Bat, bi, hiru, eguzki

1

Jolasa hasi aurretik, zotz egiteko jolas baten bidez aukeratuko da nor geldituko den. Jokalari hori pareta baten kontra jarriko da, besoekin begiak estalita dituela. Beste jokalari guztiak paretatik hamar bat metrora jarriko dira, jolasa hasteko. Paretaraino iristea izango da helburua.

2

Gelditu denak «bat, bi, hiru, eguzki» esango du, eta bira egingo du beste jokalariei begiratzeko. Beste guztiak aurrera mugituko dira, gelditu denak «bat, bi, hiru, eguzki» esaten duen bitartean. Baina, esaldia bukatzen denean, geldi-geldi egon beharko dute, besteak mugitzen ikus ez ditzan. Izan ere, mugitzen ikusiz gero, atzera itzuli beharko dute. Paretara iritsitakoan «eguzki!» esan beharko dute, eta pareta ukitu.

3

Denak paretaraino iristen direnean, gelditu denari hatzetatik helduko diote. Horrek «eguzki!» esango du, eta, hori entzundakoan, beste guztiek korrika alde egingo dute. Gelditu denak bidean norbait harrapatzen badu, harrapatzen duen hori geldituko da hurrengo txandan.

DATUAK

  • Adina: 3 urtetik aurrera.
  • Kopurua: Gutxienez, bi –hobe gehiago–.
  • Materiala: Ezer ez.
  • Iturria: Euskal jolasen bilduma (Urtxintxa).
top