Errolan Sanson Biriketon

1

Jolasean parte hartuko duten guztien artean hiru lagun aukeratuko dira. Bat Errolan pertsonaia izango da, beste batek Errolanen lehiakidearen papera antzeztuko du (gure adibidean Mikel izango da) eta, azkenik, hirugarrenak, agintariarena egingo du.

Pertsonaia hauek aukeratzeko, zozketa abestitxo hau erabiliko da:

Errolan Sanson Biriketon ton ton.

Aukera egin ondoren, hiru lagun hauek zutik jarriko dira jolastokiaren alde batean, eta beste jokalari guztiak jolastokiaren izkin batean eseriko dira hauei begira.

2

Agintariarena egiten duena eserita dauden lagunengana hurbilduko da, eta, jolasaren abestia abesten duten bitartean, harri txiki bat ezkutatuko du haietako baten eskuetan. Eserita daudenek eskuak belaunen gainean elkartuta edukiko dituzte. Errolan eta Mikelek ez dute sumatu behar harritxoa noren eskuetan ezkutatuta dagoen.

3

Harritxoa ezkutatuta dagoenean, Errolan eserita daudenengana hurbilduko da, eta harritxoa nork duen asmatu beharko du. Asmatzen badu, harritxoa zuen laguna berarekin eramango du. Asmatzen ez badu, Mikelen txanda izango da.

4

Mikelek Errolanek egindako gauza bera egin beharko du. Eseritakoengana joango da, eta harritxoa nork duen asmatzen saiatuko da. Asmatuz gero, lagun hori Mikelekin joango da.

5

Jolasa behin eta berriro errepikatuko da, eserita dauden guztiak Mikelen edo Errolanen taldean sartu arte. Bukaeran «sokatira» berezia egin behar da. Zubiri-zubiri jolasean bezala, taldekide guztiak elkarri gerritik helduta jarriko dira, eta talde bakoitza bestea bere eremura erakartzen saiatuko da.

ABESTIA

Errolan Sanson Biriketon
asma ezazu non dago(e)n
(Mikelen) txandan hor konpon
Errolan Sanson Biriketon

DATUAK

  • Partaide kopurua: gutxienez 5 (hobeto gehiago).
  • Adina: 4 urtetik aurrera.
  • Materiala: harritxoa.
  • Iturria: Euskal Jolasen Bilduma (Urtxintxa).
top