Katean
1
Harrapaketa jolas honetan, taldekide bat harrapatzaile arituko da, eta beste jokalari guztiak harrapatu beharko ditu. Horretarako, oso garrantzitsua da jolas eremuaren mugak aurretik ondo zehaztea.
2
Betetzen dagoenak norbait harrapatuz gero, eskutik helduko dio, eta aurrerantzean biek harrapatu beharko dituzte beste jokalariak. Hirugarrena harrapatuta, berdin egingo dute: hau da, eskutik heldu, eta besteen bila joan. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, kate luze bat osatuko da. Jokoa jokalari guztiak harrapatutakoan bukatuko da, eta lehen harrapatutakoari betetzea egokituko zaio hurrengo txandan.
Beste modu batzuetara ere jolas daiteke. Honako aldaera honetan, jokalariak ezin dira atzeraka joan. Normalean, etxe baten inguruan jolasten da. Harrapatzailea noranzko batera abiatzen da, eta beste guztiak
kontrakora.
Katea paretara lotuta ere joka daiteke. Norbait harrapatuz gero, harrapatutakoa pareta ukitzen duela jarriko da. Beste bat harrapatutakoan, lehenengo harrapatutakoari eskua eman beharko dio, kate bat osatuz. Harrapatu gabe daudenek katea osatzen dutenak aska ditzakete katea ukituz gero. Baldintza bakarra, lehenengoa pareta ukitzen egotea. Guztiak harrapatutakoan bukatzen da jolasa. Jokalari asko badira bi edo hiru harrapatzaile izenda daitezke.
DATUAK
- Adina: 5 urtetik aurrera.
- Kopurua: Gutxienez, 7; hobe, gehiago.
- Materiala: Ezer ez.
- Espazioa: Kalea edogela zabala.