Gurutzeko txingoa
1
Sei laukiz osatutako gurutze moduko bat marraztu behar da lurrean. Lauki bakoitzari batetik seirako zenbaki bat dagokio. Seigarren laukiaren gainean biribil erdi bat margotuko dugu, eta zerua izena jarriko diogu. Jolasean hasi aurretik, jokalarien txanden ordena erabaki behar da. Harri bat jaurti eta marra jakin batetik gertuen uzten duena izango da lehenengoa.
2
Lehendabiziko jokalariak harri bat hartuko du, eta lehendabiziko laukitxora botako du. Harria laukitxo barruan geratzen bada, marrarik ukitu gabe, jokalari horrek jarraituko du jolasten. Hanka baten gainean, bigarren eta hirugarren laukitxotik pasatuko da. Gero, laugarren laukitxoan eskuineko hanka jarriko du, eta bosgarren laukitxoan, ezkerrekoa –une berean–. Horren ondoren, hanka baten gainean pasatuko da seigarren laukitxotik, eta bi hanken gainean iritsiko da zerura. Han, salto bat eginez, buelta emango du, eta itzulerako bideari ekingo dio.
3
Bigarren laukitxora iristean, lehenengo laukitxoan dagoen harria hartuko du, eta abiapuntura itzuliko da, jauzi bat eginez. Bide guztia marrak zapaldu gabe eginez gero, berriro harria botatzeko aukera izango du, baina bigarren laukitxoan utzi beharko du, gero hirugarrenean eta abar.
4
Jolasa honela errepikatuko da laukitxo guztietan harria utziz. Laukitxo guztiak egin ondoren, jokalaria zeruan jarriko da, atzera begira, eta bizkar gainetik harria botako du. Lauki baten barruan eroriz gero, lauki horrek bere izena izango du aurrerantzean. Beste jokalariek ezingo dute laukitxo hori zapaldu jabeari baimena eskatu gabe. Laukiak lurrean margotu ordez, makilak jarriz ere jolas daiteke, laukiak eginez. Harririk gabe, jokalariak txingoka pasatuko dira laukietatik, eta, azkeneko laukira iristean, makilatxo bat hartu behar da, eta abiapuntura makilatxoa eskuan harturik itzuli. Lurreko makilarik ukitu gabe, berriro abiatuko da beste makila bat hartzeko. Horrela errepikatuko da jolasa, makila guztiak bukatu arte.
DATUAK
- Adina: 4 urtetik aurrera.
- Kopurua: Mugarik gabe.
- Materiala: Harri bat.
- Espazioa: Zoru gogorra.