak ezkerrera begira) goialdean eta ezkerrekoa ere zeharka jarrita (atzamarrak eskuinera begira) beheko aldean, lagunarenak jo.

7

Eskuin eskuarekin lagunaren ezkerrekoa jo eta ezkerrekoarekin lagunaren eskuinekoa (biak batera).

Mugimendu hauek errepikatuko dira, abestia bukatu arte. Abestia bukatu denean, berriro hasiko dugu jolasa, baina oraingo honetan «txakurra» esan beharrean «katua» esango dugu eta, ondorioz, katuaren soinua egingo: «Miau, miau, miau». Horrela behin eta berriz errepika daiteke abestia, animalia asko aipatuz.

ABESTIA

Txa-kur-bat-e-ro-si-dut
txakur bat erosi dut
zaun, zaun, zaun
merke azokan
zikina zegoen (e)ta
zikina zegoen (e)ta
sartu dut baineran
zaun, zaun, zaun, zaun
txakur bat erosi dut
merke azokan
zaun, zaun, zaun
txakur bat erosi dut
merke azokan
zaun, zaun.
Katu bat erosi dut
miau, miau, miau...

DATUAK

  • Adina: 4 urtetik aurrera.
  • Kopurua: Gutxienez, 2 lagun.
  • Materiala: Ezer ez.
top