Kaian nabil
1
Bi ilaratan aurrez aurre ipiniko dira jokalariak. Beste lagun bat sardina saltzailea izango da, eta bi ilaren artean biribilketan arituko da, otarre bat buru gainean duela antzezten. Bitartean, txaloka eta abesten hasiko dira ilaretan daudenak.
2
«Erosi nahi al dituzu?» esaldia abesterakoan, sardina saltzailea ilaretako haur baten aurrean jarriko da, eta elkarrizketa hau izango dute:
Sardina saltzailea: «Erosi nahi al dituzu?».
Aukeratutako haurra: «Bai».
S. s.: «Zenbat?».
A. h.: «Hiru» (nahi duen zenbakia esango du).
S. s.: «Tori, bat, bi eta hiru» (otarretik hiru sardina eman dizkiola antzeztuko du).
A. h.: «Zenbat da?».
S. s.: «Bi euro» (nahi duen kopurua esango du).
A. h.: «Tori, bat eta bi» (dirua emateko keinua egingo du).
3
Ondoren, sardina saltzaileak eta aukeratutako lagunak besotik helduko dute elkar, eta erdian biribilketan arituko dira, ilaretan daudenek txalo jotzen eta abestiaren bigarren zatia abesten duten bitartean.
4
«Orain, tori otarrea zuretzat» esan, eta sardina saltzaileak aukeratutako bikotekideari emango dio otarrea –edo hori antzeztuko du, behintzat–, eta ilara batean sartuko da, «eta ni banoa, agur» esanez. Otarrea duen laguna hasieratik hasiko da.
5
Elkarrizketan badago ezezko erantzuna ematea. Hau da, «erosi nahi al dituzu?» galdetu, eta «ez» erantzun daiteke. Hori gertatuz gero, sardina saltzaileak abestia hasieratik errepikatu beharko du, sardinak beste bati saltzeko.
ABESTIA
Kaian nabil, sardinak
saltzen
otarra buru gainean
dudala
kaian nabil, sardinak
saltzen
erosi nahi al dituzu?
(Elkarrizketa)
Ba goazen biok batera
dantzara
tralai laila tralai la.
Orain, tori otarra zuretzat
eta ni banoa, agur.
DATUAK
- Adina: 3 urtetik aurrera.
- Kopurua: Gutxienez, 5 lagun –hobe gehiago–.
- Materiala: Ezer ez –benetako otarrea erabil daiteke edo otarraren funtzioa beteko duen zerbait: karpeta bat...–.