Ipurtargia parrandan
1
Bi taldekide gomaren barnean kokatuko dira, hankekin gomari eutsiz. Horrela, goma bi aldez osatuta geratuko da: eskuineko aldea (A goma) eta ezkerrekoa (B goma). Beste jolaskideak, banan-banan gomaren gainean eta inguruan mugimendu jakin batzuk egin behar dituzte abestia abesten duten bitartean.
2
Honako mugimendu hauek egin behar dira:
Ipurtargia parrandan a zer nolako itxura: esaldi honekin, A goma bakarrik erabiliko dugu urrats hauek egiteko:
1) Eskuineko hanka sartu eta goma hankan kiribildu.
2) Ezkerreko hanka eskuineko hankaren aurretik jarri, gomaren barruan sartu eta, hanka honekin gomari eutsiz, eskuineko hankaren atzera eraman, A gomaren gainetik pasatuta.
3) Eskuineko hanka A gomaren gainetik pasatu, kanpora aterata (biribilduta helduz beti), eta ezkerreko hankarekin gauza bera egin.
4) Eskuineko hanka berriz A gomaren gainetik pasatu eta gomen artera sartu.
5) Eskuineko hankako biribildua askatu.
Kateorratza sudurrean eta ipurdian tatuajea: esaldi honekin, mugimendu berak egin behar dira, baina oraingo honetan B goman.
3
Abestiaren beste zatietan urrats berak egin behar dira, baina batzuetan B gomarekin hasiko gara eta A gomarekin, berriz, besteetan.
ABESTIA
Ipurtargia parrandan,
a zer-nolako itxura,
kateorratza sudurrean
eta ipurdian tatuajea.
Kilkerra ez da txukunagoa,
hau da hau bere piura,
tatuajea handiagoa,
ez zaio ikusten sudurra.
Ipurtargia parrandan,
kilkerrarekin dantzan,
trikitixa, rock and rolla,
hip hop, ska eta txa-txa-txa.
DATUAK
- Adina: 7 urtetik aurrera.
- Jokalari kopurua: gutxienez 3.
- Materiala: goma.
- Iturria: Euskal Jolasen Bilduma (Urtxintxa).