Intxaurretara
1
Jokalari bakoitzak intxaur batzuk edukiko ditu. Jolasean hasi aurretik, botatzen lehena nor izango den aukeratu behar da. Horretarako, lurrean marra bat margotu behar da, eta jokalari guztiek pauso batzuetara marraztuko den beste marra batetik intxaur bana ahalik eta gertuen uzten saiatuko dira; hori bai, ezin da marratik pasatu. Jolas honi «puntutan» aritzea edo jolastea deritzo. Gertuen uzten duena Intxaurreta jolasean botatzen lehena izango da.
2
Lurrean bi marra margotuko dira; batetik bestera utzi lau bat metro. Jokalari bakoitzak intxaur bat jarriko du marra baten gainean —edo, horrela adostuz gero, intxaur bat baino gehiago—.
3
Intxaur guztien erdian, beste fruitu txikiago bat jarri beharko da. Fruitu hori urra, ezkurra, poxpolina edo intxaur txiki bat izan daiteke. Txikiago den horri «kiskine» deritzo. Intxaurrak eta kiskine marraren gainean kokatuta daudenean, jokalari guztiak beste marraren atzean jarriko dira eskuan intxaur bana dutela.
4
Helburua da eskuan duten intxaurrarekin marraren gainean dauden intxaurrak jotzea eta marratik ateratzea. Marrako intxaurrak jota marratik ateratzen badira, jo dituenak irabaziko ditu intxaur horiek. Kiskine marratik ateratzea lortzen duenak marran dauden intxaur guztiak bereganatuko ditu.
DATUAK
- Adina: 4 urtetik aurrera.
- Jokalari kopurua: gutxienez, 2 jokalari.
- Materiala: Intxaurrak eta fruitu txiki bat (urra, ezkurra, poxpolina...).
- Iturria: Euskal Jolasen Bilduma (Urtxintxa).